Euskonews Gaztea

155 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXIX): Gasteizko Eraztun Berdea

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Gaurko txangoa ez dugu hiri barnealdean egingo; gaurkoan trafikotik urrundu eta Arabako hiriburua inguratzen duen altxor ekologikoaren nondik norakoak ezagutzeko aprobetxatuko dugu gure ibilaldia. Igo bizikletara eta abia gaitezen!

  Eraztun Berdea
Eraztun Berdea. Argazkia: Gasteizko Udala

Egitasmo ekologiko arrakastatsua

XX. mendearen azken hamarkadan, Gasteiz inguratzen zuten zenbait lur berreskuratzeko plan bat abiarazi zuten. Izan ere, hainbat zonalde egoera prekarioan zeuden, eta jende gutxik ateratzen zien etekina berezko xarma zeukaten zonaldeei. Lekuak birgaitzen hasi ziren, eta hala, parke, baso zein zabalguneak ezagutarazteko egitasmoa martxan ipini zen.

Leku horiek historian denetarik bizitakoak izan dira –azken mendean hiriaren hedapenari egin behar izan diote aurre– eta nolabait parke horiek hiriaren bizimoduan txertatzea izan da asmoa, ahal den neurrian kontserbatu eta desager ez daitezen saiatuz. Hala, 1990. urtean Gasteizko Eraztun Berdea egiten hasi eta XXI. mende honetan zortzi zonaldek osatuta dago: Zabalgana, Zadorra, Alegria, Errekaleor, Olarizu, Lasarte eta Salburuak, hain zuzen.

Argazkia  
Salburuako urmaelaren ikuspegia. Argazkia: Adeve.

Hirigunetik alde eginez

Parke bakoitzari modu desberdinez atera ahal izango diogu probetxua –oinez, bizikletaz...– baina guztiekin xede berdina eskuratzera iritsiko gara, hain zuzen ere, naturarekin gozatzeko aukera paregabea edukiko dugu.

Armentiara bertaratzea aukeratzen baldin badugu esaterako, bertako basoan animalia eta landaretza aberatsaz disfrutatzeko okasioa ere izango dugu. Hala, berezko erkametzez gain, tentuz begiratuz gero astigarrak, pagoak, urtxintxak, txantxangorriak eta bestelako izakien presentziaz jabetuko gara.

Salburuako kasuari dagokionez, bertako urmaelak euskal ekosistemako toki garrantzitsuak direla gogoratu behar dugu. Gainera, bisitariaren begietara harrigarria suertatzen da Gasteizen hedapenari nola eutsi dion –noski, gizakiak sortutako kalteak jasango zituen, baina oraindik ere, toki natural aberatsa da.

Ugaraba  
Fauna eta flora aberatsa dauka Eraztun Berdeak bere baitan. Argazkian, ugaraba. Argazkia: Adeve

Balio ekologiko handiko tokiak, hegazti, ugaztun eta anfibio ugariren bizitoki izaten jarraitzen du zorionez, eta ezin dugu ahaztu uretako flora ere anitza dela. Faunari dagokionez, besteen artean, basakatuak, igarabak, bisoi europarra, sagu–zaharrak, baso–igelak, murgilari mottodunak, eta abar behatzeko okasioa edukiko dugu zorte apur batekin.

Halere, nora joan ez badakigu, badaude zenbait ibilbide Gasteizko auzo eta zonaldeak elkarrekin lotzeko pentsatuak. Esate baterako, Olarizu eta Errekaleor, izen bereko parkearen bitartez batzen dira. Bestalde, Gamarra ingurutik abiatuta, Alegria Ibaiko Parkean sartuko gara, eta zuzen joanez gero, Salburuaraino iristeko aukera edukiko genuke. Halere, ez dugu zertan bi tokien arteko bidea egin beharrik, parke bakoitzak aisialdi proposamen ezberdinak jasotzen baititu bere baitan eta ziur etekin handiagoa aterako diogula egunari.

Gasteizez gozatzeko modu desberdina planteatu dizugu oraingoan. Naturaren maitale izanez gero, ez galdu bazter hauek hobeto ezagutzeko parada.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Gesaltza Añana
Balmaseda
Zerain eta Segura
Aretxabaleta eta Lasarte
Aretxabaletatik Urkulura
Garrüzetik Donapaleura
Iruñea zaharrean
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com