Euskonews Gaztea

139 zbk.

Gaiak

Txema Auzmendi

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Jesuita ezaguna da Txema Auzmendi. Gipuzkoarra, Ordizian jaio zen 1949.urtean eta besteak beste kazetaritza eta euskalgintzaren aldeko lanak publikotasuna eman dio.

Auzmendik ordea, ez du betidanik euskaraz egin; hain zuzen ere, bost bat urte zituenetik hogeita bi eduki arte gaztelaniaz bizi zen gipuzkoarra. Arrazoi ezberdinengatik eman zen egoera hori, batetik Frankoren diktaduraren eraginez berau galdu izana dago, eta bestetik, hogei urteak beteak zituenera arte ez zuelako hizkuntzarekiko sentsibilizazio hori bereganatu. Hala ere, gerturatu zen euskarara eta ordutik lengoaia zaharra lagun izan du bere bidean.

Txema Auzmendi  
Argazkia: Maider Sillero.

Euskal Herrian hasi zen ikasketak egiten, hain zuzen ere batxilergoko aurreneko urratsak Ordizian eman zituen. Bukatu aurretik, baina, 1962an Gijoneko Lanbide Eskolan hasi zen eta azkenean, 1964tik 1966ra Xabierren (Nafarroa) amaitu batxilergoa. Hemeretzi urterekin berriz, bere bizitzako aukera egin eta Jesuitetan sartu eta 1978an apaiztu zen.

Goi Mailako ikasketak ere burutu zituen Txemak, hain zuzen ere, Filosofia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta 1978an Alemaniara mugitu eta Teologian lizentziatu zen; 1980.urtera arte egon zen Frankfurten. Mexiko aldera ere bidaiatu zuen 1985ean eta urtebetera itzuli eta 1988ra arte Azpeitian finkatu zuen bizilekua. Handik Donostiako Altzako etxera mugitu eta 12 urtez egon zen bertan.

Milurtekoarekin batera, Txema Auzmendi Donostiako Loiolaetxera aldatu zen, eta sei urtez bertako arduradun izan zen, 2006ra arte. Zentro honek berebiziko eginkizuna betetzen du; besteak beste, urte dezenteren ostean kartzelatik irten berri dauden pertsonei harrera egiten die eta gizarteratzeko sostengua eman. Besteei laguntzeaz gainera, egoerei aurre egiteko bide berriak eskaini dizkio ordiziarrari lan honek.

Kazetaritza lanei 1988an ekin zien, Luixio Agirre jesuita lagunak animatuta Loiola Irratian hasi zenean, hain zuzen; bi hamarkada baino gehiago eman ditu horretan. Bestalde, Auzmendi Egunkaria Sortzen taldeko bultzatzaileetariko bat izan zen eta Euskaldunon Egunkariaren sorrera hasiera–hasieratik bizi izan zuen. Gainera, 1990an sortutako euskara hutsezko egunkariko Administrazio Kontseiluko idazkaria izan zen. Baina egun latza iritsi zen 2003ko otsailaren 20an eta Euskaldunon Egunkaria ixtearekin batera, Guardia Zibilak jesuita euskalduna atxilotu eta 20 egun egin zituen preso. Epaiketaren zain egon da harik eta 2009ko abenduaren 15ean hasi zen arte, eta epaia noiz iritsi dago. Kazetaritzak mundu berri bat ezagutzeko parada eman dio gipuzkoar honi, baina zoritxarrez, batzuen asmo txarrak egoera beltz ikustera eraman du Urte berriarekin situazioak hobera egitea euskaldun guztion gogoan dagoen zerbait da.

Halere, gizarte honen aldeko lan eskerga egin duela ezagun da euskaldunon artean, eta modu horretan, Gipuzkoako Diputazioak preso zein etorkinekin burututako lana medio, Giza Eskubideen saria eman zion 2004an. Eta Egunkaria aferaren erdian, halako aintzatespena jasotzeak poza sortu zuen jesuitarengan.

Urte guzti hauetan Txema Auzmendi gizarte gaiekin konprometitu da, kazetaritza lan handia egin du eta horri guztiari euskaltzaletasuna gehituz gero, herri honetan ahaztu ezingo den izen bilakatu du berea.