Euskonews Gaztea

142 zbk.

Gaiak

Najwa Nimri

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Interpretazioaren munduan lan egiteko nabarmentzea ezinbestekoa da, ezen horretaz bizi nahiko luketen ehunka pertsona baitaude. Artista gai batzuek euren xedea lortzen duten bitartean, beste asko bidean geratzen dira, ametsa bete ezinik.

Eta Najwa Nimri Urrutikoetxea izena lortu duen horietariko bat da. Iruñean jaio zen 1972ko otsailaren 14an eta handik gurasoek bizitokia Bilbora lekualdatu zuten. Bere izenak estasi esan nahi du arabieraz eta horrela deitzearen arrazoia, aita jordaniarra dela da; ama berriz, euskalduna du.

Najwa Nimri  
Argazkia: Diario de Noticias de Gipuzkoa

Najwak diziplina desberdinak landu ditu bere ibilbide profesionalean, eta horretarako, normala den moduan, prestakuntza jaso behar izan du alor ezberdinetan. Besteak beste, Bizkaiko hiriburuan bizi zenean Lauro Abesbatzan aritu zen lau urtez kantatzen; Madrilgo William Layton Laborategian berriz, interpretazio eskolak hartu zituen, baita baletekoak ere, azken horiek Jon Beitia akademian.

Kantatzeko abilezia erakutsi du Najwak gaztetatik eta horri etekina atera dio. Hala, estilo anitzetako taldetan abestu izan du artistak; soula landu zuen Respect taldearekin, jazza berriz, Clan Clubrekin. Baina musikari gisa izena beranduago hartu zuen, hain zuzen ere Carlos Jean musikagilearekin elkartu eta Najwajean sortzerakoan. Bikote moduan atera zituzten lanen artean No blood (1998), Selection (2002) eta Till it breaks (2008) albumak daude. Gainera, Asfalto eta Guerreros filmetarako soinu bandak egin zituzten batera.

Halere, bere bakarkako bidea ere egin du esparru honetan eta hainbat album publikatu ditu, Carefully (2001), Mayday (2003), Walkabout (2006) eta El último primate (2010) hain zuzen ere.

Baina aipatu bezala, euskal artistak bestelako alorrak ere jorratu ditu gaur arte; aktore moduan ere ezagun baita. Aurreneko lana Santiago Seguraren Ni aquí, ni ahora laburmetraian eskuratu zuen. Horren ostean, Daniel Calparsororen eskutik pantaila handira egin zuen salto 1995ean, hain zuzen, Salto al vacío luzemetraian protagonista izan baitzen. Ordutik askotan aritu da zuzendari berdinaren gidaritzapean eta lan horien artean daude Pasajes (1996), A ciegas (1997), Asfalto (2000) eta Guerreros (2000).

Beste hainbat zuzendarirekin ere egin du lan, hala nola, Alejandro Amenábar, Julio Medem, Xabier Ribera edota Iciar Bollaínekin. Askoren artean, bere filmografiak honako izenburuak jasotzen ditu bere baitan: Abre los ojos (1997), Los amantes del Círculo Polar (1998), The Citizen (1999), Lucía y el sexo (2001), Fausto 5.0 (2001), La reina del bar Canalla (2003), A+ (Amas) (2004), El método (2004), Las vidas de Celia (2006), Oviedo Express (2007) zein Matahari (2007).

Gainera, bere interpretazioak –dela aktore moduan, dela musikari gisa– hainbat saritarako izendapena jaso eta zenbaitetan horiek eskuratzera eraman du artista. Hala nola, Goya Sarietarako izendapena jaso du lau aldiz (1999, 2001, 2002 eta 2003an), Onda Sariketan aktore onenaren galardoa eman zioten 1998an Los amantes del Círculo Polar filmean eginiko lanagatik; Salto al vacíorekin Ginebrako Zinema jaialdian aktore onenaren saria eman zioten, baita Mosku zein Angerseko zinemaldietan ere; guztiak, 1995ean.

Nimriren nahia, lan egiten duen pelikuletan ahalik eta pertsonaia ezberdinak interpretatzea da, eta musikari dagokionez ere, ohizkanpoko doinuak sortu eta jendarteratzea. Zenbaitetan misteriotsua da bere lana, goxoa bestetan, gogorra batzuetan, baina beti ere karismaz beteta zuzentzen zaio publikoari eszenatoki zein pantaila batetan.