Euskonews Gaztea

167 zbk.

Gaiak

Sup eta surf, Durangotik

ZUTUNDU
Sup eta surf eskola

Zutundu Surf eta SUP Eskola sortu dute Durangon Txomin Magdalena durangarrak eta Oier Illarramendi zarauztarrak. Dakitela hauxe da “lehorreko” herri batean martxan ipintzen den horrelako lehenengo eskola.

  Argazkia

Eskualdeko surfzale eta surflarien bilgune bihurtu nahi dute. Surfa bere adiera osoan hartuta, eremu guztietan eragingo duen olatu konstantea izan nahi dute: ikastaroak antolatuz, surflariei aholkularitza eskainiz, ikastetxeekin harremanak sortuz... Surfaren kultura txertatu nahi dute Durangaldean, “eskaria egon badagoelako”, Magdaleneren ustez. Baina, “Zertarako surf eskola bat Durangon?” galdetuko du batek baino gehiagok: “Pentsatzen ipinita ez da hain harritzekoa. Zarauztik Anbotora etortzen diren modu berean joaten gara hemengoak kostaldera. Badago surfaren inguruko halako mugimendu bat eta hori bateratu nahi dugu”.

Eskolak eta gehiago

Surf eta SUP eskolara batzen direnen artean taldeak sortuko dituzte jakintza mailaren eta bestelako irizpide batzuen arabera. Esaterako, surfaren gaineko lehenengo nozioak jaso eta, apurka–apurka, abilezia hobetzeko aukera eskainiko diete hasi berriei; edo badabilen bati, bere jarduna bideoan grabatu eta zer eremutan hobetu dezakeen erakutsiko diote. Eskainiko duten abaniko zabalaren adierazgarri, dagoeneko nahiko gorpuztuta duten ekimen batek surf & english du izena. Irakasle ingeles batek surf ikastaroa eskainiko du, baina ingelesez bakarrik: “Herrian batzen zaituenetik ingelesez hitz egingo dizu, surf ikastaroa barne, beraz, 3–4 ordutan ingelesa eta surfa praktika daitezke aldi berean”, azaldu du Magdalenak.

Shop

Webgunean surfaren inguruko materiala salgai ipiniko dute: taulak, neoprenozko jantziak, gehigarriak... askotariko produktuak erosi ahalko dira, prezio irisgarrian.

SUP

Zutundu ez da surf eskola bakarrik, surf eta SUP (Stand Up Paddle) eskola baino. Modalitate honek adinaren zein abileziaren trabak ezerezten ditu, edonork praktikatu dezakeelako. “AEBetan fama itzela du eta Europan errotzen dabil orain. Iraultza bat izango da, seguru gaude”, dio Magdalenak. Arraun baten laguntzaz eta normala baino taula zabalagoaren gainean, Urdaibain, laku batean zein itsasoan lasai ibiltzeko aukera eskaintzen du, ahalegin berezirik egin beharrik gabe. Beraz, kirol aproposa da familia giroan arratsalde bat pasatzeko zein ezkondu aurreko agur egunetan ekimen berezi eta berri bat egin nahi duenarentzat.

Informazio gehiago:
www.zutundu.com
www.facebook.com/zutundu