Euskonews Gaztea

151 zbk.

Virginia Berasategui
Virginia Berasategui
(Bilbo, 1975ko uztailaren 15a)

Bilboko Miribilla auzoan jaio zen Virginia Berasategui Luna. Txikitatik kirolarekin lotuta bizi izan da, gurasoak ere kirolzaleak baititu. Arlo horretan modalitate ezberdinak jorratu izan ditu, eta gaur egun triatloia du lanbide, eta txapeldun dugu esparru honetan. Hain zuzen ere, gaztetan hasi zen nabarmentzen eta 1992 eta 1994an Munduko Trialoi Txapelketan hirugarren geratu zen junior kategorian. Nizan burututako distantzia luzeko Munduko Triatloi txapelketan hirugarren izan zen 1997an; 2003an Ibizan egin zen proba berean txapelduna, bai bakarka baita taldean ere; 2004 eta 2005ean Lanzaroteko Ironmanean txapelduna; 2009an Hawaiiko Ironman proban hirugarrena.

Elkarrizketa

Virginia Berasategui. (Triatleta)
Kirolaria ez banintz, rock izarra izan nahiko nuke

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak: Virginia Berasateguik utzitakoak

Kirolari profesional izatera modu naturalean iritsi dela aitortzen digun arren, bere buruarekiko zorroztasunak eta txikitatik eginiko lan gogorrak eraman dute bilbotarra dagoen tokira. Ez zuen hanka onez hasi 2010a eta momentu honetan bere xede nagusiak guztiz sendatzea eta datozen probei ahalik eta hoberen aurre egitea dira. Guk berarekin hitz egiteko parada izan dugu, beste modu batera izan ez zitekeen moduan, bere pasio eta ogibidea den triatloia hizpide hartuz.

Hezur–haragizkoa baino, burdinez eginda zaudela dirudi, 2010eko otsailean istripua eduki eta hilabetera Abu Dhabiko Nazioarteko Triatloian hirugarren geratu baitzinen!

Ez dakit horrenbesterako den! Egia esateko nahikoa sufritu nuen hilabete horretan, Mallorcan autoak kolpatu ninduenetik ez bainengoen guztiz prest txapelketarako, gorputzeko ezkerraldean arazoak bainituen. Halere, ahalik eta hoberen sendatzen saiatu nintzen, ez bainuen amore eman nahi, ezen, asko entrenatu bainintzen Abu Dhabirako eta nigan konfiantza ipini zutenei ere parte hartzea zor niela pentsatu nuen. Baina oraindik ere tailerrean dagoen auto bat naizela esango nuke!

Virginia

Kirolaz hazi zinela esan dit txoritxo batek...

Bai! Ia ibiltzen ikasi aurretik hasi nintzen kirola praktikatzen (barre). Izan ere, nire aita igeriketa entrenatzailea zen eta txiki–txikia nintzela uretara bota eta igeri egiten ikasi nuen. Ostean korrika egiten hasi nintzen, Colegio Vizcaya taldean izena eman nuenean.

Eta bizikletari ere gustua hartuta triatloietan txapeldun zaitugu gaur egun. Nola bihurtu zinen kirolari profesional?

Nire buruarekin oso zorrotza naiz betidanik, xedeak markatu eta horiek lortzen saiatzen naiz, burugogor. Halere, gaztetan jakin banekien lehentasuna ikasketek zutela; aldiz, poliki–poliki kirola pisu handiagoa hartzen joan zen nire bizitzan, eta lo–orduak sakrifikatzen hasi nintzen bi gauzak egin nahi bainituen, hau da, entrenatu eta nota onak atera. Jendeak ikasgaiak gainditzeko ikasten zuen, eta nik ez nekien hori egiten, esan dudan moduan, oso zorrotza bainaiz nire buruarekin.

Batxilergoa amaitu eta nire asmoa unibertsitate ikasketak kirolarekin uztartzea zen arren, konturatu nintzen triatloiak entrenamendu denbora asko eskatzen duela, eta goiz zein arratsaldez aritzea funtsezkoa dela. Junior kategorian dagoeneko banekien esparru honetan aurrera egin nezakeela, 1992an Europako Duatloi txapelketan hirugarrena izan bainintzen. Unibertsitateko ikasketak alboratu nituen denbora batez kirola serioago hartzeko, eta gaur arte.

Eta ez zitzaizun gaizki atera apustua!

Ez, ez! Gainera helburuak lortzeaz gain, neuretzako denbora ere eduki, eta gustuko ditudan beste aktibitate batzuk praktikatzeko aukera hartu izan dut. Adibidez, argazkilaritza ikastaro bat egin dut, bateria jotzen ikasi, AEKn izena eman... Burua aktibo mantentzea garrantzitsua da profesional mailan zaudela apur bat deskonektatzeko.

  Virginia

Halere, zure aita triatleta izateak eragingo zuen profesionaletara emandako urratsean...

Nire aita Hawaiira joaten estatu osoko aurreneko triatleta izan zen eta nolabaiteko eragina izango zuen etxean bizi genuen giro hark, noski. Baina esan nahi dut triatloira dedikatzeko benetan gustuko izan behar duzula, oso gogorra baita. Gainera nire kirolik gogokoenak izan dira beti bizikletan ibiltzea, korrika eta igeri egitea; ondorioz, txikitan aitari txapelketatara gustura asko laguntzen nion, erakarrita sentitzen bainintzen.

Hiru kirol gogokoenak batean; baina baten batean erosoago sentitzen al zara besteetan baino?

Hasiera batean gehien kostatu zitzaidana pedalei eragitea izan zela esango nuke, gehiago entrenatu behar bainuen beste bietan baino. Halere, gaur egun erosoen sentitzen naizen diziplina dela aitortzen dut; adibidez, bost orduz bizikletan bakarrik ibili behar bainaiz ere, ez naiz aspertzen.

Magnetismo berezia du triatloiak zuretzako, baina zergatik?

Ezbairik gabe, proba indibiduala delako eta gainera, txapelketa bakoitzean noraino heltzeko gai naizen ikustea eta erronkak lortzen joatea da gehien gustatzen zaidana. Noski, irabaztea ere atsegin dut, baina ez da gehien erakartzen nauena. Nire buruarekin daukadan borroka da, eta hori triatloian bakarrik sentitzen dut. Zortea daukat benetan gustuko dudana egiteko aukera baitut.

  Virginia

Zorroztasuna eskatzen duen kirola daukazu ogibide, baina zu ere halakoxea zarela aipatu duzu. Halere, momentu gogorrik eduki zenuen hasieran?

Egia da sakrifizio handiko kirola dela, baina ni ez naiz esaterako, gauez ateratzen diren horietarikoa izan inoiz, beraz, ez zait aspektu horretan gogorra egin. Eta gainera, diziplina mantenduz, ezaugarri fisiko eta psikologikoak edukiz eta benetan gustuko dudana denez gero, sufrimendua beste modu batean eramaten dela esango nuke.

Gainera, kirol honek eman didan bizitza ez nuke aldatuko, pentsa, 16 urte ditudanetik bidaiatzen dut eta kultura zein jende ezberdinak ezagutzeko aukera eman dit. Oro har, triatloiak aberastu egin nau pertsona moduan.

Diziplinak, besteak beste, gogor entrenatzea esan nahi du. Nolakoa da zure egun bat?

Hasteko, denborarekin jaiki eta lasai asko gosaltzen dut, ezin naiz bat–batean entrenatzen hasi. Ondoren, makinaria martxan ipini eta bizikletan ibiltzera joaten naiz, edo gimnasiora edo igeri egitera... Goizean praktikatzen dudan kirolaren arabera, arratsaldean beste batean aritzen naiz. Baina horrez gain, nire bizitza pribatua ere zaintzen dut –garrantzitsua!–, eta lagunekin zerbait hartzera, zinemara joateko edota bestelako ekintzaren bat egiteko aprobetxatzen dut, esaterako.

Bestalde, entrenatzeko tokiei dagokienez, leku desberdinetan aritzen naiz, egoera ezberdinei aurre egiteko gai izan nadin. Miribillan bertan korrika egitea gustuko dut, bai eta Bilboko itsasadarraren ertzetik joatea ere, bertan aritzea luxu bat dela iruditzen baitzait. Bizikletan trebatzeko berriz, kostaldera joateko aprobetxatzen dut, Gaztelugatxe, Laga, Laida... Euria egiten ez duen bitartean toki guztietan aritzen naiz gustura, halere! (barre)

  Virginia

Bestalde, asko bidaiatzen duzu txapelketak direla eta; baina ez dakit leku horietaz gozatzeko aukerarik daukazun edo arreta guztia lehiatzen ipintzen ote duzun...

Begiratu begiratzen diozu paisaiari, baina disfrutatu....(barre) Guztiz kontzentratuta joaten naiz, eta denbora gutxi geratzen da plazererako lehiatzen nabilen bitartean, zoritxarrez.

Eta zein duzu toki horietatik lekurik gogokoena?

Australia betidanik gustatu izan zait, herrialdea orokorrean hartuta. Gero, probaren garrantziagatik, Hawaii esango nuke, baina halere, ez da hoberen igarotzen dudan lekua, itogarria baita egiten duen beroagatik. Amerikako Estatu Batuetan aritzea bestalde, benetan berezia da jendeak kirol hau bizi duen moduagatik. Eta nahiz eta asko bidaiatu dudan, iruditzen zait Zarautzeko triatloia ez dela besteak baino gutxiago eta esan dezaket nire gustukoena dela, denetarik jasotzen baitu bere baitan: ur irekietan igeri egitea, jendearen gertutasuna eta animatzeko pasioa...

Eta bidaia horietarako badago bai ala bai maletan sartzen duzun zerbait?

Noski, gehien bat, kirol–arropa, oinetako eta bestelakoekin betetzen dut maleta, baina, I–Pod edo musika–erreproduzitzailea alboan eramaten dut beti, denbora larregi itxaron behar izaten dut eta aireportuetan. Gainera, musika nire bigarren pasioa da; pentsa, kirolaria izango ez banintz zertara dedikatuko nintzatekeen galdetu didatenean, rock izar bat izan nahiko nukeela erantzun izan dut! (barre)

Oraindik ere zenbait kiroletan emakumeak gizonezkoak baino gehiago erakutsi behar izaten du aintzat har dezaten.

Alde horretatik zortea eduki dut, kirol hau gaztea baita. Hain zuzen ere, triatloia 1978an jaio zen AEBn, eta zorionez, bertan emakumeak profesional moduan kirolean ikustera ohituta zeuden; modu horretan, esan genezake beti eduki ditugula gizonezkoen aukera berdinak, bai eta komunikabideetan oihartzun bera, babesleen laguntza... Ondorioz, berdintasuna nagusitzen dela esango nuke, hori bai, beti egongo da hori ulertzen ez duen norbait.