Euskonews Gaztea

144 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXVII): Arratiako txokoak

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
  Gortazar
Areatzako Gortazar Jauregiko fatxada. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala)

Astean zehar sortu zaizkigun buruhausteak alboratuko ditugu eta Bizkairantz egingo dugu aire freskoa hartu bitartean, leku berriak ezagutzeko. Hala, Arratiako eskualdea aukeratu dugu gure itzulia burutzeko.

Lemoatik abiatuz

Bederatzi udalerri ditu Arratiak: Bedia, Lemoa, Igorre, Arantzazu, Artea, Dima, Areatza, Ubide eta Zeanuri. Eta txangoa nonbaitetik hasi behar dugunez, Bilbotik 20 kilometro eskasera aurkitzen den Lemoaraino hurbildu gara, Arratiako bigarren udalerririk populatuenera hain zuzen. Historiari errepasotxo bat egin eta Lemoan gizon–emakumeen presentzia aspaldiko kontua dela ohartuko gara datuei erreparatuz gero. Esaterako, kobazulo batzuetan –Arlanga eta Atxubieta–, historiaurreko material ugari aurkitu zituzten; edota erromatar garaiko hilarriak ere topatu dituzte udalerrian.

Mudejar  
Mudejar erako etxea. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala)

Baina garai modernoagoetara etorrita, Andra Mari eliza bisitatzera animatzen zaituztegu. Hain zuzen ere, agerian utzi zituzten aztarna erromaniko batzuk 1758an eraikina zaharberritu zutenean, eta horrez gain, estilo barrokoa ere jasotzen du bere baitan. Eta zer esanik ez eraikuntza zibilei buruz; hauetariko batzuk eraberrituta eta altxor gisa kontserbatu dira; hala nola, Aldape dorretxea zein Mendibil Goikoa baserria.

Lemoa atzean utzita, gure gaurko bigarren geldialdia Areatzan egingo dugu, Lemoatik 13 kilometrotara. XIV. mendeko herria da,1338an sortutakoa zehatzago esanda. Halere, Villa de Haro izena ipini zion bere fundatzaile Juan Núñez de Lara Bizkaiko jaunak. Egun, mila biztanle inguru dituen udalerriak zer ikusi eskaintzen dio bisitariari. Alde batetik, ingurune natural ederrarekin gozatzeko parada, eta bestetik gizon eta emakumeek mendeetan zehar jasotako eraikin anitzek.

Horretarako, alde zaharrera gerturatzea funtsezkoa da, ezen bertan aurkitzen baitira Areatzan egonda galdu ezin ditugun tokiak. Gure begientzako gozagarri, XVI. mende inguruko mudejar estiloko etxea ikusteko aukera eskaintzen zaigu Errukiñe kalean. Baita San Bartolome eliza ere, berant Erdi Arokoa berau; XVI. mende amaierako Gortazar Jauregia; edota estilo neoklasikoko udaletxea, XIX. mendean altxatu zutena, besteen artean.

  Jentilzubi
Jentilzubi, Diman. Argazkia:Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Amaierara iritsiz

Gaurko bisitaldiari amaiera emateko, Dimara gerturatuko gara. Joxe Miel Barandiaranek 1932. urtean udalerri honetan facies musteriense edo Erdi Paleolitoko aztarnategi bat deskubritu zuen, Baltzolako haitzulotik gertu. Haraino iristeko bideak kondairetakoa dirudi, ezen, Axlor haitzak babestuta, Jentilzubi izeneko arku natural baten azpitik igaro beharko gara...

Baina herrira itzuliz, eta bere kaleetan barneratuz, hainbat harribitxik bidea zabaltzen digutela ohartuko gara. Merezi du San Pedroren Parrokia (XVIII. mendekoa da egun ezagutzen dena), edo Ugarana auzoan dauden hilerri zein Pietatearen baselizara (XVIII. mendekoa) gerturatzea.

Txango honetan harri preziatu gutxi batzuk besterik ez ditugu deskubritu. Arratia oso zabala da, eta guztiak egun bakarrean bisitatzea baino, dosi txikiagotan gozatzera animatzen zaituztegu.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Pasaia–Astigarraga
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com