Euskonews Gaztea

148 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXI): Ibarrangelu-Elantxobe

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Ibarrangelu eta Elantxobe izango ditugu oraingoan helmuga, eta Bizkaiko kostaldeko eremu hauetara gurekin bidaiatzera gonbidatzen zaitugu.

Ibarrangelu  
Ibarrangeluko San Andres eliza. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala)

Urdaibaiko biosfera

Ibarrangelu bisitatuz hasiko dugu txangoa. Udalerriaren fundazioaren data zehatza ez da ezagutzen, baina halere, 1334eko datu batzuek dagoeneko aipatzen dute elizatea; Maria Lopez de Haro Bizkaiko Andereak Lekeitioko Santa Maria eliza Ibarrangeluko San Andres elizagatik aldatu zien Arteaga eta Zubietako jaunei.

Gure bisitako aurreneko geldiune honek arrantza izan du mendeetan zehar ekonomia–iturri nagusi, kostaldeko herri gehientsuenek moduan; kuriositate gisa, balea baten kontura, Bermeoko arrantzale batzuekin ika–mikak izan zituen udalerriak. Esan bezala, arrantzale eta marinel profesioak nagusi ziren, eta haiek sortu zuten Elantxobe auzoa –halere, hori geroxeago aipatuko dugu.

Ibarrangelu berez, San Andres elizaren inguruan sortutako herri bat dugu, eta eliza bera XVI. mendekoa da. Merezi du bertaraino gerturatzea, ezen kanpandorrearen gainaldetik figura erlijioso bat zelatan daukagula ikusiko dugu. Atxerreko San Pedroren ermita edota Garaziko Santa Mariaren parrokiak gure arreta bereganatuko dute.

Laga
Laga hondartza. Argazkia: Gaizka Garamendi(3digitala)

Herriak gainera, bi hondartza ezagun ditu bere lurretan, bata Laga eta bestea Laida, non osteratxo bat emateko leku aproposak diren. Eta ezin dugu ahantzi Urdaibaiko biosferak ere Ibarrangelu bustitzen duela. Hala, bertan fauna eta flora aberatsarekin egingo dugu topo, hala nola, itsas xardin–belarrak, itsas plantainak, otxar basatiak eta txantxikuak, schreiber muskerrak, baratz saguzarrak, muxar grisak, satain piriniarrak eta abar.

Malden herrira

Baina ingurune hauek atzean utziko ditugu gure bidean aurrera egiteko. Herri bitxi batetara ipiniko dugu noranzkoa, eta Elantxoberaino gerturatuko gara, Ibarrangelutik oso gertu, bi kilometro eta erdira. Esan dugun lez, Elantxobe Ibarrangeluko herritarrek sortutako auzoa izan zen eta 1524an hasi zen gizon–emakumez betetzen. Auzo izaten jarraitu zuen harik eta 1858an ordura arteko egoera aldatu eta udalerri independentea izatea erabaki zutenera arte.

Tartean baina, gauza ugari gertatu ziren bertikalean eraikitako herrixkan. Hala nola, Bizkaiko jaurerriak 1624an kostaldea indartzea erabaki zuen holandarren erasoen beldur baitzen, eta Elantxoberi ere eragin zion ordutik aurrera hartu ziren zenbait erabakik. Bestalde, 1783. urtean portu itxia eraiki zuten, eta hala, itsasotik nolabait babestu zen udalerria.

Elantxobe
Elantxoberen ikuspegia. Argazkia: Torpe

Esan bezala, aldapa ugariren inguruan eraikitako herria da Elantxobe, eta horrek xarma berezia ematen dio tokiari. Gora eta behera egin beharko dugu ondorioz, bere osotasunean gozatzeko eta zenbait leku gomendatzen dizkizugu bisitatzeko: portua bera; XI. mendean eraikitzen hasi ziren Bariko San Nikolas Eliza, edota udaletxea. Bestalde, begiak ongi irekitzen baditugu, herriko zenbait etxek estilo neoklasikoa dutela ohartu gara.

Elantxobek bestalde, badauka berezitasun modernoago bat, eta herriko goiko aldean dago; autobusak maniobratu dezan ipini zuten plataforma birakaria da. Aukera edukiz gero, lekura moldatuz gizakiaren asmakuntza batek herritarrei erosotasuna ekarri dien asmakuntza lanean ikusteko aprobetxa dezakegu.

Espero dugu gaurko txangoa gustuko izatea. Kostako brisak ukitzen gaituela, hurrengo ibilaldira arte agurtzen gara.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Mauletik Ospitalepera
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com