Euskonews Gaztea

161 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik XLV: Amezketatik Ikaztegietara

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Tolosaldea Gipuzkoako eskualdea da, eta udalerri ugari ditu bere baitan; gaurko txangoan hiru bisitatuko ditugu, eta gurekin etortzera gonbidatzen zaitugu.

Argazkia  
Santa Maria del Rosario elizako ataria, Amezketan.

Txindoki magalean

Fernando Amezketarra edota Pello Zabala moduko pertsonaia ezagunen jaiolekuan emango diogu hasiera gure hitzordu honi. Abaltzisketa, Orendain, Ikaztegieta eta Baliarrainekin batera Bozue –Ernio eta Aralar mendien gozamenerako udalerri ezberdinen komunitatea– Nagusiko parte da antzinatik.

Eta zer ikus dezakegu Gipuzkoako udalerri honetan? Ba eraikin erlijioso zein zibilak edukiko ditugu eskura; hala nola, San Bartolome parrokia –1547.urtean egiten hasi eta arrazoiak arrazoi 1706an amaitu ziren lanak– zein Ugarte auzoan atari erromanikoa daukan Santa Maria del Rosario eliza. Bestaldetik, arkitektura zibilari dagokionez, Jauregi Handi etxera gerturatzeak merezi duela aipatu, baita Fernando Bengoetxea Amezketa ezagunaren omenezko plazara joatea ere.

Atzean utziko dugu herria eta Alegia aldera joango gara, garai bateko Alegria de Oria moduan ere ezagun zenera. Ez da bere sortze data zehatza ezagutzen, baina nahiko zaharra dela ondorioztatu dute adituek. Tolosaren parte izatera igaro zen 1319ko urtarrilean. Denboraldi batez halaxe bizi izan ziren alegiarrak, harik eta 1454. urtean hiri titulua eskuratu zutenera arte. Hala eta guztiz ere, Tolosaren menpean geratu zen arlo kriminal eta zibila 1615.urtera arte.

Argazkia  
Alegiako Zubi–zaharra, eta udaletxea alboan.

Alegiak toki interesagarri ugari eskaintzen dizkigu bisitatzeko, hala nola, XVII. mendeko (1643) San Joan Bataiatzailearen parrokia; XVIII. mendeko udaletxeak estilo barrokoaren aztarnak mantentzen ditu; Zubi–zaharra... Azken honi dagokionez, Alegian 1983an eman ziren uholdeen ondorioz zati bat eraberritu behar izan zutela adierazi. Ezen udalerriak zenbait hondamendi jasan ditu bere historian, besteak beste suteak –1532an esaterako, Alegia ia osorik suntsitu zuen bat pairatu zuten– eta esan bezala, baita uholdeak ere.

Helmugara iritsiz

Amaitzen ari gara eta helmuga gertuago daukagu. Ikaztegietan izango da gaurko azken bisitaldia eta turismoa egiteko aprobetxatuko dugu beste behin ere. Hala, garai batean Tolosaren parte izan zen udalerrira iritsita –XIV. mendean elkartu eta XVII. mendean banatu zen– erdialdea bisitatuko dugu aurrena.

Hantxe harro, San Lorentzoko elizarekin egingo dugu topo; XVI. mendean hasi ziren altxatzen eta XVII. mendean amaitu zuten. Bestaldetik eta erdigunetik kanpo, XIX. mendeko Pilarreko Andre Mariaren ermita aurkituko dugu.

Tolosaldea apur bat ezagutzeko baliagarria suertatu zaizulakoan gaude. Baina ez da hemen amaitzen eta laster eskualdetik beste bisita bat egitera gonbidatuko zaitugu, merezi du eta!

Orain arteko ibilaldiak:
:: Bizkaia
:: Nafarroa
:: Gipuzkoa
:: Ipar Euskal Herria
:: Araba
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com