Euskonews Gaztea

166 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak nazioartean: Idaho, euskaldunen lurra

Izaskun KORTAZAR

Idahok 1.430.000 biztanle ditu gutxi gora behera, eta haietariko 202.000 Boisen, hiriburuan bizi direlarik. Boise izenak frantsesez basoa esan nahi du; Boise zuhaitzez beteta dago eta hori dela eta izen hau jaso zuen. Guztira 214.000 km 2 betetzen ditu. Estatuko ibairik luzeena Snake da eta hiriburua zeharkatzen du. Idahoko ibaiak oso onak dira rafting egiteko. Estatuko mendirik altuenak Borah du izena eta 12.662 oin ditu edo 4.000 metro inguru. Estatuko lorea syringa da, zuhaitza pinu zuria; zaldia, Appaloosa, dantza, square dance; mendiko txoria, bluebird;harribitxia, garnet eta arraina, cutthroat amuarraina.

Meriwether Lewis eta William Clark esploratzaileek aurkitu zuten 1805–1806an; garai hartan Oregon estatuko parte bat zen eta 1846an Oregonetik banatu zen. Idahoko Lehenengo biztanleak Mormoiak edo LDSak izan ziren, 1860ean. Garai hartan urrea aurkitu zuten Orofino ibaian eta asko zuzendu ziren Idahorantz urrearen bila baina urrea amaituta, mamu herriak edo “ ghost town” utzi zituzten haien atzean soilik.

  Craters of the Moon
Craters of the Moon. Argazkia: Alascan Dude

Europako zuri gehiago etorri ziren Idahora 1870.ean eta ondorioz Nez Perce, Bannock (Idahon aspaldian bizi ziren natiboak) eta etorkinen artean gatazkak egon ziren, natiboak haien lurrak galtzen ari ziren eta. Gaur egun, populazioaren %91 zuria da, %1.4a bakarrik da natiboa eta % 0.4a berriz, beltza da.

Meategiak oso inportanteak dira Idahon eta AEBen artean nagusienetako bat da zilar, kobalto, zink, merkurio, fosfato... kopurutan. Nekazaritza ere oso garrantzitsua da, AEB osoko pataten 1/4 Idahokoa da eta. Sagarrak, artoa, garia eta abar ere ekoizten dira.

Idahok hamaika laku ditu eta leku askotako jendea erakartzen dute arrantza, kanpina, ur gaineko eskia eta bestelako ekintzak egiteko. AEBetan orein gehien dituen estatua da eta mundu osoko ehiztariak bertaratzen dira ondorioz.

Lekurik ospetsuena Sun Valley da. Haran honetan hainbat ospetsuk dute bigarren etxea (Demi Moore) eta eskiatu, golfean, igerian... egiteko leku aproposa da. Sun Valley hiru ordutara dago Boisetik.

  Argazkia
Shoshoneko urjauziak. Argazkia: fishermansdaughter

Bestalde, Idahok 30 parke ditu eta haien artean ospetsuenak dira: Craters of the Moon (labaz estalitako zonaldea kobazulo naturalak dituela), City of Rocks (Harri erraldoiek osatuta), Bruneau (dunak), Ponderosa State (iraupen eskia), Lucky Peak (presa eta igeri egiteko tokia), Coeur d’Alene (lakua), Hells Canyon (kanoia), Henry’s Lake (lakua), Shoshone (izotza barruan duen kobazuloa)...

Baina Mc Call, Sun Valley eta Coeur D’Alane dira oporretarako lekurik ospetsuenak. Mc Call Boisetik 3 ordutara dago iparralderantz eta lakua eta eskiatzeko tokia du. Sun Valley ekialdera joanda 3 ordutara dago eta eskiatzeko pistak ditu eta Cour D’Alane 8 ordutara dago iparraldera eta lakua du eta Ponderosa Parkea. Ordu batera berriz, Idaho City Old Western herritxoa.

Idaho da ur termal gehien duen estatua. Neguan jende asko joaten da bai egunez zein gauez bainatzera. Erdi–desertuko klima lehorrari esker ardo asko ekoizten da eta 35 ardotegi daude. Idahoko biztanleak oso kirol zaleak dira, ondorioz, eskiatzeko pista asko egoteaz gain bizikletaz zein oinez ibiltzeko bide asko daude estatu osoan zehar.

Boiseri dagokionez, asko dago egiteko. Udan zehar larunbatetan nekazarien azoka dago produktu ekologikoez gain, artisautza ere baduena. Asteazkenez Alive After Five musika kontzertua egiten da 5etan, kalean eta dohainik. Erreka txalupaz jaistea udako ekintza arrunta da. William Shakespeare Festival kanpoan egiten den antzerki ospetsua da eta belarretan eseri ahal zara eta zure etxeko janaria ekarri antzerkia ikusi bitartean afaltzeko. Hilabeteko lehen ostegunean ekitaldi asko daude eta museoak dohainik dira. Hainbat jai daude Boiseko parkeetan:Tour de Fat ( garagardoa jaia), Art in the park (artea), Soul festival ( hegoaldeko janaria), The New Recreation Festival, Music in the park ( musika jaia), San Inazio ( euskal jaia), See Spot ( txakurren ibilaldia), Highland games ( Eskoziako jaia), Jazz festival, Fall festival ( udazkenean), Winter games (eski leihaketak), Green Expo ( produktu ekologikoen erakusketa etxerako).

Kartzela  
Idahoko kartzela zaharra, Boisen. Argazkia: markhillary

Musika kontzerturako Knitting Factory eta Egypthian Theater daude. Antzerkirako Boise Little Theatre, William Shakespeare, Boise Contemporary Theatre eta beste batzuk.

Auzo bakoitzak parke bana du behintzat. Haien artean handienak dira: Ann Morrison, Julia Davis eta Anne Frank. Parkeetan tenisa, beisbola, futbola, voleyballa, fressbeea, horseshoea –ferrak botatzea– edota saskibaloian jolastu ahal da dohainik.

Honetaz gain, 400 jatetxe daude Boisen eta hainbat taberna musika zuzenean eskaintzen dutenak. Museoak ere ez dira falta: Basque Museum, Boise Art, Black History, Penitenciary (kartzela), Idaho History...

Kirolerako lekuak dira: Boise Burn Arena Football, Idaho Stampede Basketball eta Idaho Steelheads Hockey.

Boisek dauka euskaldunen kontzentraziorik handiena diaspora osoan. Hau da, ez dago herri edo hiririk euskaldun gehiago duenik km edo 2 km karratuan. Hau dela eta, euskaldunek garrantzia handia daukate Boisen. Estatuko idazkari ohia Pete Cenarrusa da, oraingo alkatea Dave Bieter da. Biak euskaldunak direlarik. Hauez gain, hainbat abokatu, enpresari... euskaldunak dira.

Euskal etxea, euskal museoa, euskal merkatua eta Gernika taberna eta Leku Ona jatetxeak osatzen dute Boiseko alde zaharreko euskal kalea. Lekuona eta Gernika ostatuetan, Euskal Herriko edari zein janariak dasta daitezke. Baita Merdianen dagoen Epi’s jatetxean ere. Basque Market izeneko dendan Euskal Herriko gaztak, urdaiazpikoak, arroz esneak, kroketak eta abar dastatzeko aukera dago.

Argazkia  
Boiseko Ikastola (2002)

Euskal museoan euskara klaseak ematen dira eta euskal kultura azaltzen zaie mundu osotik datozen bisitariei. Euskal Etxean Oinkariak dantzariek egiten dituzte haien entseguak, baita Txantxangorriak trikitixa eta pandero taldeak eta txalaparta klaseak ematen dira. Mus txapelketak eta Sheepherders eta San Inazio jaiak ospatzen dira. Hilero euskal afaria dago eta bingo gaua bertan egiten dira beste ekitaldiez aparte.

BSU unibertsitatean ere euskara ikas daiteke eta Basque Studies Programaren bitartez euskal kultura ikasi ahal da.

Boisen dago diasporako ikastola bakarra. Ikastolak 10 urte bete ditu eta aurrera jarraitzen du 3–6 urte bitarteko umeei euskara irakasten.

Bost urtetan behin euskal Jaialdia ospatzen da Boisen; 2010eko ediziora 30.000–40.000 pertsona espero dira. Uztailaren 27tik abuztuaren 1era izango da eta bertan euskal kultura zabaltzeko asmoz, “Euskal Herria mugaz gaindi” izeneko konferentzia burutuko da. Euskal Herritik hainbat dantzari, herri kirolari etab etorriko dira amerikarrekin batera euskalduntasuna ospatzeko. Aste honetan zehar musika, janaria, edaria eta dantza ez da faltako. Etorri Boisera gurekin batera Jaialdiaz gozatzera.

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
:: Nazioartea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com