Euskonews Gaztea

145 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXVIII): Baiona Ttipitik aurrera

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euren kokapen estrategikoarengatik ezagun izan ziren garai batetan, eta aro modernoagoetara etorrita, bisitatuko ditugun lekuei ezin ukatu zaie berezko edertasunak ematen dien indarra. Gaurkoan, Lapurdira gonbidatzen zaituztegu.

  Argazkia
Chateau Vieux (ezkerrean) eta Andre Mari Katedrala. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Aturri eta Errobiren ertzetan

Hain zuzen ere, lurraldeko hiriburua izango dugu abiapuntua oraingoan. Baionako kaleetan gora eta behera ibiltzearen plazera ezagutzeko aprobetxatuko dugu eta ohartuko gara dotorezia presente dagoela edozein kale–kantoitan. Nahiz eta auzo ugariz osatuta dagoen, erdialdea hiru zonatan dago banatuta. Baiona Ttipia eta Baiona Handia Errobi ibaiaren alde banatan aurkitzen dira, eskuin eta ezker aldean, hurrenez hurren. Aldiz, hirugarren auzoa Espiritu Saindua deitzen da, Aturri ibaiaren eskuinaldean kokatutakoa.

Erromatar garaian sortutako hiria dugu, eta esate baterako, Baiona Handian zenbait aztarna aurki daitezke. Auzoan gainera, eraikin deigarriekin egingo dugu topo; esate baterako, X–XI mendeetako Gaztelu zaharra. Baionara iritsi eta gure begiek atzemango duten beste eraikin bat Andre Mariren katedral gotikoa (XIII–XV mendeetakoa). Biak ala biak, erromatar garaiko eraikuntza originalen gainean daude altxatuta.

Baina hiriak baditu Erdi Aroko aztarnak eta garai hartako harresiak kontserbatzen ditu oraindik Baiona Ttipian eta gainera, garaiko adierazgarri nagusia dugu bertako kale estuen egitura.

Baiona  
Baionako etxe bat. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala)

Hiriburuan barrena edozein karrika hartzen dugularik ere, arkitektura aldetik benetan aberatsa dela jakiteko ez dugu adituak izan behar. Koloretako etxeekin gozatzeko parada, edozein terrazatan eseri eta jendearen joan–etorriei erreparatzekoa... dena da posible hiria ezagutzeko.

Kostalderantz

Itsaso aldamenera joko dugu, eta xarma handiko beste udalerri batetan egingo dugu gure geldiunea, Biarritzen hain zuzen. Kostaldeko herrixkak balea–arrantza izan zuen mendeetan zehar diru–iturri nagusia, eta datuen arabera, XI. mendean portu garrantzitsua omen zeukan. Halere, denborarekin bizimodua aldatu egin zen, arrantzaren gainbehera iritsi eta bestelako ofizioak bilatu zituzten biarriztarrek.

Biarritz  
Biarritz. Argazkia: Kepa Etchandy (3digitala)

Eta horietariko bat, turismoa izan zen –eta egun jarraitzen duen zerbait dugu. Hala, Napoleon III eta Eugenia enperatriza egon ziren Lapurdiko kostaldeko herrian bainua hartzen, eta ordutik, ospea hartu eta besteen artean, aristokraziaren opor–lekua bilakatu zen Biarritz XIX. mendean. Hala, arrantzale herri izatetik modako hiri izatera igaro zen eta itxuraldatzen hasi zen aro berriei egokituz.

Bainu–etxe ugari daude Biarritzen, jokorako Barrière kasinoa zein kirol anitz praktikatzeko tokiak. Azken horri dagokionez, surfa da jende ugari udalerrira gerturatzearen arrazoi nagusia. Gainera, dituen hondartzak eta itsaslabar ikusgarriak tokia are erakargarriago bihurtzen dute.

Makina bat arrazoirengatik merezi dute leku hauek bisitatuak izatea, baina batez ere, gure herrialdearen edertasunez bustitzeko aukera ematen digutelako.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Zuia hobeto ezagutuz
Arratiako txokoak
Baiona Ttipitik aurrera
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com