Euskonews Gaztea

158 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik XLII: Berriatua-Amoroto

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Bizkaian kokatuta dagoen Lea–Artibai eskualdeko bi txoko eder bisitatzera gonbidatzen zaitugu, eta hala, Berriatuan eta Amoroton geldialdiak egin eta zonalde horiekin gozatuz.

Berriatua  
Berriatuako Arantzibia dorretxea. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Historiaz inguraturik

Aspaldiko garaien oihartzunak entzuten dira Berriatuan; tokiaren aurreneko datu idatziei dagokionez, XII. mendean bertako parrokia, San Pedro eraiki zutenekoak dira. Halere, jakin badakigu, Goi Paleolito garaian dagoeneko gizon–emakume ugarik hautatu zutela ingurune horixe bizitzeko, ezen aro hartako aztarnak aurkitu baitzituzten Atxurra, Goikolau, Armina eta Lamina II.ko kobazuloetan.

Historia gehiago ere badauka Berriatuak. Esate baterako, Bizkaiko familia handi biren –Arancibia eta Adan de Yarza– arteko gatazken testigu izan zen XV. mendean behin baino gehiagotan; XVIII. mendean berriz –1795eko ekainaren 29an– herria erre zuten; eta 1937ko apirilaren 27an frankisten eskuetan erori zen.

Datuak datu, zer ikusi badaukagu herrian eta horretarako Erribera erdigunera zein auzo ezberdinetara –Asterrika, Madalena eta Merelludi– jotzea funtsezkoa izango dugu. Hala, Erriberan, estilo errenazentista duen San Pedro eliza aurkituko dugu; XVIII. mendeko Etxe Pintxu eraikina bere aurrealdeko pinturengatik da ezagun; XVI. mendeko Arantzibiako dorrea Magdalena auzoan dago eta Berriatuko eraikin esanguratsuenetariko dugu... Halere, hemen aipatu ez ditugun eraikuntza dotore ugari deskubritu nahi izanez gero, bertaratzea duzu onena.

Amorotora bidean

Behin Berriatua bisitatuta, hamalau kilometro ingurura dagoen Amorotora joango gara. Udalerriko lurretan zenbait kobazulo daude, eta horietariko batzuetan gainera, historiaurreko aztarnak aurkitu zituzten 1882an, Markina eta Lekeitio arteko bidea egiten ari zirela.

  Amoroto
Iturraran Bekoa (1784), Amoroton. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala),

Antzina, udalerria Lekeitioko Santa Maria parrokiaren parte zen arren, 1519. urtean bereiztea lortu zuen eta egun, lau azotan dago banatuta Amoroto: Elexalde (erdigunea izango litzatekeena) Ugaran, Urrutia eta Odiaga. Bisitatzea merezi duten eraikin ugari daude udalerrian sakabanaturik, batzuk etxebizitzak dira, besteak eraikuntza erlijiosoak, eta jarraian horien gaineko zenbait datu eskainiko dizkizugu.

Elizei dagokienez, XV. mendeko San Martin (Elexalden) aipatu beharko genuke eta XVIII. mendeko aurrealdea duela gaineratu. Bestalde, Odiagako Santa Barbara zein San Migel ermitek ere tokiko ondare erlijiosoa osatzen dute, auzo berean dagoen 1831ko hilerri neoklasikoarekin batera.

Baina erran bezala, ondare zibila ere handia da Amoroton; XVIII. mendeko estilo barrokoko eta XIX.eko etxebizitza neoklasiko asko eta asko aurkituko ditugu. Horien artean daude, Azubieta, Txakartegi, Urrutia zein Etxenauzia–Odiaga eraikinak.

Halere, Amoroto ingurune menditsuan aurkitzen denez gero, bazter horietako edertasunak kontenplatzeko mendi–buelta ematera joatea ohikoa da, eta Santa Eufami ermitaraino igotzen dira asko. Animatzen al zara?

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Gesaltza Añana
Balmaseda
Zerain eta Segura
Aretxabaleta eta Lasarte
Aretxabaletatik Urkulura
Garrüzetik Donapaleura
Iruñea zaharrean
Gasteizko Eraztun Berdea
Mendarotik Mutrikuraino
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com