Euskonews Gaztea

163 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak nazioartean: Paris ezezaguna

Josu GOÑI ETXABE

Paris iparraldeko auzoak ezagutzeko osteratxoa proposatzen dizuet hemen, Belleville muino ezezagunean hasi eta, jaitsi–igo batean, Montmartre muino ezagunean amaitzeko.

Goian (Belleville)

  Argazkia
Ahate erreak erakusgai txinatar jatetxe batean (Belleville). Argazkia: Josu Goñi.

Belleville Parisko bigarren muino garaiena da eta bertatik ikuspegi ederra dago, nahiz eta ez den turistarik ageri. Tontorretik hurbil, behinola mahastiz betea, Belleville parkea dago eta oraindik ere mahatsondo batzuk ikusten dira bertan. Izan ere, XIX. mendea arte Belleville ez zegoen Parisen eta paristarrak hona etortzen ziren ardo merkez mozkortzera, ez baitzuten hiriburuko zerga garestiak ordaindu beharrik. Garai hartan jende xumea bizi zen leku honetan. Egun ere, Parisko auzo xumeenetakoa da eta immigrante berrien bizileku: judu sefardiak, ipar–afrikarrak eta, batez ere, txinatarrak. Rue de Belleville, rue Denoyez eta rue du Faubourg du Temple kaleetan daude usainez eta kolorez beteriko janari saltokiak, ahate erre doratuak erakusleihoetan eta portzelanazko katuz beteriko apalak. Jatekoen artean bereziena “durian” fruta bitxia da, auzoko kale askori usain sarkorra ematen diona. Meloi baten tamainakoa baina arantzaz josia, azala kentzean gazta gozo eta ustelaren urrina sudurreratzen zaigu, botalarria eragiteraino. Baina kiratsa jasaten badugu, mami zaporetsuak ahoa gozatu eta egarria kenduko digu.

Behean (La Villette)

  Argazkia
“Antipode” ontzi gaineko tabernan (Villette). Argazkia: Josu Goñi.

Maldan behera eginez La Villette bulebarrera iritsiko gara. XVIII. mendean Parisko harresiak izandako bulebar honetatik mendebaldera joko dugu, metroaren 2 linearen ibilbidea jarraituz. Auzo honetan metroa airetik doa, ehun urte dituzten burdinazko zutabeek goratua. Nahi badugu, honen azpian babesturik dauden hainbat skate eta saskibaloi zelaietan partidatxo bat ikusi eta, agian, jokatzeko aukera izango dugu, metroa gure gainetik burrunban igarotzen dela.

Aurrerago, Stalingrad plazara iritsiko gara. Bertan erdi–erdian dago Ledoux arkitektoak egindako zerga etxea, XVIII. mendeko eraikin klasizista baina zilindro itxurakoa. Honen aurre–aurrean Bassin de La Villette kanal zabala dago, Napoleon Bonaparteak eraikiarazia 1808an, edateko urez hornitzeko asmoarekin. Bertako kaietan lotuak, txalupatzar ugari dago, orain bisitariei irekita daudenak: taberna, antzoki eta dantzaleku gisa. Antipode izenekoan sartuko gara, zurubia igo, barruko tabernan “Monaco” bat hartu (garagardoa, gaseosa eta granadina) eta ontzigaineko mahaitxoetan udako eguraldi ederraz gozatzeko.

Kaia utzi eta mendebalderantz joango gara, Goutte d’Or auzoan barna. Bi geltoki nagusien trenbideen artean dago auzo hau, eta Parisko zikin, arriskutsu eta exotikoenetakoa da. Afrika beltz jatorriko ile–apaindegiak, barazki ezezagunez betetako merkatuak eta kolore biziko oihalez jantzitako emakumeak ikusteko beta izango dugu. Gose bagara, Barbès–Rochechouart bidegurutze jendetsuan artaburu xigortu bat jateko aukera izango dugu.

Argazkia  
Parisko ikuspegia Sacré–Coeur elizatik ilunabarrean (Montmartre). Argazkia: Josu Goñi.

Goian (Montmartre)

Barbès bulebarrean gora egin eta Montmartre muinoaren oinetara iritsiko gara. Kalexka aldapatsuetan edo eskailera estuetan gora egingo dugu. Rue des Trois Frères kalean bada jatetxe ñimiño bat, aurrealde gorrikoa, Le Réfuge des Fondues izenekoa. Bertan Savoiako gazta fondue bat jateko aukera izango dugu, mahai gainean ipinitako eltze beroan ogi zatitxoak sartu eta gazta urtutan bustitzeko. Eta edateko, ardo zuria biberoian –bizitzan gutxienez behin egiteko esperientzia!

Afalostean, muinoaren tontorreraino igoko gara, Sacré–Coeur eliza zuri–zuria dagoen tokira. Harri berezi batez eraiki zen XIX. mendean, euriarekin bakarrik garbitzen den harri zuria. Horregatik, Paris osotik ikusten da, Montmartre gaineko itsasargi zuria bailitzan. Kondairak dionez, muinoa suitzar gazta bat baino zulatuagoa dago, lurrazpiko harrobiz josia, eta eliza honen zimentazioari esker oraindik zutik dirau. Horregatik zera esaten da, elizak eusten duela muinoa eta ez muinok eliza.

Egun malkartsua era lasaian amaitzeko, Sacré–Coeur aurrean dauden eskaileretan eseriko gara, Parisko teilatuen gaineko ikuspegiaz ilunabarrean gozatzeko.

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com