Euskonews Gaztea

147 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXX): Mauletik Ospitalepera

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euskal Herriko lurralderik txikieneko hainbat toki eder ezagutzeko asmoz, gurekin batera bidaiatzera gonbidatzen zaitugu. Hiriburuan hasita, historian atzera eta aurrera eginez tokiaz gehiago jakiteko martxan jarriko gara.

  Maule
Maule. Atzeko muinoan gotorlekua ikusten da. Argazkia: Gaiza Garamendi (3digitala)

Maule–Lextarretik antzina

Esan bezala, euskal lurraldeetatik txikiena da Xiberoa, eta bere hiriburua dugu Maule; aldi berean, biztanle gehien dituen zonaldea da. XIX. mendean eskuratu zuen –zehatzago esanda 1841. urtean– egungo izaera, ezen urte hartantxe elkartu baitzen Lextarrerekin; azken udalerri honetan zeukan Zuberoko bizkonderriaren justizia epaitegiak egoitza.

Herrian sartu eta mendi muinoan gaztelu bat ikusiko dugu; aspaldiko garaietan hiritarrak zelatatu eta zaintzen zituen modu berean, ez harritu funtzio bera betetzen jarraitzen duenaren sentsazioak hartzen bagaitu. Erdi Arokoa da gotorlekua –eta Zuberoako bizkondeen bizilekua– eta mende dezente egin beharko genuke atzera Maule hura gabe ikusteko; hain zuzen XI.mendeko bastioia dugu begien aurrekoa.

Etxea  
Mauleko etxe zaharrena, 1485ekoa. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Halere, Luis XIII erregeak 1642.urtean suntsitu zuen gaztelua ia bere osotasunean; baina herritarrek gertaerari erantzunez, euren kabuz berreraiki zuten 1648an. Ordurako, Zuberoa makina bat gertakariren testigu izana zen; besteak beste, XIV eta XV mendeetan zehar Akitania osoa Ingelesen menpean egon zen eta horren eraginak nabaritu zituzten xiberotarrek eta noski, baita Mauleko biztanleek ere.

Gaur egunera etorri eta Mauletik itzuli bat emanez, mende luzeetako historia kontatzen dizkiguten eraikinekin egingo dugu topo, eta haiekin gozatzeko probestuko dugu. Gure begien gozagarri izango direnetatik, esate baterako, hauexek ditugu: Mauleko hilerrian dagoen XIII. mendeko San Juan de Berrauteren kapera; 1765ean sortu eta 1980an berritutako merkatua; errenazimentu estiloa duen Andurain de Maytie jauregia; eta 1885eko Juan Batailatzearen eliza.

Donejakueren garrantzia

Hiriburua utzi eta aurrera egingo dugu gure osteratxoan. Hala, Ospitalepea deituriko herrixkaraino gerturatuko gara, bere txikitasunean handi den udalerrira.

  Ospitalepea
Ospitalepeko eliza. Argazkia: Jesús Tellería Armendáriz (3digitala)

Erdi Aroan izan zuen sorrera, eta herriaren izena eta izana, Donejakue bidea egiten zutenentzako eraikitako ospitale batetatik datorkio. Ia guztiz desagertu zen funtzio garrantzitsua betetzen zuen ospitalea, baina haren zati batek zutik jarraitzen du zorionez. Ospitalepeko eliza eraikuntza benetan garrantzitsua izan da inguru horretan; XII eta XIII. mendeetan altxatu zuten, eta estilo erromaniko-bizantziarra dauka.

Nahasketa horrek bestelako ikuspegia ematen dio berezko edertasuna duen herriari. Santiagorako bidea egin eta bertatik igarotako milaka erromesen zaindari izandako tokia harribitxia dugu zentzu guztietan, hain zuzen ere, 1888an Unescok Gizateriaren Ondare izendapena eman baitzion altxor arkitektoniko honi.

Gure lurretako toki ezkutuenak ere bisitatzeko grina edukiz gero, proposamen honek barruko arra asetzen lagunduko dizue agian. Ongi zabaldu begiak eta disfrutatu gure bazterrekin.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Los Arcos–Viana
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com