Euskonews Gaztea

166 zbk.

Maria Uriarte eta Tomas Fernando
Maria Uriarte (Elorrio)

Bilbotartutako elorriarra da Maria Uriarte. Hezkuntza Bereziko irakaslea da, eta 20 urte daramatza ikusmen urritasuna dutenekin lotuta beharrean. Gainera, literatur zalea da betidanik eta esparru horrekin erlazionatuta, Etxegiroan proiektuko kideetako bat da, testuei ahotsa ipintzen diena, hain zuzen.
Tomas Fernando (Bilbo)
Bizkaiko hiriburukoa, 80ko hamarkadan sortutako Zer Bizio taldeko gitarra eta ahotsa izan zen. Urte luzeak gauez bizi ondoren, Soinu Teknikari ikasketak egin, eta gaur egun Etxegiroan proiektuan dihardu.

Elkarrizketa

Maria Uriarte eta Tomas Fernando. (Etxegiroan)
Jendeak literaturarekin gozatzea nahi dugu

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Testua eta argazkiak

Bilboko alde zaharrean, hiria isiltzen den unean, grabaketak egiteko unea iristen da Maria eta Tomasen etxera. Batzuetan haur, gazte zein helduei zuzendutako ipuinei ahotsa ematen diete, bestetan, kontakizun laburrak izaten dira hautatuak. Mariasun Landa, Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Grimm anaiak.. askotariko egileen obrak hartu dituzte sei urtetan zehar. Presarik gabe, testuak landu eta benetan gustuko dutena egiten aritu ondoren, teknologia berriak baliatu eta sarean zintzilikatu dituzte pilatutako lanetariko batzuk.

(Mahaiaren bueltan eserita, Maria hasi da Euskonews Gaztearen jakin–mina asetzen)

Ahotsa lantresna nagusia duzula aditu dute nire belarriek.

Halaxe da, bai! Hogei urte daramatzat itsuen arloan sartuta; hamar urtez aritu naiz beraientzako material didaktikoa prestatzen, bai braille erabiliz, erliebea, ahotsa... Orain aldiz, erlazio zuzena daukat ikasle itsuekin edota ikusmen urritasuna dutenekin. Eta gainera, Etxegiroan proiektuko ahotsa ere banaiz.

Etxegiroan diozula, uste dut nahiko urrats naturala izan dela proiektu honen sorrera.

Nik pentsatzen dut baietz. Azken finean ikasle horientzako materiala grabatzen hasi nintzenetik gauza ugari egin ditut ahotsa baliatuz: Baina etxean, beste mimo batekin eta beste zentzu bat emanez hasi nintzen gauzak egiten: lobek oheratzerakoan ipuinak entzun ahal izateko edo lagunei oparitzeko... Beti eduki dut honetarako grina, egia esan!

Tomas ezagutu nuenean, soinu teknikari ikasketak egiten ari zen; gainera, musikaria izandakoa da. Nik ordura arte eginikoak hartu eta txukundu egin zituen; gainera, elkarrekin gauza berriak egiteari ekin genion: Tas–Tas irrati librerako ipuinak edota euskara elkarteren batentzako solasaldi batzuentzako zenbait pasarte grabatu genituen... Iruditzen zait Etxegiroan eremu horretan ekitearen ondorioz jaio zela.

Eta sei urteko lanaren ostean, Interneten webgunea ireki genuen 2010eko apirilean. Hain zuzen ere, Osoitz Elkorobarrutia laguna programatzailea da, gure asmoa adierazi genion eta prest azaldu zen lan hori burutzeko. Hiru gara Etxegiroan egitasmoan, eta talde lana da gurea, zalantza barik. Orain, azpiko lana egiten gabiltza, dena atontzen. Datu basea dela, orrialdea... guztia hobetzeko asmoz gabiltza.

Lantzen dituzuen testuetara pasa gaitezen. Nola hautatu jorratzeko materiala?

Gustuko izaten ditudalako hautatzen ditut maiz, edota nire eskuetara iritsi direlako edota testu bati ahotsa ipintzeko eskaria egin didatelako. Halere, gustu eta zentzumenek garrantzia handia daukate ipuin, kontakizun labur eta bestelakoak hautatzerako orduan. Baina zalantzarik ez, zerbait esan behar didate idazki horiek, bete egin behar naute.

Ez du horrenbeste ardura autorea zein den, edukiari ematen baitiogu garrantzia; baditugu sari bat irabazi duten arren idazle ezagunak ez direnen testuak landuta, adibidez. Hori bai, kontakizun edo ipuinak laburrak izan daitezen ahalegintzen gara, neurri txikikoak.

Testua hautatu ostean, zein da jarraitzen duzuen prozesua?

Nire lanari dagokionez, testua lantzen dut. Hau da, eman behar diodan tonua edo tempoa zein den eta zer nolako erritmo aldaketak izan ditzakeen begiratu. Eta arauetan ere sakontzen dut, joskerak lantzen ditut, talde fonikoa, noiz egin gora eta noiz behera, berbaren bat garrantzitsua bada indarra ematen saiatu, ... Eta testu laburrak izaterakoan askoz errazagoa da hori guztia kontrolpean izatea. Audio–liburuak ere egiten ditugu baina horrek beste formatu bat daukate.

Eta noski, heldu edo haurrentzako testuak ez dira berdin kontatzen. Umeentzako ipuinak direnean esaterako, pertsonaiei garrantzia handiagoa eta gorputza eman behar zaie: bakoitza ahots edo ahoskatze berezi batekin interpretatzen saiatzen gara, onomatopeiak bilatzen... Elkarrizketa gehiago egoten dira eta tonu aldaketa eta ahots ezberdina ipiniz, umeak liluratuta geratzen dira. Helduen kasuan berriz, egoeran sartu eta horrekin mimetizatu egin behar da, topatzen duzun tonua baliatuz.

  Argazkia

Halere, garrantzitsuena, jendeari entzuten ari dena ikusteko, irudikatzeko denbora ematea dela esango nuke.

Eta noiz hasten da grabaketa fasea?

Guk testua markatzen amaitzerakoan aurreneko grabaketa egiten dugu eta ondoren kotxean entzuten dugu, edo ohetik jaikitzen garenean, edota sukaldean jatekoa prestatzen gabiltzala... Eguneko momentu oso desberdinetan entzuten saiatzen gara, batean edo bestean ernetasun maila ezberdina baitaukate gure belarriek. Azken finean, gure lantxoak edozein lekutan entzunak izateko sortu dira: hondartzan etzanda, umea altzoan duzula entzunaldi konpartitu bat egiteko, gosaltzen ari zarela...

(Hizketaldia Tomasen eremuan sartu –gogoratu, bera da proiektuko soinu–teknikaria–, eta gurekin solasean aritzera animatu da)

Tomas: Makina bat aldiz entzuten ditugu grabazioak tempoak doitzeko, adibidez, ezen grabatzen ari zarenean horretan murgilduta zaude buru–belarri, eta sukaldean edo kotxean zaudenean, beste modu batetara iristen da soinua zure belarrietara. Orduan, grabazioa etxetiarragoa bilakatzen saiatzen gara.

Maria: Bai, eta gure denbora hartzen dugu horretarako, ez pentsa! Akaso egun batzuk pasatzen dira materiala entzun gabe, baina hori dauka Etxegiroan proiektuak, guk nahi dugunean heltzen diogula eta nahi bestetan entzuten dugula. Ia ongi ulertzen den erreparatu, edo zerbait arraroa aurkitzen dugun, zenbaitetan erabilitako tonua ez da egokia izaten... Entzuleak edozein momentutan eroso entzun dezan saiatu behar gara. Ondoren berriro grabatzen dugu, aldaketak eginez. Eta berriz entzun.

Eta grabatu ostean, emaitzari desberdin begiratzen diogu, neu gustura geratzeko hitzei, testuei ematen diet garrantzia eta Tomasek aldiz, soinu–ezaugarriei erreparatzen die.

T: Bai, nik estrukturari, fisikoari begiratzen diot, egia da.

Ba edertasuna barruan dagoela esaten dute!

(Barre)

Bestaldik musika ere ipintzen diezue zenbait testuri.

T: Batzuetan guk sortzen dugu doinu hori eta bestetan berreditatuta daudenak izaten dira, eginda dauden melodiak hartu eta gure ukitua emanez. Noski, testua musikari egokitu behar zaio eta alderantziz. Neuk egiten dut musika, baina aukeraketa Maria eta bion artean egiten dugu.

M: Niri behintzat gehienetan, testuak berak eskatzen dit musika bat edo beste bat baliatzea. Gainera, testua barneratuta edukitzen dut, eta nire oroimenean gordeta ez dagoen doinu bat bada bila nabilen hori, nonbaiten topatu behar dut. Batzuetan aise aukeratzen dut eta Tomasek testuak eta melodiak erritmo bera ez dutela eta ezin dela erabili esaten dit! (barre)

T: Eta sarritan, testua eduki aurretik musika aukeratzen dugu, une batetan entzun dugulako eta zerbait egiteko egokia iruditzen zaigulako. Baina egia da inkontzienteki egiten dugun zerbait dela, taberna batetan gaudenean, edo irratian ematen ari diren kanta bat aditzean... Interesgarria baldin bada, Etxegiroanen erabiltzeko hautatzen dugu, nahiz eta ez dugun testua ezagutzen oraindik. Lanbidearen aje hori dugu hein batetan.

  Argazkia

Iruditzen zait zuen belarriak garatuago daudela...

M: Izan liteke; jendeak irudiari garrantzia ematen dion bitartean, egia da guk beti doinuari, hotsari ematen diogula inportantzia.

Egun, lehen bezala ipuinak kontatzen direla uste al duzue?

M: Nik pentsatzen dut baietz, oheratzerakoan gurasoek jarraitzen dutela kontatzen. Eta gure eskaintzarekin bai guraso eta baita haurrek ere entzuketa konpartitu bat egiteko aukera ematen diegu, gainera.

T: Nire iritziz, agian teknologia berriak direla–eta ohitura hori gutxituz joan da familietan eta guk baliabide berriak erabiltzen ditugu usadio horrek aurrera jarrai dezan, nahiz eta bide ezberdin batez.

M: Teknologia berriekin gainera gauza bitxi bat gertatzen da. Guk lanerako gure erritmoa daukagu, gauzak txukun egin nahian gure denbora hartzen dugu testuei forma eman eta zintzilikatzeko, presarik gabe jarduten dugu. Eta Internetek nolabaiteko abiadura ematen dio gure lanari, bat–batean munduko beste puntan entzuteko moduan baitaude.

Hasieran aipatu duzue audio–liburuak ere sortzen dituzuela.

M: Bai. Aurretik ere ONCErako egin izan ditugu audio–liburuak, ikusmen urritasuna dutenentzat edo itsuak direnentzako materiala sortuz. Ezin da esan berritzailea denik gure proiektu hau, ezen itsuek aspalditik kontsumitzen dute modu honetan literatura esaterako, egunerokoa dute. Halere, Etxegiroanen idazleak beraiek ipini izan ditugu euren testuak irakurtzen.

T: Norberak narratzaile bat daramagu barruan eta irakurtzen dugunean, idazlearen boza nolakoa den ezagutuz gero, gure barruko ahots hori idazlearen berdina izaten dela entzun nion norbaiti, eta ados nago.

Esaterako, Eduard Punseten liburu bat irakurri nuen, eta bere ahotsa zen narratzailearena. Noski, beti ez da posible izango, baina guk zenbait liburu audio formatuan ipini ditugu egileei eurei irakurketan grabatuz, eta posible balitz, liburua idatzitako toki berean, xarma kontuagatik. Balio erantsi bat dela iruditzen zait eta polita gainera, beraiek protagonista izatea.

Betetzeke geratzen zaizuen asmorik?

T: Gure helburua literaturarekin beste ikuspuntu batetik –modu erlaxatuan– kontaktuan egotea eta jendeari aukera hori ematea izan da, audio–literatura bidez.

M: Hori da, eta guk gozatzen dugun moduan, jendeak literatura berdin bizitzea nahiko genuke. Eta aurrerantzean ere, hala jarraituko dugu, presarik gabe, gure erritmoan, literatura jendeari gerturatuz.