Euskonews Gaztea

144 zbk.

Gaiak

Erramun Martikorena

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Nekazaritza eta artzaintza ofizio izan ditu gaztetatik Erramun Martikorena baxenafarrak. Halere, ez da arrazoi horrexegatik ezagun bihurtu gure artean; kantagintzaren bitartez Euskal Herrian barna –eta zenbaitetan baita kanpoan ere– mugitu da urte luzeetan zehar.

Erramun Martikorena

Erramun Martikorena 1943ko otsailaren 1ean jaio zen Baigorrin, zehazkiago esanda, Otsobi etxean. Hamalau urtera arte udalerriko auzo den Urdozeko eskolara joan zen eta bertan irakasle batek bere kantatzeko abileziari erreparatu, eta behin baino gehiagotan ikasgela guztiaren aurrean ipini zuen abesten. Izan ere, Martikorena txikiak etxean entzuten zituen kantak, haiek ikasi eta bere erara interpretatzen zituen. Ahots ederra izan du betidanik, eta nagusitan ere bere ezaugarri nabarmenetarikoa da boz indartsu, natural eta hunkigarria.

Hamalau urterekin utzi zion ikasteari eta garai hartan ohikoa zena egin zuen, hain zuzen etxeko beharretan laguntzea, eta modu horretan, laborantzari ekin zion. Afizio hutsa zen Martikorenarentzako kantua, eta sekula ez zuen pentsatu horretatik bizitzea; lurrari loturik egiten zuen lan, egiteko horrek ematen baitzion jatekoa baxenafarrari. Halere, 26 urte zituela –1969an– Lartzabalgo kantu txapelketara aurkeztu eta irabazi egin zuen. Horrek baina, ez zuen Erramunengan eragin handirik eduki, eta zenbait urte igaro behar izan ziren eszenatokietara igo eta publikoak bere ahotsarekin gozatzeko.

Aurreneko diskoa 1978an grabatu zuen eta Baigorriko Artzain laboraria titulua ipini zion. Eta horrek, herriz herri kantatzera eraman zuen baxenafarra, artzain eta laborari lanak baztertu gabe beti ere. Ostean etorri ziren diskoak berriz, honakoak izan dira: Otsobi (1981), Primaderari (1986), Olerkarien oihartzun (1993), Aire xaharretan (1995), Herrian (1997), Elorrietan loreak (2000) eta Kantuz sortu naiz eta (2001).

Erramun Martikorena  
Argazkia: Eke, Euskal kultur erakundeak utzita.

Bere ahotsa erabiliz soilik –hots, a capella– hasi zen publikoaren aurrean eta ahotan hartzen zituen letrak herri kanta zein olerkiak izaten ziren. Baina denborarekin musika instrumentuek ere tokia zuten Martikorenaren errezitaldietan. Gainera, bertsolariei keinu bat eginez, Xalbador, Emile Larre, Manex Etxamendi eta beste hainbaten bertsoak interpretatu izan ditu; eta baita Xabier Lete zein Benito Lertxundiren kantak ere. Azken horiek hurrenez hurren sorturiko Xalbadorren heriotzean eta Txoriak txori abestien bertsioak egin zituen.

Baina hamarkada ugari plazarik plaza ibili ostean, erretiroa hartzea erabaki zuen 2004ean baigorriarrak. Nahiz eta ofizialki urte hartako azaroaren 11an azken kontzertua eskaini zuen Bartzelonan, urtebete berantago bere herrian bertan merezitako omenaldia egin zitzaion; mila pertsonatik gorak hartu zuten parte, eta horietatik ugari musikagintzan eginiko lagunak izan ziren. Halere, harrez geroztik ere, noizbehinka igo izan da agertokietara; esate baterako, Xalbadorren Egunean Urepelen, 2008an.

Bihotzez kantatu du beti baxenafarrak, eta interpretazioetan hunkiberatasun berezia erakutsiz, belaunaldi ezberdinak batzea lortu duen gizona da Erramun Martikorena. Kontzertuek eskatzen duten presio eta lan gogorra atzean utzi eta inoiz alboratu ez duen artzaintza eta nekazaritzan lasai asko bizi da egun.