Euskonews Gaztea

167 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak nazioartean: Bestelako New York

Noemi GONZALO-BILBAO
Itzulpena: Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe

New York pelikulen hiria da. Sallyk Harry aurkitu zuen bertan, hiriak Spiderman jaiotzen ikusi zuen, eta Aitajaunaren jarraitzaileek menperatutako lurraldea izan da. Bai hiriagatik eta baita Robert de Niro edota Sarah Jessica Parker moduko izarrengatik, ingelesez taxista nola esaten den –taxi driver– badakigu, eta Manhattanera iritsi aurretik bertako boutique onenak ezagutzen ditugu.

  NY
Argazkia: Noemí Gonzalo Bilbao

Halere, badaude oraindik film eta telesaioek erakusten ez dituzten toki ezezagunak. Edozein turistak onek, hiriko eraikin handi eta enblematikoak bisitatu behar ditu: Empire State, Crysler eraikina, liburutegi publikoa, estazio zentrala, Washington Square, Nazio Batuen eraikina, Brooklyn zubia, Wall Street ...

Baina denbora librea geratzen zaien, edota behin baino gehiagotan New Yorkera etorri diren eta berton bizi garenok egiten dugun moduan hiriaz beste modu batean gozatu nahi duten bisitariak ere badira. Beraientzako, gida turistikoetatik kanpo geratzen diren tokiak daude, eta jarraian aipatuko ditugu batzuk.

Williamsburg. Brooklyneko alderik mendebaldarrenean, Manhattanetik metroz hiru minututara dagoen eta tendentzia markatzen duen auzune nagusienetarikoa da. Bertan komunitate ezberdinekin egingo dugu topo: italiarra, dominikarra, puertorricarra eta judutar jasidikarra, azken hau hegoaldean kokatua.

Argazkia  
Williamsburg. Argazkia: Angellote

Auzoa “abentura newyorkearra” bizi nahi duten gazteak erakartzen dituen iman handi bat da, dela arropa fabrika edota biltegi zaharretan eraikitako “loft” batean bizi nahi dutenentzako, edota igerileku zahar batetan egiten den kontzertuaz eta tokiak ematen duen akustika onaz gozatu nahi duten pertsonentzako, zein film baten barruan moduan sentitu nahi direnentzako erakargarria. Horrez gain, indie rock eta hipster kulturen tendentzia berri mordoa aurkituko ditugu Bedford Etorbidean; honek, asteburuetan bizitasuna eskuratzen du, batez ere uda sasoian.

New Yorken bizi ez den pertsona bati bitxia suertatzen zaio 300 metrotan zer nolako erraztasunarekin eraldatzen diren zonaldeak, eta Williamsburg ez da salbuespena. Auzunearen iparraldea “hippy berrien” erdigune alternatiboa da; hegoaldean aldiz, komunitate judutar jasidikoa nagusitzen da, eta horrek, tradizio ultra–ortodoxoak gailentzen direla esan nahi du. Bi zonaldeak zortzi etxadik banatuta daude soilik, eta halere, bisitariak hiri ezberdin batetan sartu dela sentitu dezake. Hamar minutuz ibilita, minigonatik, janzkerari dagokionez pentsaezinezko zorroztasunera igarotzen da tokia. Astean zehar, gizonezkoek kolore beltzezko zaku luzeak eta beltz argi edo tindua galduta diruditen kapelak janzten dituzte, aurpegi alboetako ile–kiribilak ikusgai utziz. Baina Shabat (larunbat) egunetan, zetazko zaku beltzak eramaten dituzte soinean, bekishe ezagunak eta ezkondutako gizonek shtraimel izeneko larruzko kapelak janzten dituzte. Guzti horregatik, interesgarriagoa da turista batentzako udako larunbat batetan bertaratzea, New Yorkeko bizimodu alternatibotik, judaismo jasidiko tradizionalera dagoen muturreko aldaketa esperimentatzeko. Hala, turistak “kontrasteen hiria” lehenengo eskutik ezagutzeko parada edukiko du.

  Argazkia
New Yorkeko tabernarik zaharrena. Argazkia: flickr4jazz

Mc Sorley’s Old Ale House. Taberna hau elkargunea, literatur saiakeren gai edota Gorte Nagusian eztabaidagai izan da. New Yorkeko tabernarik zaharrena da –denbora jarraian irekita urte gehien daramatzana. 1854an inauguratu zuten, eta Abe Lincoln edo John Lennon moduko pertsonaiek bertako ateak gurutzatu zituzten garagardo bat edateko. Leku enblematiko hau gainera, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren borrokaren testigu izan da. Faith Seidenberg eta Karen DeCrowek Gorte Nagusietara eraman behar izan zuten euren kasua leku honetan sartu ahal izateko: duela 40 urte izan zen, 1970ean, emakumeei Mc Sorley’s Old Ale House tabernara sarrera baimendu zitzaien aurreneko aldia.

Burlesque Shows. Ikuskizun burleskoak –antzerki entretenimendu umoristikoa, parodia edota gehiegikeria groteskoa zein stripteasa hartzen ditu bere baitan– berpizkundea ematen ari dira New Yorken, XX. mende hasiera giroa imitatuz. Orokorrean, bertara joaten den jendea artearen munduarekin erlazionatutako gazte heldua izaten da; azpimundu bitxia da zenbait turistentzako, baina New Yorkeko gau–giroan guztiz onartuta dagoena. Espektakulu hauek oso ezberdinak dira beraien artean, eta edukiari zein preziori dagokionez, desberdintasunak aurkituko ditugu (10 dolarretatik hasi eta 200 dolarretarainoko sarrerak). THE BOX da egun modan dagoen tokia, eta bertara sartzea ez da erraza. www.theboxnyc.com

Jazza. Jazzaren maitaleentzako toki preziatua da “sagar handia”. Hiriak taberna, antzoki eta bestelako elkargune ugari ditu bisitariak trago bat hartu bitartean jazz musikarien zuzeneko doinuekin gozatu ahal izateko. Poltsiko gehienentzako eskura dauden toki ezagun askoren artean, Blue Note Jazz Club, Birdland Jazz Club, Jazz Standard, Jazz at Lincoln Center, Smalls Jazz Club, Zinc Bar eta Fat Cat daude.

  Jostailua
Jostailuen ospitaleko bezeroa izan zen argazkiko panpina. Argazkia: gailf548

Jostailuen ospitalea. Non aurki genezake jostailuentzako ospitale bat New Yorken ez bada? Toki hau leku turistikoetatik urruti geratzen da, baina jostailuen zaleentzako leku bitxia da. Irving familiak 1900etik panpinak eta peluxeak konpondu eta saldu ditu. Ospitale honetan mahai gaineko ebakuntzek ez daukate arrisku handirik eta gainera, heldu ugariren ilusioa konpontzen dute, asko baitira gaztaroko jostailuei bigarren aukera emateko asmoz, bertara jotzen duten pertsonak. Lexington Ibilbideko 787an dago eta gomendagarria da bost minutuko bisitaldia halako xarmadun lekuek oraindik ere tokia dutela ikusteko.

Cotton Club. Jende askok ez daki nondik ezagutzen duen toki hau, zergatik agertzen den pelikuletan edota liburuetan, ezta benetakoa edo fikziozko zerbait den. Cotton Club existitzen da eta historia berezi bat dauka, Hollywooderako aproposa, eta jaiotzen ikusi zuen hiriarekin lotura berezia dauka. Harlemen kokatutako gaueko klub bat da eta Lege Lehorraren garaian famatu bilakatu zen, ezen urte horietan ia inolako zailtasunik gabe zabalik jarraitu baitzuen. Gainera, garaiko artista afroamerikar onenek interpretatutako jazz musikagatik zen ezagun. Bitxikeria gisa, ikuskizunetako protagonistak interprete beltzak izan arren, kolore horretako hiritarrei galarazi egiten zitzaien Cotton Cluberako sarrera. Jack Johnson boxeolari txapeldunak 1920an Club de Luxe izenarekin ireki zuen aretoa. Baina hiru urte beranduago, Owney Madden Manhattaneko alkohol trafikatzaile eta gangster famatuak Sing Sing segurtasun maila altuko kartzelan preso zegoenean bere egin zuen kluba eta berak eman zion Cotton Club izena. Hala, bere historia izugarriak jarraitu zuen, harik eta gaurko kluba bilakatu den arte. Nahiko toki lasaia da, espektakulu ezberdinak eskaintzen dira, eta esaterako, bisitariak bruncha (gosari–bazkaria) dastatzeko eta gospel show bat entzun bitartean jateko aukera bikaina dauka.

‹‹Testua, jatorrizko hizkuntzan ikusi››
Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com