Euskonews Gaztea

154 zbk.

Gaiak

Fernando Morillo. Idazlea

Ismene GOITI, Jone ARANBURU, Jon MONTIEL, Mireia LARRAÑAGA, Uxue AGIRRE
Bergarako Aranzadi Ikastola (Batxilergoko 1.go maila)
Argazkiak: Fernando Morillok utzitakoak

FERNANDO MORILLO GRANDE Azpeitian jaio zen 1974an. Idazlea da, eta makina bat liburu kaleratu ditu orain arte. Istorioak maite ditu. Leku ezezagunetara joatea eta mendian galtzea gustatzen zaio bereziki, eta ondoren, hango eta hemengo oihartzunak entzuten egotea eta haiei buruz idaztea. Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi zuen, Izar–malkoak liburuarekin.

Fernando Morillo

Filosofia eta Fisika ikasi zituen, baina idazteko zaletasunak idaztera eraman zuen. 1999. urtean, Donostia Hiria saria irabazi zuen Gudaoste ametsak ipuinarekin. Handik aurrera, beste sari zorabiagarri batzuk ere etorri zitzaizkion. Besteak beste, Beasaineko Igartza Literatur beka (Ortzadarra sutan liburua jaio zen hari esker), CAF–Elhuyar Dibulgazio lehiaketan pare bat sari, Gabriel Aresti Bilboko sarian ere beste pare bat sari eta, hara ezustea eta poza, Euskadi Saria 2003an! (Izar–malkoak liburuarekin; ikusi kritika).

Zer dauka Fernando Morilloren literaturak gazteei horrenbeste gustatzeko?

Haiei galdetu behar! Aspaldi erabaki nuen beti gustatu izan zaizkidan istorioak idazten saiatuko nintzela. Istorioa sortzean jolasean arituko nintzela. Idaztean gozatzen ahalegintzen bazara (askotan zaila izan arren), errazagoa izango da gero irakurleek ere gozatzea. Edo irakurle batzuek, behintzat, guztien gustukoa idaztea ezinezkoa baita.

Gazte literaturan nabarmendu zara. Zergatik?

Beharbada, idaztean konfliktoa ezinbestekoa delako. Gazteei bizitzaren estutasunetariko asko etortzen zaizkie gainera, bat–batean eta ia ohartarazi gabe. Koska horietariko asko bizitza osoan zehar errepikatuko dira, baina lehenbiziko aldiek zapore handiagoa izaten dute beti. Lagunekin bizitakoak, lan kontuak, maitaleak... Horiek guztiek sekulako barru–liskarrak sortzen dituzte, eta inoiz ez dira izango lehen egun haietan bezain ilun eta nahasgarriak.

Beste alde batetik, eta aurrekoarekin lotuta, nerabezaro korapilatsu, ekaiztsu eta mugitu samarra izan nuen nik (egia esan, ez dugu guztiok horrelakoa izaten?). Hamaika istorio geratu zitzaizkidan barruan, eta, ezinbestean, idaztean atera egiten dira tarteka.

Ze motatako liburuak irakurtzen zenituen gaztetan? Eta horri buruz idazten duzu orain ere?

Gaztetan harrapatzen nuen dena irakurtzen nuen: abentura, misterioa, nahasmen sentimentalak, fantasia, zientzia fikzioa... Eta baita dibulgazio zientifikoa, historia, mitologia... Bizirik sentitzen nintzen gustuko liburuak irakurtzen, ondoren liburuetako –paper–bizipen–haiek guztiak errealitatean bizi nahi izaten nituelako. Pizten ninduten liburuak irakurri nahi izaten nituen. Idazteko orduan, antzeko zerbait lortu nahiko nuke: pizten nauten (eta irakurle batzuk behintzat piztuko dituzten) istorioak kontatzea. Ahalegin horretan nabil.

Nola sartu zinen literatura munduan? Zerk bultzatu zintuen?

Txiripaz izan zela aitortu behar dut. Egia da oso gaztetatik gustatzen zitzaidala istorioak asmatzea. Apurka, buruan igerian nituen haiek idazten hasi nintzen, baina inori erakusteko batere asmorik gabe (ipuin frikiak, lotsaz beteriko poesiak neskei...). Egun batean, lagun baten gomendioari jarraituta, istorio bat bidali eta sari txiki bat irabazi nuen. Beste egun batean, liburu txiki bat argitaratu zidaten, ondoren beste bat... Eta horrela, pixkanaka eta ia konturatu gabe, to! Idazle!

Imajinatzen zenuen zeure burua oraingo tokian?

Inola ere ez! Nik zientzialaria izan nahi nuen, mendira joatea eta izarrak aztertzea. Zorionez, idazlea izanda, hori guztia ere egin dezaket, eta gainera horiei guztiei buruz idatzi! Ez nuen inoiz pentsatu liburuak idatziko nituenik, baina orain, zenbat gauza ikasten ditudan ikusita, idazle izaten jarraitu nahi dut!

Famatutzat daukazu zeure burua?

Idazle izanda? Bai zera! Jendeak, beharbada, aktoreak edo futbolariak ezagutuko ditu kalean. Baina, idazle bat? :–) Ezta nahi ere, gainera. Oso gogokoa dut anonimotasuna.

Liburu asko idatzi dituzu, baina edukiko duzu kuttunen bat.

Galdera zaila! Liburuak seme–alabak balira bezala sentitzen dituzu. Guztiak dira desberdinak, eta batzuekin hobeto moldatzen zara, noski, baina maite, guztiak maite dituzu. Izaten da gehiago harrapatzen zaituen istorio bat: une horretan idazten ari zarena. Oraintxe, denboran zeharreko bidaia batek nauka harrapatuta... Eta hori izango da nire liburu kuttuna, hurrengo istorioa abiatu bitartean, behintzat.

  Argazkia

Gaztaroan ba zeneukan oso gustukoa zen libururen bat?

Asko! Hori bai, gustuko liburu bat aipatzeko eskatzen didaten bakoitzean, arazoa daukat. Zein esan? Hainbeste liburu eta egile dira! Asimov, Hesse, Ende, Tolkien, Stevenson, Dumas, Lem, Dick... Komikiak ahaztu gabe. Komiki asko irakurtzen nituen. Hor ere, harrapatzen nituen guztiak: CIMOC, ZONA 84... eta Ipurbeltz! Ezin bakar bat azpimarratu. Ezin.

Izan zenuen liburu hark, influentziarik bai sormenean murgiltzeko?

Ezinbestean..., eragina hamaika liburutatik etorri zela kontuan hartuta. Leku guztietatik etorritako istorioez (batik bat gustuko istorioez) osatzen dituzu ametsak. Eta ametsetatik sortzen dituzu zuk idatzi beharreko kontakizunak. Nik abenturak bilatzen nituen, eta ezagutzen ez nituen lekuak eta sentipenak. Horrelakoak aurkitzen ahalegintzen naiz oraindik ere, irakurle eta idazle gisa.

Literaturatik bizi zara?

Literaturaz zuzenean bizitzea, ez dut esango ezinezkoa denik, baina ia–ia. Gertatzen dena da lan asko egin ditzakezula literaturaren periferian: saioak, hitzaldiak, itzulpenak, gidoiak, kolaborazioak, artikuluak, ikastaroak... Horiek guztiak idatzitakoari esker lortzen direla kontuan hartuta, orduan bai, literaturatik bizi naizela esan daiteke.

Leku eta grina gehienetan bezala, gogor lan eginez gero, bizitzeko lain ematen du. Dirutza lortu nahi izan banu, beste zerbait hartuko nuke, noski. Beste modu batean, ordea, literaturak izugarri aberasten zaitu. Literaturaz bizi naiz, eta literatura bizi dut.

Euskal literatura egoera onean dagoela uste duzu? Zergatik?

Literatura oro (orain, lehen, hemengoa, hangoa...) beti dabil kexu. Gutxi irakurtzen da. Baina, betiko kontua da hori! Esan dezakedana da, mutikoa nintzela, hainbat gairi buruzko oso liburu gutxi aurkitzen nituela euskaraz (fantasia, zientzia fikzioa...). Eta orain aukera ederra dago. Gero eta liburu gehiago eta gero eta desberdinagoak argitaratzen dira. Euskaraz irakurri nahi duenak askoz aukera handiagoa dauka. Aurrekoagatik bakarrik balitz ere, lehen baino hobeto gaudela esango nuke. Bidea luzea izango da, noski, baina, kexak kexa, aurrera goaz.