Euskonews Gaztea

141 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXIV): Erriberrira bidean

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Nafarroa aukeratu dugu aste honetan gure lurraldean barrena dauden leku zoragarriak deskubritzeko, eta Iruñetik 45 kilometro ingurura emango diogu hasiera hitzorduari.

  Olleta
Olletako haize–errota. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Leotz, abiapuntu

Tafallako lurretakoa den Leotz herriko Olletan emango diogu hasiera gure ibilaldiari, gure bigarren geldiunean izango den San Martin Unxetik oso gertu. Han, muinotxo batetan, altxor arkitektoniko batzuek ongietorria egingo digute; hain zuzen ere, XVII. mendeko erroten edertasunak beste garai batetara eramango gaitu.

Irudi eder hori gogoan hartu eta, aurrera egingo dugu gure bidean eta mendeetan Nafarroako Erregeen menpeko San Martin Unxera helduko gara. Iristearekin, herriko toki garai batetik, San Martin parrokia erromanikoak eraiki zenetik sanmartindarrak kontrolatzen dituela ohartu gara; eraikina XII. mendean –1156– altxatu zuten eta trikimailu bat gordetzen du bere barnean: hain zuen, eremuaren desorekari aurre egiteko kripta bat eraiki zuten parrokiaren azpialdean.

Sasoi batean Nafarroan jasotako eraikuntza erlijiosoak asko izan ziren, eta San Martin Unx herri txikia izanagatik ere, –ez da 500 biztanletara iristen– beste eliza bat ere badauka bere lurretan; hain zuzen, Popoloko Andra Mariren eliza; XVIII. mendeko estilo gotikoko eraikina da, eta garai bateko harresiaren barruan aurkitzen zen.

Bestalde, aipatzekoa da, herrixka nafar honetan Brontze Aroko zein Erromatar Garaiko aztarnak aurkitu zituztela, eta horrek, oraindik ere interes handiagoko toki bihurtzen du San Martin Unx.

Argazkia  
Nafarroako Erregeen Jauregia. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

Erriberrirantz

Baina ez diogu bertan emango amaiera Nafarroako lurretan burutzen ari garen txangoari, eta Erriberrira egingo dugu, Olitera. Udalerriak garai ezberdinak bizi izan ditu historian zehar; Olite erromatarra izan zen, bisigodoa, eta baita Iratxeko monasterioaren menpekoa ere. Hala, ez da harritzekoa Erriberriko kale eta eraikinetan iragan garaietako aztarnak nonahi aurkitzea.

Baina akaso Olitera gerturatzen diren bisitariak beste zerbaitek erakarrita hurbiltzen dira; hain zuzen ere, Nafarroako Erregeen Jauregiak –edo Oliteko gaztelua bezala ezagun denak– xarma handia ematen dio tokiari. Bi mende behar izan zituzten amaitzeko, XIII. mendean hasi eta XV.era arte ez baitzuten amaitu.

Carlos III. Noblearen burutazioa izan zen eta estilo gotikodun eraikuntzak indar berezia eman zion herriari. Alde batetik gazteluaren edertasun ukaezinak inguruak are politagoak bihurtu zituen. Baina bestaldetik, indarra eman zion estrategikoki ere indarra eskuratu zuen zonaldeak, ezen funtzio militarra izan baitzuen hasieratik. Halere, XX. mendean (1937) berreraikia behar izan zuten, mendeen iragaitearen arrastoak konpondu asmoz.

Bertaratuz gero, historian atzera egin eta garai zaharretako bizimodua harresi barruan nolakoa izan zitekeen amesteko aukera bikaina aurkezten zaigu begien aurrean. Animatuz gero, harribitxi honekin gozatzeko deia egiten dizugu.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Mungia aldean
Uribarri Ganboa urtegia inguratuz
Erriberrira bidean
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com