Euskonews Gaztea

135 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XVIII): Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euskal Herria harribitxiz josita dagoela jakinda, gure ibilbidea burutzeko horietatik zein aukeratu ez da erraza; zorionez, gaurkoan bisitatuko ez ditugun tokiei buruz hitz egiteko parada edukiko dugu hurrengo batean.

  korres
Korreseko eliza.

Izkiko parkean

Mapa ireki eta gure noranzkoaren hautua eginda, Arabako ekialderaino joango gara, hain zuzen Mendialdea eskualderaino. Bertan, ikustekoa den herrixka bisitatuko dugu; Korres deitzen da, eta bere txikitasunean jasotzen dituen aberastasunek txundituta utziko gaituzte. Izkiko parke naturalean dago kokatuta Korres, eta Erdi Aroan jada existitzen zen; ezen Nafarroako Erresuma eta Gaztelaren arteko hainbat borroken testigu izan zela diote datuek.

Gainera, hainbat foru eskuratu zituen 1204an. Herri izaera mantendu zuen mendeetan zehar, baina azkenean XX. mendeko 60. hamarkadan, Arraia-Maeztu udalerriari gehitu zitzaion. Eskualde hartan bizitakoek ikatza eta abeltzaintza zuten diru-iturri nagusi mendeetan zehar. Hala ere, garai modernoagoak iritsi ziren eta inguru haietako meategiak ustiatzeari ekin zioten.

Hiru kale nagusi ditu Korresek, eta lehenengo harria ipini zutenetik gaur arteko bizipenen usaina darie zutik mantentzen diren eraikinei. Modu horretan, badago bisitatu daitekeen zubi gotiko bat edota XVI. mendean eraiki eta bi mende beradunago berreraikitako San Estebe parrokia eliza. Gainera, garai bateko harresiaren zantzuak, zein Portiella de Corres izeneko gazteluaren hondakinak topatuko ditugu gure bidean.

Izki  
Izkiko ikuspegia. Argazkia: Euskal Herriko Natura aldizkariak utzia.

Baina aipatu bezala, Izki parke naturalaren parte dugu Korres, eta horrexegatik, ezin aipatzeke utzi inguruaren ezaugarrietariko batzuk. Besteak beste, 1998tik parke natural izendapena darama Izkik; kontserbatu beharreko tokia da etorkizun oparo bat eman nahi badiogu bederen. Haritzez beteriko basoak nagusi diren arren, pago edota urkiak ere ugari dira. Ehunka espezieren artean, arrano beltzaren, basakatuaren edota gailurretako uhandrearen bizitokia dugu leku eder hau. Mendizaleek tontor ugari dituzte igotzeko, esate baterako, Kapildui (1175m), Muela (1056m) edota San Kristobal (1057m).

Iparralderantz, Maeztu

Gaurko helmuga zain edukiko dugu Maeztu herrian, Korresetik sei kilometro eskasera. Herri honen erreferentziak ere aspaldikoak dira; jaurerri izendapena jaso zuen 1369ko maiatzaren 12an Enrike II. Gaztelako erregearen eskutik. Historiako pasarteen eszenatoki izandakoa da, horien artean, Independentzia Gerlan edukitako garrantzia, edota Zumalakarregi jenerala bertan borrokatu zuela Gerra Karlistan.

  Maeztu
Maezturen ikuspegi bat. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Badaude bertaraino gerturatu eta begiztatzea merezi duten toki asko eta asko; eraikuntza erlijio edota zibilak deigarriak dira beraien edertasunagatik. Azken horien kasuan, XVII-XVIII mendeetan eraikitako Samaniegotarren jauregiaren aurrealdean gelditzera gonbidatzen zaituztegu, bere armarri eta burdinez eginiko balkoiekin gozatzera.

Erlijiosoei dagokienez, Gurutze-Santuaren Idorokundeari eskainitako parrokia-eliza dugu, XV. mendearen bigarren erdialdean jasoa. Gainera, aparteko xehetasuna aurkituko dugu elizaren alboan; hain zuzen, erloju arraro batetan Papamoscas deitzen duten pertsonaia ezagunak bere besoak mugituz orduak ematen ditu.

Bestalde, ezin aipatu barik utzi Maeztuko Errotaren, San Joanen eta Burdinolaren zubiak eta baita bisitariak herrian zehar banatuta aurkituko dituen iturri ezberdinak ere, horien artean 1865eko Zortzi Hodiko iturria nabarmentzen delarik; hau, plaza nagusian aurkituko dugu.

Ezezagun genituen txokoak ezagutzea lortu dugu beste behin ere. Hori bai, ezbairik gabe, ihes egin dizkiguten detaileak egongo dira, hortaz, animatu bertaratu eta haiek aurkitzera!

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio-Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Goierri ezagutuz
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com