Euskonews Gaztea

139 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXII): Mungia aldean

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Oraingo honetan Bizkaiko bi udalerritatik barrena bidaiatuko dugu, historiaren zantzuak bilatuz; horietariko batzuk zaharrak izango dira, besteak modernoagoak, baina beti ere, ezagutzeko modukoak.

  Derio
Urrutira, Derioko Seminarioaren ikuspegia.

Derio izango dugu abiapuntu txango honetan. Denboraren joan–etorriek eraldaketa handia ekarri diote udalerriari, esate baterako nekazaritzarekin zein hizkuntzarekin lotutakoak. Baina badago herriak hainbatetan pairatu duen aldaketa: Derio beraren eskumena. Hain zuzen, garai batean herriaren zati bat Mungiako alkateak zuzentzen zuen; hala, XX. mendera arte bi herrien artean zeuden banatuta herritarrak harik eta guziak Derion batu ziren arte. Bestetik, Zamudiorekin ere hartu–emana izan du; 1928an bi herriek bat egitea erabaki baitzuten; halere, ez zuen asko iraun ekimen horrek, 1934an banatu baitziren. Eta ostean, Bizkaiko hiriburuaren txanda izan zen; 60ko hamarkadaren erdian (1966) bere egin baitzuen herria, 1981era arte.

Esan dugun bezala, Derioren eraldaketa itzela izan da historian zehar eta hala, estatu espainiarretik bertara bizitzera joandako etorkin uholdeka bizimodua erabat aldatu zuen XX. mende hasieran. Auzune berriak sortu ziren, eta ordura arteko soro eta nekazaritza gune nagusiak desagertu ziren; egun, industrializazioa da nagusi.

Baina badago mantendu diren hainbat arkitektura lorratz, esaterako. Horien artean, San Esteban baseliza dago, XVII. mende ingurukoa dena. San Kristobal elizak ere bisitatzea merezi du; X. mende inguruan altxatu arren, XVIII.ean berriztatukoa da. Bestalde, Deriok garai ezberdinetako hiru errota kontserbatzen ditu: XVI–XVII mendeetako Doñabeitia, Arzubia eta Orroño (XVIII).

Mungia  
Urgoiti Jauregia, Mungian. Gaizka Garamendi (3digitala)

Udalerriak bere barnean bigarren herri bat daukala esan genezake, nahiz eta ez izan bizidunen herria. Bertako hilerriari buruz gabiltza, Vista Alegre deitzen da eta 1895. urtean eraiki zutenetik, Bizkaiko nekropoli handi eta garrantzitsuena dugu.

Baina atzean utziko dugu Txorierri eskualdea eta mendixkez inguratuta, ongietorria egiten digun Mungiarantz abiatuko gara. Herriaren aurreneko aipamena XI. mende hasierakoa da, datuen arabera, 1051an aurrenekoz agiri batetan agertzen da Mungia. Orduan ez zen herrixka txiki bat besterik, eta eliza zuen ardatz nagusi. Halere, denborarekin gauzak aldatuz joan ziren, eta kostara joaten zen bidea bertatik igarotzen zenez, horri probetxua atera zioten herritarrek. Dorretxez zein bestelako eraikin dotorez hasi zen betetzen herria, eta oraindik ere, horietariko batzuk zutik jarraitzen dute.

Zumetxaga  
San Migel Zumetxagaren ermita, Mungian.

Horien artean, ikustekoa da San Migel Zumetxagaren ermita; XIII. mendean eraikitakoa eta estilo erromanikokoa izan arren, gotikoaren zantzuak ere badauzka. Bestalde, XVI. mendeko Larrauriko Santa Maria parrokia edota XIII. mendeko Urgoiti Jauregiek ere denboraren xarma beraiekin mantentzen dute. Azken horren gaineko bitxikeria, Galdakaon zegoela aurrena, eta harriz harri eraman zutela Mungiaraino eta bertan berreraiki.

Halere, Gabon garaian Mungia bisitatzen dutenek, bestelako tokia bilatzen dute. Hain zuzen ere, magiaz beteta dagoen Izenaduba basoak jende andana erakartzen du. Zergatik? Olentzeroren baserria dagoelako bertan eta ilusioak bisitarien bihotzak hartzen ditu. Mari Domingik, Tartalok eta gure mitologiako hainbat pertsonaiekin egingo dugu topo eta gehiago ikasiko dugu haiei buruz.

Hurrengoan Araba aldera joango gara Euskal Herria ezagutzeko gure asmo honi jarraituz. Bitartean, animatu orain arteko 18 ibilaldietakoren bat egitera!

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra inguruetan
Txingudiko badian
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com