Euskonews Gaztea

151 zbk.

Gaiak

Apirilarekin, euria barra-barra

Aintzane GALDOS

Udaberria iristearekin batera, atsotitzek beste itxura bat hartzen dute. Elurteak ahazten ditugu, eta apirilari erreparatuta, euriari erreferentzia zuzena egiten diogu. Arrazoi sinplea dago horretarako, gure asabek eguratsari mendeetan zehar begiratu eta nolabaiteko eredu bera jarraitzen zela ohartuta sortu zituzten esaera zaharrak.

Adibide batzuk ipintzearren, hor ditugu “apirila euritsu, urtea ogitsu”, “apirila euritsua, urtea kakatsua”, edota “apirila euritsu, maiatza ihitsu, ekaina errautsu, orduan da laboraria urgulutsu”.

  Argazkia
Argazkia: Sara.Net

Halere, iruditzen zait eguzki zein euri, beti egongo dela norbait kexatzeko prest, inkonformistak baikara emakume eta gizonezkook sortzez. Baserritarrak zerura begiratuko du lainoek uztarentzako urik erortzen uzten duten ikusteko; aldiz, hezurretako mina pairatzen dutenek bero eta euririk gabeko sasoien esperoan igarotzen dute denbora.

Neuri egia esateko, gustatzen zaizkit egun bustiak –noski, hilabete osoa euripean egotea ere ez dut atsegin! Kalera txanodun zira soinean dudala irtetea gustatzen zait, oinetako egoki batzuk jantzita, eta karriketatik gora eta behera ibiltzea, kafetegira sartu eta ketan dagoen usain goxoko kafesnea eskuetan hartuta, berotan sartzea; horixe izaten da nire plana.

Zerutik irradiatzen den kolorearen arabera ere, horrelako egunetan nire herria bestelako kolorez margotuta dagoela iruditzen zait. Batzuek argi grisak tristura transmititzen diela esaten dute, niretzako aldiz ez dauka zertan horrela izan beharrik, ingurukoari begiratzeko koloretako betaurrekoekin so egitea moduan dela iritzi baitiot.

Gustuko eguraldia gustuko dugula, denok konforme egoten gara euriak gure bizimoduan daukan garrantziaz hitz eginez gero. Inork ez ditu maite lehorteak eta denok atsegin dugu gure ingurunea berdetsu egotea; bihotza ukabil batean sartzen zaigu klima aldaketaren eraginez iritsitako idorteen ondorioz, munduko zenbait tokitan edateko urik ez dutela jakitean, eta abar eta abar.

Nik sasoi euritsuetan katiuskak jantzi eta plisti–plasta putzuak zapaltzen jarraituko dut ahal dudan neurrian. Tristura kutsuko egunek ere xarma berezia eta opari txikiak eskaintzen baitizkigute, begiratzen jakin behar horiekin gozatzeko.