Euskonews Gaztea

150 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXIII): Balmaseda

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Aste Santuak modu berezian ospatzen dituen herria da Balmaseda. Eta aitzakia moduan hartuko dugu bertara joan eta herria hobeto ezagutzeko.

Eliza  
San Juan eliza. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira Balmasedan, hain zuzen ere, galtzada erromatarrarenak, eta horren arabera eta adituen esanetan, tokiak kosta eta barnealdeko herrien arteko zubi–lana egiten zuen. Zeukan garrantziak Gaztela eta Bizkaiko jaurerriaren arteko ika–mikak piztu zituen, harik eta 1175ean lurrak banatu zituztenera arte. Orduan, Bortedoko jaun Lope Sanchez de Vegak 1199an fundatu zuen ofizialki herria, eta Logro?oko forua eman; hala, Bizkaiko hiribildurik zaharrenetarikora egingo dugu gaurko txangoa.

Kadagua ibaiaren ertzean kokatzen den herriak oparotasuna bizi izan zuen garai batetan, eta hala, merkatari, artisau, errementari eta bestelako lanbideak zituzten herritarrek bizimodu erosoa zeramaten; judu komunitatea ere bazegoen Balmasedan. Hala ere, bolada ona aldatu eta XVIII. mendean komertzioak behera egin zuen Bizkaiko herri honetan. Baina beste hainbat udalerriri gertatu ez bezala, industrializazioa onuragarria izan zitzaion Balmasedari, ezen jendeak herria aukeratu zuen bizileku, eta populazioa hazi egin zen, berriz ere garai emankorrak iritsi zirelarik.

Arkupeak  
Udaletxeko arkupeak. Argazkia:Gaizka Garamendi. (3digitala)

Erdigune ikusgarria

Gure egonaldian, dozenaka tokiz gozatzeko aukera azalduko zaigu begien aurrean. Hasteko, erdiguneak Erdi Aroko esentzia mantentzen jarraitzen du; orduan lau kalek osatzen bazuten, egun ere kontserbatzen dira karrikak. Horietan gainera, eraikin erlijioso zein zibilak deigarriak suertatuko zaizkigula zalantzarik ez. Besteen artean, XV. mende erdialdeko San Severino eliza gotiko berantiarrarekin gozatzeko parada edukiko dugu; XV–XVI. mendeetan eraikitako San Juan del Moral eliza errenazentistak ere begiztatzea merezi du; baita XVII. mendeko Santa Klara komentuak ere; eta abar, eta abar.

Baina esan bezala, eraikuntza zibilek ere beren garrantzia dute Enkarterrietako herri honetan. Esate baterako, Buniel Jauregi barrokoa (XVI) agertuko zaigu begien aurrean; udaletxea (XVIII) edota XII. mendeko Zubi Zaharra ditugu eraikinon artean.

Zubi Zaharra  
Zubi Zaharra. Argazkia: Antxon Agirre Sorondo. (3digitala)

Aste Santuak

Eta guzti horretaz gain, hots, Balmasedak duen berezko edertasunaz aparte, bertako Aste Santuetako ohiturengatik ere ezaguna da tokia. Kristautasuna Euskal Herrian mendeetan horren errotuta egoteak, oraindik ere eragina edukitzen jarraitzen du XXI. mende honetan. Hala, Ostegun Santuko gauean, antzezpenean murgiltzen dira biztanleak, Azken afaria, Ortuko Otoitza eta Jesusen atxiloketa interpretatuz. Baina ekitaldiak ez dira hor amaitzen, eta hurrengo egunean, erromatarrek hartzen dituzte kaleak, epaiketa egiten dute, Judaren zintzilikatzea antzeztu...

Aspalditik datorren ohiturak bizirik jarraitzen du egun. Batzuentzat esanahi bereziko datak diren arren, besteentzat ikuskizun huts bihurtzen da. Nahiz eta bizitzeko modu desberdinak izan, ez dute inor axolagabe uzten bi egunetako ekimenek.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Gesaltza Añana
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com