Euskonews Gaztea

156 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XL): Mendarotik Mutrikuraino

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Gipuzkoari dagokio asteko ibilbidea. Hala, Mendaro edukiko dugu abiapuntu eta gurekin etortzera animatuz gero, kostaldean amaituko dugu txangoa, Mutriku bisitatuz, hain zuzen.

  Azpilgoeta
Azpilgoeta auzoko Jasokunde Amabirjinaren Eliza. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Herri berri bat

Mendaron emango diogu hasiera asteko txangoari eta esan bezala, herri berri edo gaztea dugu. Zehatzago hitz eginda, 1983an lortu zuen udalerri independente izatea, ezen ordura arte, historiak bide desberdinetatik eraman du. Halere, tokiari buruzko datuak antzinakoak dira; XIV. mendekoak (1335. urtekoak) ditugu dokumentuetan jasotako aurreneko aipamenak. Halere, garai hartan ez zen udalerri moduan ezagutzen, baizik eta hiru hiribildu nagusitan banatuta zegoen lekua moduan: Elgoibar, Deba eta Mutriku. Eta Mendarozabal, Garagartza eta Azpilgoeta auzoak toki horiei zegozkien, hurrenez hurren. Nahiz eta 1889an herri izaera eskuratzeko aurreneko saiakera egin, esan bezala, ez zuten XX. mende bukaerara arte lortu ahal izan euren xedea mendaroarrek.

Mendaron zer ikusi edukiko dugu, eta eraikin erlijiosoei dagokienez, Garagartza auzoan esate baterako, estilo neoklasikodun Sortzez Garbiaren Eliza bisita dezakegu; Azpilgoeta auzoko Jasokunde Amabirjinaren Eliza; edota X. mendeko Trinitateko ermita. Eraikuntza zibilei dagokienez berriz, Ospazeko zein Larraldeko dorretxeak aipatu beharrean gaude daukaten erakargarritasunagatik.

Bestaldetik, ezin ahaztu dugu, Mendaro ezagun egin zuen txokolateen industria; 1850. urtean ekin zion Saint–Gerosinek produktua ekoizteari eta arrakasta itzela eduki du hastapenetatik.

Mutrikura bidean

Itsasoa begiztatuz emango diogu amaiera gaurko ibilaldiari, eta hala, Mutriku izango dugu helmuga. Herri moduan Alfontso VIII.aren eskutik sortu zen 1209. urtean, eta hasieran harresiz inguratuta egon zen. Halere, denborarekin herria handitzen joan eta udalerriaren mugak ere zabaldu egin ziren.

Mutriku  
Mutrikuren ikuspegi orokorra. Argazkia. Koro Muro.

Herri maldatsuarekin egingo dugu topo, ezen bere kokapenagatik, Mutrikuko alde zaharraren egituraketa halaxe egin behar izan zuten. Eraikitako etxeak garaiera handikoak dira, eta antzina bi motatakoak aurki zitezkeen, egurrezkoak eta harrizkoak; azken hauek, –aberats gutxi batzuenak– izan ziren suteen aurrean zutik iraun zutenak. Besteen artean, Zabiel eta Arrietakua jauregiak ditugu.

Ohi dugun bezala, herriko zenbait toki esanguratsu aipatuko dizkizuegu jarraian bisitatu gura izanez gero. Hala, besteen artean, bere eskailerengatik deigarria suertatzen den Andre Mariaren Zeruratzearen Elizaren aurreneko harria 1803an ipini zuten, etorkizunean arkitektura neoklasikoaren erakusgarri nabarmena. Santa Katalina komentua (1575); Astigarribia auzoan XI. mendekoa San Andre eliza; zein Mijoa auzoan XVII. mendeko San Jeronimo ermita ere ikusgarriak dira.

Gainera, Mutrikuk historian zehar itsasoarekin eduki duen harremana hobeto ezagutzeko modua dugu Bentalekua museoari esker. Baina mendiak ere gertu ditu udalerriak, eta besteen artean, Kalbario, Olatz eta Arnora joan gaitezke bueltatxo bat ematera.

Txokolatearen goxotasuna protagonista duen herri gaztea eta zortziehun urteko herri arrantzalea bisitatu ditugu oraingoan. Nora joango gara datorren astean?

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Gesaltza Añana
Balmaseda
Zerain eta Segura
Aretxabaleta eta Lasarte
Aretxabaletatik Urkulura
Garrüzetik Donapaleura
Iruñea zaharrean
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com