Euskonews Gaztea

159 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik XLIII: Bortziriak

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Bortziriak Nafarroan kokatutako eskualdea dugu. Honako herriek osatuta dago: Igantzi, Etxalar, Arantza, Lesaka eta Bera. Gaurko txangoa biztanle gehien dituzten bi udalerrietan burutuko dugu, hain zuzen ere, Beratik hasita, Lesakaraino joango gara.

  Bera
Berako Altzate auzoa.

Bidasoa ertzean

Bera bisitatuz hasiko dugu gaurko hitzordua. Historian zehar bere izenak aldaeraren bat edo beste eduki du; 1366ko dokumentu batzuetan Bera moduan izkiriatuta agertu arren, ondoren, Tierra de Bera (1565) zein Bera del Reino de Navarra (1622) moduan ere dokumentatua izan zen.

Beste hainbat herritan bezala, inkisizioaren eragina nabaritu zuen XVII. mendean Berak, eta zenbait biztanle sorginkeriaz akusatu zituzten salaketa faltsuekin. Erlijiosoak ere ez ziren seinalatuak izatetik libratzen, eta horren erakusgarria da Berako elizako Catalina Xopalda mojaren kasua.

  Agi?a
Agiñako monumentuak. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Utz ditzagun baina, garai gogor haiek atzean, eta abia gaitezen Bera hobeto ezagutzera, turismo pixka bat eginez. Udalerrian hainbat eraikuntza zibil eta erlijioso eder altxatu dira historian zehar, eta horietariko batzuk bisitatzeko probestuko dugu; gehienak XVII eta XIX. mendeen artean jasotakoak dira.

Zibilen artean, udaletxe barrokoa (1773); XVIII. mendeko Agirre Jauregia; Zelaia eta Larrunbe Etxea ikustera joan gaitezke. Gainera Pio Baroja idazle beratarrak (1872–1956), 1912. urtean Itzea etxea erosi zuen Altzate auzoan. Eraikin erlijiosoei dagokienez, San Esteban parrokia gotikoa (XVI) zein San Antonio Padua eliza neoklasikoa (1838) ditugu ikusgai.

Lesaka  
San Fermin jaiak Lesakan. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Lesakara

Bortzirietako bigarren herri handienera salto egin eta 6,5 kilometrotara dagoen Lesaka ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Tokiaren aurreneko aipamena Hondarribiko herriak 1203an foruak eskuratu zitueneko dokumentu batzuetan agertu zen. Baina historiaurrean ere bertan jendea bizi zela jakin badakigu, Agiña mendian trikuharriak baitaude. Toki berean, eskultura modernoagoak ere begiztatuko ditugu, hain zuzen ere, Aita Donostia kaputxinoaren omenezko Jorge Oteizaren artelana, eta Luis Velletek eginiko kapera.

Herritik bueltatxo bat ematera animatuz gero berriz, Lesaka bere osotasunean altxor arkitektonikoa dela ikusiko dugu. Estilo barrokoa duen udaletxea 1668an eraiki zuten erdigunean; Arretxea kalean XV. mendeko Zabaleta Dorrea begiztatuko dugu, –bitxikeria gisa, Independentzia Gerra deiturikoan, Wellington jeneralaren egoitza izan zen. Egurrezko egitura duen Bikariobaita (XVI–XVIII); San Martin de Tours eliza (XVI) edota San Anton ermita (XVI) ikusgarriak dira.

Bestalde, jaiak entzutetsuak ditu Lesakak eta urtero jende andana biltzen da bertan ondo pasatzeko gogoz; ziurrenik, Inauterietan eta San Fermin jaietan gerturatzen da bisitari gehien Bortzirietako herri honetara. Giro paregabean murgiltzen da herria guztien gozamenerako.

Beraz badakizu, festa giroa gustuko baduzu, egun anitz dituzu bertaratzeko; baina aitzakiarik ez da behar Bera eta Lesakaz gozatzeko!

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Gesaltza Añana
Balmaseda
Zerain eta Segura
Aretxabaleta eta Lasarte
Aretxabaletatik Urkulura
Garrüzetik Donapaleura
Iruñea zaharrean
Gasteizko Eraztun Berdea
Mendarotik Mutrikuraino
Azkaratetik Arrosara
Berriatua–Amoroto
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com