Euskonews Gaztea

149 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXII): Gesaltza Añana

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Arabako udalerri ezaguna da Gesaltza eta mendeetan zehar bertan ekoiztutako urre zuriak toki preziatu bihurtu zuen. Egun ere bisitarien arreta pizten jarraitzen du, eta aste honetan bertako zokoak ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.

  Gesaltza
Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal.

Gatzezko paisaia

Duela zenbait mende deskubritu zuten Añanako biztanleek beraien lurrek zer nolako aukerak eskaintzen zizkieten. Inguruko lursailetan gatz iturburu ugari zeuden, probetxua nola atera ikasi zuten, eta belaunaldi ugaritan herritarren bizimodua izan da osagaia ekoiztea.

Erdi Aroan dagoeneko ustiatzen ziren gatz meategi hauek, eta orain dela mende eskasera arteko jardun nagusia izan da. Horren garrantzitsua izan zen gatz edo urre zuriaren ekoizpen eta salerosketa, horrexek ekarri ziola herriari hiri gutuna eskuratzea 1140. urtean. Garai modernoagoetan, 1987an, Monumentu Historiko Artistiko izendapena eman zioten gatzagari.

Juda  
Juda zintzilikatuta. Argazkia: Antxon Agirre Sorondo. (3digitala)

Herria errepidearen alde batera geratuko zaigu, eta bestean berriz, terrazetan oraindik ere garai oparoen testigantza diren gaztegiak begiztatuko ditugu. Lehen gainbegiratuan ia atzeman ezinezko mekanismoak gordetzen ditu tokiak, baita begi–bistakoak direnak ere. Ur izatetik gatza lortzerainoko prozesuan parte hartzen duten iturburuak, gesala garraiatzeko ubideak eta hau gordetzeko putzuak, ura lurruntzen uzteko larrainak zein gatz biltegiak oraindik ere hor mantentzen dira.

Herriaren alderik deigarriena ikusi berri dugu, baina erdialdera gerturatzera ere gonbidatzen zaituztegu, bertako arkitekturarekin gozatzeko asmoz. Garai batean harresiak inguratzen zuen herrixka; IX. mendean eraitsia izan zen arren, oraindik arrastoren bat ikusi dezakegu.

Erdigunean aurkituko dugun elizak Villaconesko San Maria dauka izena eta XV. mendean berritutako eraikina da; bestalde, San Juan de Acre Errege–monasterioak ere zutik dirau XIV. mendetik eta aditu guziak bat datoz eraikina apaintzen duen Maltako gurutzearen garrantziaz.

Judaren atzetik

Urtero Aste Santua iristearekin batera, Gesaltza Añanako herritarrek kristauen piztuera–igandean Juda kalera atera eta asto baten gainean karriketatik eramaten dute prozesioan. Biztanleek jakin badakite, ez duela ongi amaituko eguna; hain zuzen, zintzilikatu egiten dute panpina herriko plazan. Fedeak zein aspaldiko tradizio honekiko jakin–min hutsak erakarrita, jende ugari bertaratzen da oraindik ere herrira jaiegun horretan.

Gesaltzako lur malkartsuak probestu eta esplotatzeak herriaren izena nazioartean ezagun bihurtu zuen, kalitatezko gatz ekoizle garrantzitsuenetariko bat bihurtuz. Garai oparoen testigantza bertatik bertara jasotzeko modu egokia gaurko proposamena.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibarrangelu–Elantxobe
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com