Euskonews Gaztea

153 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXVII): Garrüzetik Donapaleura

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Behe Nafarroan zehar burutuko dugu gaurko txangoa, zehatzago esanda, Garrüze eta Donapaleuraino gerturatzeko aprobetxatuko dugu irteera. Ohi bezala, bisitarentzako jarraibide xume baina baliagarriak eskainiko dizkizugu.

  San Felix
Garrüzeko San Felix elizaren ataria.

Nonbaitetik abiatu behar garela eta, ez dugu Garrüze ezagutzeko okasioa galdu nahi izan, eta modu horretan, Erdi Aroan harresiz inguratuta egon zen udalerriak ongietorria egingo digu. Aurreneko aldiz udalerriaren berri XII. mendeko dokumentu batzuei esker daukagu, eta Sanctus Felix de Garris izenez ezagutzen lekua orduan.

Garai oparoak bizi izan zituen Garrüzek eta hori adierazten digute gure bidean aurkituko ditugun jauregi eder eta dorretxeek. Gainera, eraikin erlijiosoren bat bisitatu gura izanez gero, San Felix elizaraino gerturatzera animatzen zaitugu; XII. mendekoa da eta atarira iristearekin bakarrik, gure arreta piztuko da. Erlijioen gerretan erre egin zuten eraikina, berreraiki eta berriz ere suntsitu zuten Frantziako Iraultzan. Gaur eguneko itxura XIX. mendean eskuratu zuen, 1824–1826 urteen artean eginiko berreraikitze lanei esker.

Garrüzetik atera aurretik, Euskal Herriko toki ugaritan lez, jakin udalerriak badaukala inkisizioarekin lotutako pasarte triste bat. Hain zuzen, 1342. mendean herriko bi emakume sutan erre zituzten sorgin izateaz akusaturik.

Donapaleura bidean

Kilometro batzuetara Amikuze eskualdeko hiriburuarekin egingo dugu tupust, Donapaleurekin hain zuzen. Halere, X. mendean jaso zuen egungo izendapena, aurretik Iriberri moduan baitzen ezagun.

Udaletxea  
Donapaleuko udaletxea.

Herriaren segurtasuna hobetzeko, sohorna eta ibaiaren artean kanalizazio lanak burutu zituzten XV. mendean. Garai oparoak ziren haiek, ezen foruak eskuratu baitzituen udalerriak, eta horren eraginez, azoka desberdinak burutzeko pribilegioa bereganatu zuen. Dena ez da poza izan, eta garai modernoagoetara etorrita, eta besteak beste II. Mundu Gerlari erreferentzia eginez, herri baxenafarra alemanen eskuetan erori zela aipatu behar dugu.

Gerturatu eta bisitatzea merezi duten leku ugari aurkituko ditugu; XIII. mendeko San Pauloren eliza edota XIX. mendeko Maria Madalenaren Eliza ditugu eraikin erlijiosoei dagokienez. Bestalde, eraikuntza zibilak behatzeko tarte bat hartzea merezi du, mendeen joan–etorriei eutsi dietela harro adieraziko baitigute; aipagarrienen artean, Behotegia etxea –Buruen Etxea moduan ezagunagoa– non XVI. mendean Arnaud Oihenart poeta bizi izan zen.

Donapaleu bisitari askoren joan etorrien testigu izan da, gainera, urte guzti hauetan, besteak beste Donejakue bidea bertatik igarotzen delako. Eta horrek bizitasuna ematen dio udalerriari, noski; halere, beste asko bertan dagoen Nafarroa Beherako Museoa ikustera joaten dira, edo eltzegintza tailerren bisitatzera, zein oihal ehundegien lana ezagutzera. Arrazoiak arrazoi, beti edukiko dugu tokia bisitatzeko aitzakiaren bat. Zein da zurea?

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Gesaltza Añana
Balmaseda
Zerain eta Segura
Aretxabaleta eta Lasarte
Aretxabaletatik Urkulura
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com