Euskonews Gaztea

142 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXV): Pasaia–Astigarraga

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
  Donibane
Pasai Donibaneko etxeak. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Gipuzkoari dagokio aste honetako ibilbidea, eta gure noranzkoa Oarsoaldera bidean ipini eta Pasaiako badia ezagutzera gonbidatzen zaituztegu, ezbairik gabe, kontraste handiko tokiarekin bat egitera.

Pasaiako auzoetan barrena

Halaxe da. Inguruaren ezberdintasunak gure arreta piztuko duela zalantzan izan barik, lau barrutiz osatutako udalerrian barneratuko gara; hala, Trintxerpe, Pasai Donibane, Pasai San Pedro eta Pasai Antxo auzoak bisitatzeko parada edukiko dugu. Herria berez, 1805an eratu zen, baina orduan ez zuten lau barrutik osatzen, hiruk baizik; hain zuzen ere, 1990. urtean Trintxerpe San Pedrotik banandu zen eta beste hirurei gehitu zitzaien.

Argazkia  
Etxeak urertzean. Argazkia: José Ma Aguirre Arocena (3digitala)

Lau auzo, lau toki nahiko desberdin beraien artean eta guztietatik erakarriko gaituen zerbait aurkitzea ez da zaila izango. Aukera ezberdinak ditugu herria bere osotasunean ezagutzeko; alde batetik auto edo oinez bisitatu ditzakegu barruti ezberdinak, baina baita barkuz ere, eta azken aukera horrek zonaldearen bestelako ikuspegia eskainiko digu. Halere, goazen moduan joanda ere, argi geratuko zaigun gauza bakarra, pertsonak hartzeaz gain Pasaia itsasontzien joan–etorrien testigu ere badela da: arrantzontziak hartzen ditu, merkantzia eta txatarra ontziak...

Besterik ere badago ikusteko, noski. Pasai Donibanen –lauetatik auzorik zaharrena–, esaterako, XIX. mendean Victor Hugo idazleak ostatu hartu zuen etxea bisita dezakegu, gaur egun turismo bulego lanak egiten dituen eraikina. Donibanen segituz, XVIII. mendean sortu zuten kalean –bakarra baitago– barrena ibili eta etxeen kolore anitzarekin gozatuko dugu. Bide batez, ikuspegi bitxia ere agertuko zaigu begien aurrean, etxeak oso–oso gertu geratzen baitira urertzetik.

San Pedrora joanez gero aldiz –Donibane parean geratzen da auzunea–, 1734. urtean eraberritutako elizak aurretik zeukan estilo erromaniko eta gotikoaren aztarna batzuk mantentzen ditu egun, eta zergatik ez gerturatu eta altxor horiekin gozatu!

Udaletxea  
Astigarragako udaletxea.

Arkitektura eta sagardoa

Baina atzean utziko dugu Pasaia eta barnealderantz egingo dugu, hain zuzen ere Astigarraga bisitatzera joango gara, gure aurreneko geldiunetik 8 kilometro ingurura.

Alde batetik, herri txiki baina xarmangarriak bisitariari eskaintzen dizkionekin atsegin hartuko dugu. Hala, XIII, XVIII zein XIX mendeko arkitekturak ongietorria egingo digu eta besteak beste, Jasokundeko Andra Mari elizara, udaletxera, Plazaetxe eraikinera –antzinako udaletxea omen zena– edota Murgia Jauregira gerturatuta, garai bakoitzeko zertzeladak gertutik ikusteko parada izango dugu.

Baina Astigarragan egonda herriak jasotzen dituen 20 sagardotegietakoren batetara joateko aprobetxatzea ere ez legoke tokiz kanpo. Hala, indarberritzeko, gure ahosabaiak txuleta, bakailao, intxaur eta gaztaz goza dezan tartetxo bat hartuko dugu, eta gustuko duenak zintzurra sagardo freskoz busti dezala. Tradizio handiko ohiturak bizirik baitirau XXI. mende honetan, eta gure arbasoen antzera, jatordu eder horrekin disfrutatzera animatzen zituztegu.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com