Euskonews Gaztea

137 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XX): Lizarra inguruetan

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Lizarrako merindadera egingo dugu oraingoan. Bertan, Lizarra, Aiegi eta Villatuerta bisitatuko ditugu eta toki haietako historiaz kutsatzen utziko gara.

  Villatuerta
Villatuertako San Migel baselizan aurkitu zuten Erromatar Garai aurreko hilarria.

Hala, Iruñetik 40 kilometro ingurura gure aurreneko geldiunea egingo dugu, Villatuertan, hain zuzen. Iritsi bezain pronto ohartuko gara udalerria bitan zatituta dagoela ibai batek zeharkatzen baitu herria alderik alde, zehazkiago esanda, Irantzu deitzen den errekak.

Villatuertan gaudela, Erdi Aroko hainbat eraikin aurkituko ditugu gure bidean, esate baterako, XIII. mendean altxatutako zubia, oraindik ere garai hartako zantzuak kontserbatzen dituena gainera. Nola ez, Villatuertan ere eraikin erlijioso ugari jaso dituzte historian zehar; eta arrazoien artean, Donejakue Bidea bertatik igarotzen dela. Besteak beste, Jasokundeko Eliza –XIII.ean altxatu eta XIV.ean berreraiki zutena– edota Lizarrara bidean Mairuen Aldapa deitutako tokian aurkituko dugun San Migel baseliza. Herriko eraikin zaharrena dela diote datuek, X. mendetik existitzen da tenplua.

Mila urteko herrietara

Handik abituko gara gure bigarren helmugara, Lizarrara. Brontze Aroko aztarnak aurkitu zituzten udalerri inguruetan, aizkora eta bestelako erremintak deskubritu baitzituzten. Lizarraren sorrera berriz, XI. mendean kokatzen dute adituek –1090. urtean, zehatzago esanda– Donejakue bidea egiten zuten erromesei laguntzeko asmoz.

Lizarra  
Lizarrako Errege Jauregia.

Bestalde, Lizarran garai batean judu ugari bizi ziren eta beraien kultura ekarri eta komunitatea sortu zuten Nafarroako herri honetan. Garaiak aldatu ziren hala ere, eta 1145. urtean sinagoga izandako eraikinaren gainean Andre Mariren parrokia altxatu zuten. Garai modernoagoetara etorriz, auzo judutarra izandakoak monumentu nazional izendapena jaso zuen, aberastasun kultural, arkitektoniko eta historikoa medio.

Lizarran XVII. mende bukaerara arte Gramatika eskola bat zegoen, eta herriko zein inguruko gazteak bertaratzen ziren estudiatzera. Bisitatzea merezi duten eraikin zibil ugarik ongietorria egingo digute. Esate baterako Errege Jauregia, edota Gobernadorearen Jauregia, azken hau XVI. mende amaierakoa. Gaienera, XVI. mendeko iturri errenazentista eder bat ere aurkituko dugu San Martin plazan.

Baina gure ibilaldiari amaiera ematen joango gara, eta horretarako Lizarratik bi kilometro eskasera dagoen Aiegiraino abiatuko gara. Historian atzera eginez, eta 1353ko datuei erreparatuz gero, garaiko herritarrak Iratxeko Monasterioko apopiloen morroiak ziren; ezen XI. mendetik XIX. mendera arte abade–etxeko jaurerriaren jabetzakoa izan baitzen herria.

Iratxe  
Iratxeko Monasterioa.

Aiegin bertan badaukagu zer ikusi, esaterako Foruen Plazan XVII. mendeko San Martin eliza ikusteko parada daukagu. Hala ere, mende bat beranduago asko eraberritu zuten eta estilo neoklasikoa nagusi da gaurko itxuran.

Halere, esan genezake Aiegiren altxor preziatuena Iratxeko Monasterioa dela eta mendeetan zehar jende ugari erakarri duela arrazoi horrexek; baita gaur egun ere. Denboraren aztarnez beterik, Erdi Aroko, Errenazimenduko eta Gotikoko estiloak ditu bere baitan eraikinak. Hala, bere garrantzia medio, monumentu nazional izendapena jaso zuen XIX. mendean.

Gaurkoan entzutez horren ezagunak ditugun tokiak bisitatzeko gakoak eman dizkizuegu. Orain zuen txanda da.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz
Durangaldea
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com