Euskonews Gaztea

142 zbk.

Maialen Lujanbio
Maialen Lujanbio
(Hernani, 1976)

Maialen Lujanbio Zugasti 33 urteko gipuzkoarra da. Arte Ederretan lizentziatu zen arren, ofizioz bertsolaria dela adierazten du. Horren erakusgarri da gaur arte eginiko ibilbide oparoa. Besteak beste, txapela jantzi zuen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan helduen mailan 1991 eta 1994ean; Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketan txapeldun izan zen 2003an; Euskal Herriko Txapelketa Nagusian 1997 eta 2005ean finalista izan zen, 2001ean txapeldunordea eta 2009ko abenduaren 13an jantzi zuen txapela.

Elkarrizketa

Maialen Lujanbio. (Bertsolaria):
Barre edo negar eragitea ez da bertsolariaren xedea, ondorio bat baizik

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak eta testua
Bideoa: Euskomedia Fundazioa

Gaztea, emakumea eta beste titulu ugariren artean, 2009ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko irabazlea. Kontraesana dirudien arren, ez zaio burura igo txapela; oinak lurrean eta eginiko lan handiaren ordainsaria izan denaren konbentzimenduz, Euskonews Gaztearekin solasalditxoa egiteko parada hartu du. Hitz egin dugu abenduaren 13az, bere gustuez, prestaketa moduez...

Arte Ederrak karrera ikasi zenuen, baina artista, bertsotan zaitugu!

Egia esan ez dut gauza handirik egin artearen eremu horretan. Lehen dezente marrazten nuen eta noizean behin horretarako gogoa sartzen zait; egunen batean berriz helduko diot, baina artea barik, eskulan gisa. Gehien bat letrei lotuta egon naiz gaztetxotatik; bai bertsolaritzan eta baita horren periferian ere, dela testu literarioak idazten, prentsan...

Makina bat elkarrizketa izango zenituen orain arte eta ziurrenik galdera posible guztiak egingo zizkizuten dagoeneko.... Baina ahalegindu gaitezen originalak izaten... Zorionak txapeldun!

(Barre) Milesker, estimatzen da! Badirudi halako egoerei buruz teorizatu edo amesten duzunean gauzak ikusgarriagoak, handiagoak irudikatzen dituzula benetan direnak baino.

Baina nire kasuan behintzat, saio on bat egiteko mentalizatuta eta nahiko zentratuta nengoen eta bertsotan aritzera eta disfrutatzeko gogoz joan nintzen BECera. Esan dezaket nire ibilbidean beste maila bat gorago igotzea izan dela Euskal Herriko Txapelketa Nagusia irabaztea –noski, mailarik altuena da. Agian nik txapela janztea 0tik 10erako salto bat moduan ikusi du jendeak, eta oihartzun handia hartzea normala da. Baina berez, bidean koska bat gorago egitea izan da, eta horrexegatik nahiko baretasun handiz bizi izan dut; poztasun handia izan da, baina lan gogorraren emaitza azken batean.

Zure jarraitzaileek eguna iritsiko zela sumatzen zuten ziur.

Horrenbeste urte honetara dedikatuta... Azken batean 11 urterekin hasi nintzen bertso–eskolan, eta 15ekin egin nuen nire aurreneko plaza. Hori bai, iritsi zitekeen txapela janzteko eguna, edo ez. Hau da, jende gutxik edukitzen ditu lau urtetik behin planeta guztiak lerrokatuta eta gainera, irabazteko aukera izatea.

Bestalde, urte dezente daramatzat bertsolaritzaren maila gorenean; bigarren, hirugarren eta zortzigarren ere egin dut txapelketatan; ehunka plazatan aritu naiz eta azkenean jantzi dut txapela. Baina esandakoa, gerta zitekeen ez irabaztea, beste askori pasatu zaien moduan, faktore askoren konbinazioaz lortu bainuen garaipena.

Komentatu duzun beste gauza bat, 2009ko abenduaren 13an disfrutatu egin zenuela da. Posible da horrenbeste jenderen aurrean gozatzea?

Disfrutatzeko modu desberdina da, ez da entzulearen gozamen berdina, noski. Ez dago erlaxaziorik eta azken batean, lanean atsegin hartzea da. Ezbairik gabe, bertsotan ongi nenbilelako gozatu nuen, nahiz eta tentsio maila handia egon –hots, asko exijitzen zaigu eta, guk kontzentrazio maila altua edukitzen dugu. Oro har, psikologikoki tentsio handiko uneak dira, baina gozamenaren bertsio desberdina dela esango nuke. Eta gainera, 15.000 pertsonek gorputz eta arima animatzen zaituztela ikustea...

Maialen LujanbioModu bereziren batetan prestatu al zinen egun handirako?

Denok prestatzen gara txapelketetarako, bakoitzak bere teknika dauka eta gauza abstraktua eta intuitiboa dela esango nuke. Teknikoki, doinuak probatu nituen, errimak, saiatu nintzen gaurkotasuneko eta bizitzari lotutako gaietan pentsatzen, jarrera azaltzen... Urte guztian zehar plazak egiten ibiltzea entrenamendua da, baina txapelketa aurreko guzti hori, azken esprinta dela esan genezake.

Txapelketak salto kualitatibo bat ere ekartzen du askotan bertsokeran, eta nolabait inflexio puntu bat izaten da bertsogintzan, ezen jendeak horren gainean lan egin eta hausnartzen baitu eta horrek aldaketaren bat ekar baitezake.

Eta prestakuntza sasoi horretan gau eta egun jasaten zaituenik edukiko duzu inguruan!

Bai, eta oso garrantzitsua da gainera. Izan ere, badirudi oso lan pertsonal eta indibiduala dela bertsolariarena, baina benetan lan kolektibo bat eskatzen du. Nahiz eta oholtza gainean zortzi bertsolari bakan izan, talde kontzientzia ere badaukagu eta denon artean ateratzen dugu saioa.

Baina backstage edo oihal atzean, badago esate baterako bertso–eskola: doinu berriak bertan probatu ditut, haiek iritziak eman eta ekarpenak egin dituzte... Eta hor dago noski, inguruko jendea, familia, lagunak... Azken batean, gogo–aldarteaz arduratzen direnak, zure mintzagai bakarra agoantatzen dutenak.

Bertsolaritzari buruz ezertxo ez dakien norbaiti, nola azalduko zenioke zer den pasioz bizi duzun hori?

Saio batzuetara eramango nuke uler dezan, baina beno, definizioz bertsolaritza zer den labur azaltzeko, kantu inprobisatua dela esango nioke eta Euskal Herrian beti–betiko espresio kulturala izatetik, jardun artistiko eta gaurkotua izatera igaro den ekimena dela. Jendeagan –eta gazteengan– arrakasta handia daukan euskarazko ekimena da eta bere munduari zein inguratzen duen munduari kantatzen dion talde batek osatzen du. Hauek denetariko gaiak hartzen dituzte ahotan: kulturalak, politikoak, sozialak, umorezkoak...

Bestalde, bertsolaritza plazatan belaunaldi ezberdinetako entzuleak batzen dituen ekimena dela esan beharko genuke, eta printzipioz behintzat, gaur egungo ikuskizunen arauen nahiko kontrako jarrera dauka: a capella kantatzen da, mugimendurik gabe, iluminaziorik gabe... Espektakulu oso geldia da eta apaindura gutxikoa, eta harrigarria da hitzak nola izan daitezkeen XXI. mendean halako jendetzarentzako amua.

Gainera, entzuleari ere ariketa eskatzen dion ekimena da, hau da, ez da eseri eta entzutea soilik; gauzak ulertu eta jarraitzeko lan egin behar du eta hori, egungo logiketatik at geratzen da. Interesgarria, benetan.

 

Jorratzen dituzuen gaiak anitzak direla aipatu duzun arren, ez dakit uneren batetan auto–zentsurarik egin ote duzun.

Txapelketatan ez zait gertatu, egia esan, plazaren batean akaso; baina uste dut hori bizitzako eremu guztietan ematen dela. Bertsotan beti ari zara neurtzen zer esan nahi duzun eta non ari zaren kantatzen, publikoaren perfila nolakoa den... Nolabaiteko masa psikologiko bat, hau da, publikoaren erretratu moduko bat egiten duzu eta esatera zoazen hori nola har dezaketen badakizu gutxi gorabehera. Zure aukera da orduan esatea edo ez. Akaso publikoa muturtuko da, baina probokazio hori bilatuz gero, aurrera jarraitzen duzu. Bestetan berriz, mingarria suerta daiteke gai bat tratatzea, eta ez duzu aipatzen...

Gainera, badirudi auto–zentsuraren gaia beti gatazkari lotuta dagoela, baina mila gauzatan izan daiteke, Alardeari buruz, generoari buruz... Ez dut esango gertatzen ez den gauza bat denik, baina gogoratu behar dugu bertsolariak egiten duen hautua izaten dela.

Aktoreek barre eragitea ez dela erraza esaten dute.

Nik uste dute bertsolarien xedea ez dela barre edo negar eragitea, ondorio bat izan beharko luke horrek. Eta jarrera hori hartzea ez zait oso argia iruditzen, eta puntu bateraino manipulatzailea ere izan daiteke. Aurretik negar edo barre eragitean pentsatzen dagoenaren jarrera okerra dela pentsatzen dut. Bestalde, bertsolariak bere alde ludiko eta dibertigarria dauka, ezbairik gabe, eta egin behar duena transmititzea da.

Bat–batekotasunean ez da pentsatzeko denbora askorik egoten eta gure trikimailuak izaten ditugu, estereotipoak eginak daude eta horiek ere baliatzen dira jendeak identifikatzen dituenak direlako; batzuek barre eragiten dute, negar besteek. Eta askotan topiko horietatik ihes egiten saiatzen gara.

Existitzen dira beraz trikimailuak bertsotan!

Bai teknikoak eta baita bestelakoak ere, gainera. Urte asko daramatzan bertsolariak publiko hori eta bere psikologia ezagutzen du eta badaki zer kanta dezakeen eta zer ez –harrigarria da nola ikasten duzun hori identifikatzen. Trikimailua baino, plazaren ezagutza da gehiago.

Eta badago kantatuko ez zenukeen gairen bat?

Ez dut uste. Gainera, gauza gehienei buruz abesteko aukera dago, nahiz eta zeharka izan. Gai libreko saioetan edota agurretan aukera daukazu bestela ateratzen ez diren gauzen gainean abesteko, eta esan nahi duzuna esateko.

Non nahiago duzu kantatzea, plazan, tabernan, bazkari–afari batetan...?

Dena da gustagarria, ezberdinak baitira. Eta tokia aldatzearekin batera, egoera ere diferentea izatera pasatzen da, dela giroa, publikoa... Bestalde, asko gustatzen zaidan formatua, zine txiki bat eta lau pertsonatako taldea da, oso ondo funtzionatzen duela iruditzen zait. Gainera, bertso–afariak oso hurbilekoak dira, edo gaztetxe batetan, zu moduko jendearekin identifikatzerakoan ere eroso kantatzen duzu. Baina zugandik aski desberdina den publikoaren aurrean abestea aberasgarria da. Akaso ez da horren gozagarria, baina interesgarria dela ezin ukatu.

Maialen eta Joxe Agirre  
Joxe Arregiren eskutik jaso zuen txapela Maialenek. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Tokia aipatu dugu, baina zer diozu kantatzeko uneari buruz?

Noski, ez dugu beti bertsotarako gogoa izaten, gorabeherak egoten dira normala den moduan. Halere, jendaurrean ipintzearekin batera barrendik ateratzen ditugu indarrak eta nekeak eta abar alboratzen saiatzen gara. Bolada txarrak egoten dira dudarik gabe, eta egongo dira aurrerantzean ere; eta egoera horretan agian saio on bat ateratzen zaizu! Horrelako misterioak ditu bertsolaritzak.

Halere, oraindik ez dugu BECen elkartu zen jendetzari buruz hitz egin.

Momentuan bertsolariok ez garela hortaz ohartzen esango nuke, irakurketa hurrengo egunean egiten dugula eta orduan izutzen gara. Ezen txapelketa momentuan lanean gaude eta kontzentratuta; gainera, ez duzu jendetza guzi hori ikusten, masa bat ikustea moduan da, berdin da 200 pertsona edo 15.000. Ez zara dimentsio horren jakitun.

Kuriositatez, nondik datorkizu zaletasun hau, etxetik?

Ez, ez. Etxean ez zegoen aparteko bertso–girorik, eta ni hasi nintzenean orduan ekin zion aita berak zekizkien bertsoak irakasteari, amonak ere asko zekizkien... Ez dakit oso ongi nondik datorkidan zaletasuna; beno, Hernanin bertan afizio handia dago eta Txirrita moduko mitoa hor dago, hernaniarra bera. Ikastolan bertso zaharrak ikasten genituen eta gainera bertso–eskola geneukan... Azken batean, bertso–eskolak bultzatu ninduen benetan afizioa konpartitzera.

Eta bertso–eskolek garrantzia dute benetan, ezen bertsogintza lantzeaz gain, eragile bihurtzen dira eta azken batean, ekimenen antolatzaile. Eta esango nuke BECera gerturatutako jende horien motiboa bertsolari eusten ari diren bertso–eskolak izan direla.

Eta heldutasunera iritsita bertsotan ikas daiteke, edo funtsezkoa da gaztetan ekitea?

Hor beste galdera bat legoke, zertarako nahi duzu bertsotan egin? Txapeldun izateko? Lagunekin aritzeko? Garrantzitsua da norberak bere helburuak markatzea, eta zilegi iruditzen zait esaterako, gu hor gauden moduan beste batzuek ere ez dakit nora iritsi nahi izatea. Gainera, helduen bertso–eskolak ere egin dira, eta heldu, zahar eta gazteek hartu dute parte. Azken batean, estimatzen dutena beraien afizioa konpartitu ahal izatea da, disfrutatzeko elkartzea. Hauek ere, herrietan bertsolaritzarekin zerikusia duen guztia dinamizatzeko lan handia egiten dute.

Amaitzeko, ez dakit horoskopoan sinesten ote duzun...

Ez diot kasu handirik egiten egia esan...

Ba zureak –Sagittarius– horrela definitzen zaitu: intelektuala, zintzoa, egiazalea, umore onekoa eta apala omen zara.

Ez dago batere gaizki! (barre) Nik uste dut gauza onekin erraz identifikatzen garela, ezta? Ziurrenik beste baten horoskopoa begiratu eta gauza positiboak irakurriz gero, harekin ere berdinduko nintzatekeela!

Ez, baina egia esan ez dakit nola deskribatuko nukeen nire burua, hori guztia eta gehiago izango naiz, eta ziurrenik, baita gauza itsusiagoak ere! (barre)