Euskonews Gaztea

146 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXIX): Los Arcos-Viana

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Historian zehar Nafarroa gertakari askoren testigu izan da. Bertako herrietako lekukotasunen zatitxo bat jaso nahian, gaurko honetan, Los Arcosetik Vianarako bidaia proposatzen dizugu.

  Los Arcos
Los Arcos.

Historiaren itzuliak

Lizarrako merindadea bisitatzeko parada izango dugu eta Los Arcos aukeratu dugu irteera puntu bezala. Herri txiki honen historiari erreparatzen baldin badiogu, mende ugari atzera egin eta XII. mendean –1175. urtean zehazkiago esanda– Santxo Jakitunak herriari foruak eman zizkiola erakusten dute datuek. Noski, gertakari horren aurretik ere bizitza zeukan tokiak eta makina bat gertaera jazo dira historiaurretik; besteen artean, erromatarrak Los Arcosen izan ziren, ostean X.mendean, musulmanak iritsi ziren herrira eta XIV.ean berriz, judutar kolonia txiki bat.

Los Arcoseko herritarrek nafar sentimendua barnean zeramatela esaten da, ezen lurraldeko erreginari leialtasuna zin egin zuten 1276an. Patuak baina, beste etorkizun bat prestatu zien, eta 1463an Gaztelaren eskuetara pasatu zen herria; Nafarroak ez zuen inoiz zilegitzat eman gertaera. Eta horrela bizi izan ziren 260 urtez, harik eta 1753an herria Nafarroaren parte izatera bueltatu zen.

Hipogeoa  
Vianako Longarreko Hipogeoa. K.a. 2850 eta 2500 urteen artean datatuta dago. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

Datu horiek ezagututa, ez da harrigarria eraikin zibil zein erlijiosoetan historiaren zantzuak aurkitzea. Hala, kaleetan barrena garai eta estilo ezberdinetako etxeak ikusiko ditugu, XVIII. mende erdialdeko udaletxea, esaterako. Gainera, erlijioak garai batean edukitako indarraren erakusle –eta Donejakue bidean egoteagatik–, XII. mendeko San Blas ermita zein XVII. mendeko Kontzeptzionisten Komentua aipa genitzake. Azken datu bat Los Arcos atzean utzi eta gure bidean aurrera egin aurretik; Erdi Aroan gaztelu bat zeukan herriak, harik eta XVIII. mende inguruan desagertu zen arte.

Gure helmuga, Viana

Hemeretzi kilometro egingo ditugu hego–mendebalderantz eta Vianako herrira sartuko gara. Arkeologia gustuko baduzu, jakin historiaurreko aztarnategi ugari daudela inguru horietan.

  urra etxea
Urra Etxea. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Garai modernoagoetara jauzi eginez, Viana defentsarako herri bilakatu zuten 1219an behin udalerria berreraikita, forua eman ziotenean. Hain zuzen ere, Logroño moduko Gaztelako hiri indartsua horren gertu egoteak –11 kilometro eskasera– neurriak hartzea ekarri zuen; harresiz inguratutako udalerria zen eta gaztelua ere bazeukan. Esan moduan, leku estrategikoa zen eta setio ugari pairatu zituen ondorioz. Udalerriari buruzko beste xehetasun bat; XV. mendean, Vianako printzerria sortu zen eta ordutik aurrera, Nafarroako tronurako oinordekoek jaso zuten titulua.

Guzti horrez gain, geure bisitaldirako Vianako arkitekturaren zertzelada batzuk gomendatuko dizkizugu. Hala, besteak beste, XIII. mende amaieran eta XIV.aren hasieran eraikitako Santa Ana parrokia gotikoa; Foruen plazan kokatutako XVII. mendeko udaletxe barrokoa; estilo bereko San Frantzisko Komentua, hau ere XVII.ekoa.

Gaurkoan eraikin esanguratsuenak bisitatzera animatu zaitugun arren, gogoratu gure udalerrietako zoko ezkutuenek ere edertasuna gordetzen dutela. Horien bila atera eta egun pasa eder bat igaro dezazula.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com