Euskonews Gaztea

152 zbk.

Gaiak

Euskaldunon Egunkaria eta egia

Xabi OTAZU

Nire aitonak beti dio egiak kate guztiak hausten dituela, lehenago ala beranduago. Nik ez dakit hala izango den, baina Euskaldunon Egunkariaren orain arteko katea mila puskatan zatitua geratu da, espainiar justiziak emandako sententziaren bitartez. Zazpi urte eman ditugu, akusatuen buruen gainean ezpata zintzilik ikusten eta izpirituan horiekin geundenok zalantza guztietatik libre nahi genituen arren, zail samarra zutelakoan geunden, hain prezeski, espainiar justiziak euskaldunok, normalean, kontrako zentzuzko deliberamenduetara ohitu gaituelako.

  Balantza
Argazkia: procsilas

Zazpi urte eman dira, eta bitartean gauza asko. Aitak eraman ninduen 2003ko manifestaziora, Donostiara, eta euskaldunok Egunkariaren itxieraren kontra bat egiten genuela ikusi ahal izan zen. Baina betiko medioek isildu egin zuten bidegabekeria. Isildu egin zuten gure oihua. Geroztik, karrera bat burutu dut; eta Unibertsitatean euskararen aurkako setioa pairatu nuen, irudika ezin daitekeen moduan, era lazgarrian, euskaldun batek bere burua defendatzeko eduki beharko lituzkeen minimoak ere ukatu egiten zitzaizkigula. Eta inork ez zuen gure aldeko deia luzatzen, euskaldunok bigarren mailako hiritarrak bagina bezala. Hezkuntza sistema errena ahalbidetu zigun Unibertsitateak, gurekin ez balihoa bezala.

Lan mundura egin nuen salto segidan, eta hogeita bost urteko nire eskarmentua –bizitzak zein ikasketek eskainitakoa– espainierara aldatu behar izan nuen, inork ez baitzidan bermatzen nire lanean euskaldun bezala garatzea. Zer diot, bermatu? Euskaldunon zergekin elikatutako sistema administratibo eta politikoak ez du euskal gizarterik bultzatzen, ezta babesten ere. Zoaz, zoaz Osakidetzara! Ikusiko duzu nola zaintzen gaituzten euskaldunok.

Euskaldunon Egunkariarekin egia nabarmendu ei da. Baina badira beste egia batzuk ere, euskaldunoi bete betean dagozkigunak, eta horiek oraindik harripetan daude ezkutatuta. Horiek erreskatatzera joango bagina, zaudete ziur, etakideak garelakoan sartuko gintuzkete morroilpean. Auskalo noiz arte ibili beharko dugun horrela, euskara mintza–lanabes gisa egunero eta egun guztian erabili nahi dugunok. Nire aitonak dio madarikazio tamalgarriren batek jo gintuela eta beti kopetilun bizitzera kondenatuta gaudela. Earki gatxik!

Euskaldunon Egunkariaren egia argia egin da. Zorionak! Egia ugari ditugu zain!