Euskonews Gaztea

154 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXVIII): Iruñea zaharrean

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Aurreko txangoan Nafarroa Beherean ibili ginen, eta oraingo astean berriz, Nafarroa Garaian burutuko dugu gure ibilaldia. Hala, hiriburua hobeto ezagutzeko zertzeladak jasoko ditugu zuentzako, lagungarri suertatuko zaizuelakoan.

  Redin kalea
Redin kalea. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

Gutxi gorabehera, hogei auzo biltzen ditu bere baitan Iruñeak, Lezkairu, Iturrama, Etxabakoitz, Errotazelai, Arrosadia, Arrotxapea, Txantrea zein Donibane, horien artean. Guztietan aurkituko dugu zer edo zer, baina oraingoan halere, Alde Zaharra ezagutzera hurbilduko gara.

Pompaleo erromatarretik gaur egunera

K.a. 75. urtean Ponpeio jenerala buru zutela, erromatarrek herri bat sortu zuten Nafarroaren erdian; Pompaelo izenez batailatu zuten lekua. Izen horrek mendeetan iraun zuen, baita bisigodo zein musulmanak nagusi ziren garaian ere (IV–IX. mendeetan). Hiria harresiz inguratuta zegoen, eta Alde Zaharra deitzen duguna aurkitzen zen bere baitan. Hau hiru burguk osatzen zuten, San Nikolas, San Zernin eta Nafarreriak hain justu; azken horretako biztanle guztiak nafarrak ziren, eta gerora, hiriko nobleziaren bizitokia bilakatu zen.

Zitadela  
Zitadela. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

Bertan ikusi ditzakegu oraindik ere XIII. mendeko San Zernin eliza, XIV. mendeko San Nikolas eliza gotikoa, edo XV. mendeko Andra Maria Errealaren Katedrala. Azken honetan Karlos III. Erregearen mausoleoa kokatu zuten, eta gainera, estilo gotikodun klaustro eder batek are eta garrantzitsuagoa bilakatzen du tokia.

Hiriaren babesa areagotu nahian edo, murruak gehitu zizkioten hiribilduari XVI–XVIII. mendeen artean, eta hala, gaur egun bai iruindarrengatik eta baita bisitariengatik oso toki bisitatua den Zitadelara gerturatzera animatzen zaitugu. Iruñeko autoen iskanbilatik ihes egiteko aukera paregabea da, ezen oinezkoentzako erreserbatuta baitago. Gainera, inguratzen duen Gaztelugibe eraztun berdeak paseatzeko aukera bikaina ematen dio bisitariari.

Alde Zaharrak gainera, hiriko beste toki enblematiko bat hartzen du bere mugetan, Gazteluko Plaza ezaguna hain zuzen. Aztarna baliotsuak aurkitu ziren indusketa batzuetan: erromatar garaiko termak, mosaikoak, 200 hilotz ingururen aztarnak zeuzkan hilerri musulmana, gaztelu baten harresia...

Gazteluko Plaza  
Gazteluko Plaza. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

Guzti horrek aberastasun arkeologiko handia adierazten zuen Iruñearentzako, baina polemikak eztanda egin zuen, Gazteluko Plazaren sotoetan aparkalekua eraikitzea erabaki eta aztarna gehienak eraitsi zirenean (2001–2003).

Baina ezin dugu ahaztu sasoi batean Ernest Hemingway idazle handia harrapatu zuen hiriak bestelakoak ere eskaintzen dizkiola bertaratzen den orori. Ezinbestean aipatu behar ditugu San Fermin jaiak, urtero uztailaren 6an suziria bota eta hamar egunetan mundu guztitik iritsitako jende uholdeak hartzen ditu kaleak. Halere, 1976. urtetik, San Fermin Txikito jaiak berreskuratu dira –iruindarren gozagarrirako– eta irailaren 25eko asteburuan ospatzen dituzte.

Beraz, turismoa egiteko edo festa giroaz alaitzeko bisita interesgarria da Iruñekoa. Joan ala ez, norberaren gogoaren araberakoa da... ez galdu aukera!

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Gesaltza Añana
Balmaseda
Zerain eta Segura
Aretxabaleta eta Lasarte
Aretxabaletatik Urkulura
Garrüzetik Donapaleura
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com