Euskonews Gaztea

138 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XXI): Txingudiko badian

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Gipuzkoa eta Lapurdi aldean ibiliko gara oraingo honetan; kostaldeko haizea bidelagun izango dugu eta toki benetan ederrekin gozatzeko tartea hartuko dugu.

  hondarribia
Hondarribiko Gipuzkoa Plaza. Argazkia: Montxo (Juan Sánchez) (3digitala)

Hala, Hondarribian geratuko gara lehendabizi, bere erdigunearen dotoretasunarekin gozatuz; Alfonso VIIIaren eskutik 1203. urtean jaso zuen hiribildu titulua, eta 2001an izendatu zuten monumentu historiko. Udalerria harresiz inguratuta egon da mendeetan zehar herritarren babesa ziurtatuz; eta oraindik ere, gozatu daiteke murruaren aztarnekin.

Zalantza barik, herriaren xarma handiena erdigunean aurkituko dugu, ezen Erdi Aroko kutsuz beteriko kale eta eraikinek ongietorria egingo baitigute. Hala ere, historian zehar emandako hainbat gertaerengatik askotan berregin behar izan dute alde zaharra; 1461 eta 1498ko suteak edota 1521, 1638, 1719 zein 1794an sofritutako setioak daude arrazoien artean.

Hondarribiak ikusteko moduko hainbat toki eskaintzen dizkio bisitariari, hala nola, XVIII. mendeko Guadalupeko ermita, XV eta XVI mendeen artean eraikitako Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliza zein XVI–XVII. mendeko Egiluz jauregia. Bestalde, itsasoko brisa gustatuz gero, erdigunetik kanpo dagoen portutik paseatzeko ere aprobetxatu daiteke.

  Irun
Irungo Ensanche plazako kioskoa. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Hendaiarako bidean jarriko gara, eta bi aukera proposatzen dizkizuegu. Bata, Txingudiko badia ezagutzeko modu original bat, hain zuzen ere Hondarribia–Hendaia elkartzen dituen barkua –udan dauka zerbitzu zabalagoa halere. Bestea, Irunetik igaro eta handik Hendaiara joatea; guk azken hori egingo dugu.

Irundik Hendaiara

Hala, lau kilometro ingurura dagoen Iruneraino joango gara; Hondarribiak hiri gutuna jaso zuenekoa da herriaren aurreneko aipamena, XIII. mendekoa, beraz. Irun Nafarroarekin mugan dagoenez gero, historian zehar Gipuzkoaren parte izateaz gain, nafarra ere izan zen udalerria.

XVIII. mendeko udaletxea daukate irundarrek; Aldabe edo San Martzial mendia eta bertako ermita –XVIan eraikia– ere leku esanguratsuak dira herritarrentzako; edota XVI eta XVII mendeen artean eraikitako Junkal Eliza ere ikustekoa da.

Hendaia  
Hendaiaren ikuspegia. Argazkia: Kepa Etchandy (3digitala)

Atzean utziko dugu Irun eta gure ibilbidearen amaierara iristen joango gara. Hiru kilometro ingurura Lapurdin sartuko gara, eta bertan, Hendaia bisitatuko dugu. Bertan itsasoratzen da Bidasoa ibaia, Hondarribia eta Irunetik igaro ostean. Hendaiaren sorrera Urruñaren aginduz sortu zen 1654an eta parrokia gisa baliatzeko tokia zen.

Hondartza eder baten jabe dira hendaiarrak, eta Arroka Bikiak ere aurkituko ditugu kostaldean, eta hauek, forma bitxiak eskaintzen dizkiguten naturaren fenomenoak dira. Horrez gain, besterik ere bisitatu ahalko dugu Lapurdiko udalerrian, esaterako XVI. mendean altxatutako San Bixintxo eliza –nahiz eta XX. mendean sarritan berritu zuten. Bestalde, 1864 eta 1871. urteen artean eraikitako Abbadiako Gaztelua; bertan bizi izan zen Antoine D’Abbadie zientzilari eta euskaltzale ezaguna. Eta ezin ahaztu XX. mende hasieran eta garai batean glamourraren ikur izan zen kasinoa.

Gaurko bidaiari amaiera eman eta, adio batekin uzten zaituztegu hurrengo hitzorduan Euskal Herriko zein txoko bisitatu pentsatzen dugun bitartean.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Lizarra ingurueta
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com