Euskonews Gaztea

157 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik XLI: Azkaratetik Arrosara

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Oraingoan Ipar Euskal Herrian zehar burutuko dugun txangoan, bi udalerri bisitatzeko asmoa dugu eta ongietorria zara gurekin bidaiatu nahi izanez gero. Has gaitezen!

Azkarateko Jauregia  
Azkarateko Jauregia. Argazkia: EuskoSarek utzitakoa.

Azkaraten ekingo dugu gaurko abentura. Behe Nafarroako herrixka honek izenaren aldaera ezberdinak eduki ditu historian zehar; hala, 1513ko eskutitz batean Axcarat moduan azaltzen zen udalerria, eta 1621eko agiri batzuetan, berriz, Axcarate izenez agertzen zen.

Populazio aldetik txikia da Azkarate; ez da hirurehun biztanletara ailegatzen eta horren ondorioz bertan bizi den giro lasaia tokira gerturatzeko arrazoietariko bat bilakatzen da. Pisuzko beste zergati bat, herrian aurkituko ditugun eraikin ederrak dira, asko eta asko historiaz beterikoak. Besteen artean XVI. mendeko baserria den Harizpea, edota XVIII. mende amaierako Uhaldea etxea.

Halere, ezin dugu ahaztu beste eraikuntza zibil dotore bat, Azkarateko Jauregia. Diotenez, 1316an dagoeneko zutik zegoen, nahiz eta bere egungo hormak garai hartakoak ez izan. Larregoien familiaren eskuetan egon omen zen XVIII. mendera arte eta ondoren, Frantziako Iraultzarekin, estatuaren eskuetara igaro zela diote adituek. XX. mendean berriz, udaletxeak erosi zuen eta XXI. mendean (2006, 2007 eta 2008ko udan) Eusko Ikaskuntzako EuskoSarek, Concordia elkarteak eta herriko etxeak berak deialdi bat luzatu zien euskal diasporako gazteei eta birgaitze lanak burutu zituzten merezi duen dotorezia berriz ere emateko eraikinari.

  Eliza
Arrosako eliza.

Arantzik gabeko Arrosa

Udalerriz aldatu eta Arrosara egingo dugu. Musikazaleentzako toki ezaguna izango da ziurrenik, Euskal Herria Zuzenean Festibalaren aurreneko zortzi edizioak bertan egin baitzituzten. Gainera, Arrosa Irulegiko Arnoaren ekoizleetariko bat dugu eta horren ondorioz, bere lurretan mahasti ugari begiztatuko ditugu.

Toki ederra, berdez jantzia, eta historiaz bustia. Historiaurreko estazio megalitikoak ditu udalerriak; dolmen ugari deskubritu ziren bertako lurretan, hala nola, Mikelare zein Dondeniakoak.

Orzaizeko auzoa izan zen Arrosa harik eta 1923an independente bilakatu zen arte. Udalerrian sakabanaturik XVII–XVIII. mendeko zenbait etxe aurkituko ditugu, besteen artean, Antxartia (1785), Etxeberria eta Pikarenea (XVII)... Eta eraikin erlijiosoei dagokienez berriz, XIX. mendeko San Martin eliza aipatuko genuke.

Esan bezala, Arrosa mendiz inguratutako udalerria dugu, eta itzuli bat emateko asmoa edukiz gero, Larla mendixkaraino (700 metro) joateko aukera ere edukiko dugu, esaterako. Goraka goazen heinean, paisaiarekin disfrutatuko dugu, eta ur–jauzi, haitzulo eta bestelakoak agertuko zaizkigu begien aurrean. Eta nola ez, tontorretik, bailararen ikuspegi ederraz gozatuko dugu, Arrosa bera, Bidarrai...

Zertzelada hauen bidez, gure lurretako zoko ederrak hobeto ezagutzen laguntzea izan dugu asmo nagusi. Datorren astean, zein txokorekin gozatuko dugu?

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Gesaltza Añana
Balmaseda
Zerain eta Segura
Aretxabaleta eta Lasarte
Aretxabaletatik Urkulura
Garrüzetik Donapaleura
Iruñea zaharrean
Gasteizko Eraztun Berdea
Mendarotik Mutrikuraino
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com