Txosten honetan aurkituko duguna istorio bizi eta xume bat da, garbia, hunkigarria eta indartsua. Lurralde urrun eta ezezagun batetik etorritako haur baten gorabeheren berri izango dugu Ixiarren eskutik.
Ixiar zazpi urteko neskato bat da. Eskolara sartzen den momentu berberetik txunditu egiten du atzerritik etorritako neskatilak, bai fisikoki nola jarrera arraroagatik. Imajina ezin dezakeen beste mundu bat ezagutzeko aukera ematen dio, eta elkarrekin eraikitzen doazen harremanaren bitartez, apurka, irudikatzen joaten den infernu txiki bat datorkio begietara.
![]() |
|
| Argazkia: kaleid |
Ixiarren begirada garbiaz baliatuz atzerriko neskatoaren bizimodua ezagutuko dugu, horrek kultura ezberdinen arteko talka fenomenora hurbilduko gaitu, bertakoen erreakzioak nolakoak diren kanpotik etortzen zaizkigunekiko eta horren zergatietara; garapeneko bidean aurkitzen diren herrialdeen egoera xelebrera hurbilduko gara, non naiz eta ekonomikoki txiroak izan, gizakiaren garapenaren bidean beste hainbat alorretan aberatsak izan daitezkeen; azkenik, neskatila hain desberdinen artean gertatzen diren istorioek, herrialdeen arteko harremanak nolakoak diren ezagutzera eramango gaitu, harreman horien desoreka eta bidegabekeriaren erakusgarri.
Infernu horretatik bere laguntxoa salbatzeko gai izango al da Ixiar? Edo
bera ere bertan erori eta galdu egingo al da?
Herrialde ekonomikoki txiro eta aberatsen arteko harremanen ezaugarrien
azalpena, bai urruntasunean baita gertutasunean ere, zazpi urteko neskatila
baten eta bere ikasgelara atzerritik etorritako neska koxkor baten arteko
topaketatik abiatuz.
Gaur ume berri bat etorri da eskolara eta oso guapa da. Oso guapa da ze gainontzeko haurrak ez bezala beltza da. Edo marroia. Zumaiako hondartzan urertzean hareazko gazteluak egiten ditudanean, eta aitatxorekin burrukan bukatzean gorputzak hartzen didan kolorekoa. Txokolatezkoa. Amonak hartzen duen txokolate a la taza lodi horren kolorekoa. Marroi marroia.
Ogia du izena eta andereñoak aterki bat duela esan digu. Nire aitatxok aterkiari guardasola deitzen dio eta badu bat futbolera joaten denean eramaten duena ikaragarri handia dena. Arrasto lodikoa da, txuriak eta urdinak, familia osoa sartuko ginateke bertan, amatxo, aitatxo, aittitte, Laia txikia eta ni, futbolera joateko bakarrik erabiliko ez balu. Ez nago seguru zergatik aitatxok guardasola deitzen duen, baina ziur aski, eguzki beroak jotzen duenean ere eramaten duelako izango da. Orain arte Ogia bizi izan den herrian ere eguzkiak gogor jotzen duela esan digu andereñoak, horregatik dela txokolate marroi kolorekoa bere azala. Nire azala ere marroiagoa bihurtzen da udan kanpinera oporretan joaten garenean, eta ilea ere argitu egiten zait. Pertsona batzuk alegiarrez hitz egiten didate alegiarra naizela uste dutelako, hainbeste horitzen baitzait ilea. Eta nik IAA! IAA! erantzun eta korrika aldentzen naiz beste ezer galdetu baino lehen, aittittek esan bezala.
![]() |
|
Argazkia: Muhammad
Adnan Asim ( linkadnan ) # 1 |
Andereñoak Ogiari esertzeko esan dionean, gela osoa zeharkatu du eta denok berari begira begira jarri gara. Herren pausoka eta euro baten bila ibiliko balitz bezala iritsi da atzeko paretaraino, aurrera begira biratu eta euroa aurkitu izan balu bezala makurtu egin da eta lurrean eseri da azkenean. Gela osoa barrez lehertzen hasi da. Andereñoak orduan buruarekin keinu bat egin dit eta Ogiarengana hurbilduz nirekin esertzeko esan diot. Besotik heltzen saiatu naiz baina lortu baino lehen lurrera botatzerainoko bultzada eragin dit. Negarrez hasi naiz.
Gaur etxean bazkaldu dut. Oso pozik nengoen beti eskolan bazkaldu ohi dudalako. Beno nire etxean ez, aittitteren etxean bazkaldu dut, osaba Aitor, izeba Nahia eta Laia txikiarekin, lehen bezala. Orain Laia txikiak bakarrik bazkaltzen du aittitteren etxean, bere izenak dioen bezala txikia delako.
Dilistak jaten ari nintzela izeba Nahiak neskato beltzarana nor zen galdetu dit. Telebistan marrazki bizidunak ikusten ari nintzen eta ez diot erantzun. Marrazki bizidunak asko atsegin ditut. Ikaragarri. Edurne Zuri, Miren Errauskin, Aiz eitx bat bi eta hiru, den denak gustuko ditut. Izeba Nahiak berriz galdetu dit neska beltzarana nor den. Sorbaldak belarrietaraino altxatu eta ahoa lurreraino okertu dut, ez nekiela adierazteko. Asko atsegin dut izeba Nahiaren ahots goxoa.
Eta Jeidik eta Pellok gabiraia lehen aldiz ikusten duten momentu berean izeba Nahiak bosgarren aldiz errepikatzen dit galdera. Baina nik ez dut erantzun nahi eta horrek amorrarazi egiten nau eta izeba Nahia ez da galdera egiteaz aspertzen. Eta bere ahotsa garraztu egiten zait belarrian eta amorrazioaren amorrazioz, urdanga bat, erantzuten diot garrasi bizian. Ez dakit urdanga bat zer den. Aittittek lo kuluxka egiteko jartzen dituen filmetan esaten dute asko, tiro eta eztanda ugari egoten diren horietakoak. Eta izeba Nahiak ez du ezer esaten. Ez du muturra okertzen. Ez du bekokia zimurtzen. Zer ba?, dio bakarrik.
Ba jo egiten du, ez daki aulkian geldi–geldi egoten, lurrean esertzen da, beltza da eta oso itsusia, bere ileak nazka ematen du, zooetako tximino bat ematen du, jo egiten du, ez daki hortzak garbitzen, andereñoak bazkaltzeko eskuak garbitu behar izan dizkio eta ez zitzaion zikina joaten, ez ditu koilara eta sardexka erabiltzen, dena eskuekin jaten du, kaka eta pixa kaleko ertzetan egiten ditu tximinoek bezala, berari ezer egin gabe jo egiten du, ez daki gurekin jolasten, tilin–talanetik zintzilik ematen du jolas ordu osoa, buruz behera, tximinoek bezala.
Zu ez zara ordea sekula zoo batean egon, izeba Nahiak. Aittittek beti esaten dit eraman behar nauela. Bartzelonan omen dago bat oso handia eta polita. Igual munduko zoorik ederrena izango da. Eta bertara joango gara aittitte eta biok eta izeba Nahia ez.
Osaba Aitor gurekin etorriko da zoora, berak oso ondo ezagutzen ditu Ogia bezalako tximinoak. Osaba Aitorrek esan zidan Ogia eskolara ekarri zuten pertsonak ezagutzen zituela, beraiekin lan egiten zuela. Esan zidan oso neskato alaia zela, eta jatorra, eta maitekorra zela. Hori beste Ogia bat izango da, esan nion nik. Eta berak ezetz, berak pertsonalki eraman zuela haurra eskolara zuzendari eta andereñoarekin hitz egin eta gero. Oso–oso gaizki bizi izan da orain arte bere herrian. Bere amatxo hil egin zen hiru urte besterik ez zituela eta bost bete baino lehen bere aitatxok lantegi batean sartu zuen, jatekorik ezer gutxi zutelako. Osaba Aitorren lagun batzuek lantegi ondoko kale itsu batean aurkitu zuten hilzorian eta beraiekin ekarri zuten gure herrira eta nire eskolara.
Eta niri kristoren kolpea eman zidan eta lurrera bota ninduen eta buruarekin mahai–ertz baten kontra eman eta odola egin nuen!!!
Munduko idazlerik onena naiz, ia faberioko hizki guztiak ezagutzen ditut eta elkarrekin, bata bestearen ondoan lotzean ematen duten soinu berri gehienak ere bai. Ni baino handiagoak diren Unai eta Alaitzek baino askoz ere hobeto idazten dut, eta denen aurrean irakurtzeko lotsa edukiko ez banu, irakurlerik azkarrena eta listoena izango nintzateke.
![]() |
|
| Argazkia: ajari |
Gaur goizean andereñoa ikasgelako lagun desberdinen izenak idazten hasi da. I ñ a k i idatzi du lehenbizi, horrela, hasierako hizkia MAIUSKULAZ. Eta gela osoak andereñoak idatzitakoaren atzetik botatzen genuen lagunaren izena. Gero E d o r t a, A i n h o a ondoren, eta P a t x i. Batzuk ia buruz dakizkit eta bigarren hizkia idazten duen bezain pronto besteei irabazi eta korrika botatzen dut izena. Baina halako batean N g idazten hasi eta denek harriduraz begiratu diogu elkarri. e y a idatzi ditu jarraian eta gelditu egin da. Ngeya. Isilune luze bat etorri da orduan. “Aingeru bat pasa da” esaten du horrelakoetan aittittek., eta punta falta zaion hatzarekin orrazten du bibotea, mukiak kentzeko erabiltzen den horrekin. Baina orraztu eta gero bibotearen ertzari punta atera ondoren ateratzen ditu aittittek mukiak. Eta ez hatz horrekin, azkazalik ez duelako, baizik eta hurrengoarekin, denetan luzeena.
Isiltasuna txilio mehe eta sarkor batek hil du. Gora eta behera, ezker eskuin miatzen hasi gara denok. Bat–batean Ogia saltoka hurbildu da arbelera, ziztu bizian, ikusi ere ez dut egin ondotik pasatzen. Arbelaren kontra hasi da ukabilkada eroak jotzen. Aittittek telebistan ikusten dituen boxeolariak baino gogorrago aritu da. “Bai Engia bai, zu zara”, esaten zion andereñoak baretu nahian. Eta beso artean hartu du eta maitekiro estutu du.
Gaur poz–pozik noa eskolara. Andereñoak bakoitzak nahi genuena eramateko esan zigun atzo. Nik nire panpina kuttunena daramat, munduko panpinarik ederrena. Denak txundituta utziko ditut. Berak bakarrik kaka eta pixa egiten du eta berak bakarrik negar egiten du eta orduan pixoihala aldatu egin behar zaio eta besoetan hartu eta apur bat kulunkatu. Eta isildu egiten da. Munduko panpinarik ederrena. Joandako Gabonetan ekarri zidan Olentzerok. Aurrekoetan ezin izan zuen oraindik existitzen ez zelako, bestela ekarri egingo zidan seguru. Eta aurreneko aldiz telebistan ikusi nuenean, gauero gauero oheratzerakoan, lo hartu baino lehen, nire indar handienez behin eta berriz eskatzen nion Olentzerori panpina hura ekar ziezadan. Ez nuen buruan beste gauzarik. Amatxok eta aitatxok iritziz aldatuko nuela pentsatzen zuten, baina ez. Eta inoiz baino hobeto portatu nintzen ordudanik aurrera. Munduko haurrik zintzoena izan nintzen. Nere ohea egunero egiten nuen, Laia txikia zirikatzeari utzi nion, afal ostean mahaia kendu eta ontzi–garbigailua jartzen nuen, den–dena jaten nuen platerean ezer utzi gabe, txintik esan gabe bainatzen nintzen afal aurretik... eta azkenean nire saria izan nuen: berak bakarrik kaka eta pixa eta negar egiten duen panpina.
![]() |
|
| Argazkia: kattibalu |
Ngeyak kutxa misteriotsu bat ekarri du. Andereñoa jolas bat antolatzen saiatu da eta ez diogu kasurik egin. Eta dantza bat erakusten saiatu da ondoren eta berdin. Normalean munduko dantzaririk onenak gara eta gustuko izaten dugu pausoak nork azkarren ikasten dituen lehiatzea. Ipuin bat kontatzen hasi da orduan andereñoa. Haur txiki bat zen protagonista eta munstro bat zegoen eta berak bakarrik ikus zezakeen eta inork ez zion telebista atzean zegoenik sinesten, edo komunean pixa egiten, edo bere ohe azpian lo egiten zuenik. Baina alferrik. Ngeyak kutxa misteriotsuan zuenaz jakiteagatik irrikatan geunden denok.
Eta Ngeyak irri egiten zuen eta bere hortz txuriak agerian uzten zituen. Inork baino txuriago zituen Ngeyak hortzak. Komuneko paretako txuritasuna zuten eta osaba Aitorrek ez zidan sinesten. Beharbada direnak baino txuriago dirudite bere azala oso iluna delako. Eta ez zidan sinesten eta nik ez nion ulertzen, nola liteke azala nik baino marroiagoa izateagatik hortzak txuriagoak izatea? Akaso hortzen barrualdea azala bezain marroia du. Sinistu gabe jarraitzen zuen. Eta nire begiez ikustea erabaki nuen. Hurrengo goizean parrez leherrarazi egingo dut eta hortzen barrualdea ikustea lortuko dut.
Bitartean Ngeyak irri egiten du, nire planen berri ez duelako, bestela... konturatua da gelako kideen irrikaz eta pozik dago bere altxorrarekin. Eta orduan andereñoak muturra sartu du, gure onerako oraingoan. Eta Ngeyari ia kutxan zer duen galdetu dio. Ngeyak irri egiten du ez dakielako andereñoak zer egingo duen oraindik. Bere ikaskideekin partekatu nahi ote duen galdetu dio. Eta Ngeyak irri oraindik. Ikasgelara ekartzen diren gauzak denek gozatzeko dira, irri oraindik, ez pertsona batek gozatzeko bakarrik, eta muturra okertu du orduan. Eskolara gauzak ikastera gatoz, denon artean, abestu egiten dugu, jolas egiten dugu, eskulanak egiten, eta dena denon artean egiten dugu gehiago ikasteko eta gozatzeko. Ngeyak bere kutxa eskuartean hartu du eta besoekin gorde du bekokia zimurtuz, eta burua ere kutxaren gainean jarri du horrela hobeto gordetzeko. Andereñoa beregana hurbildu da eta Ngeya pilota bat bezala bildu da lurrean eserita.
Batzuek “berdin da andereño, gorde dezala beretzako bere kutxa” esan dute, eta “jarraitu dezagun jolasean bera gabe. Nik ikusi nahi dut ikusi nahi dut!” garrasi egiten dute beste batzuk. “Zigorra! zigorra!” hirugarren batzuk deiadarka. Zalaparta ederra sortu da ikasgelan. Andereñoa Ngeyaren ondoan eseri da lagunkiro eta esan dio kutxan barruan dagoena erakutsi egin beharko duela, lehenago edo beranduago, onez edo txarrez. Eta ezintasunaren ezintasunaz negarrez hasi da.
![]() |
|
| Argazkia: sergis blog |
Ikasgela osoa zeharo txundituta dago Ngeyak ekarritakoarekin, berebiziko koloretako oihalak, bitxiak, lepokoak, eraztunak. Baina lepokoak eta eraztunak ez dira urre edo zilarrezkoak ez, ariaz eta zumeaz egindakoak dira. Eta munduko harri ale eta bihi ederrenak ditu ari eta zumeaz kateatuta, sekula ikusi gabe nituen korapilo bereziekin. Erakutsi erakusten ditu Ngeyak, baino ez dio inori ukitzen uzten. Niri ikaragarri gustatu zaizkit eta baten bat lortu nahi dut niretzako. Ez dago ordea Ngeya konbentzitzerik. Ez eta ez ari da, ez dituela uzten, eta gogor eusten ditu bai oihalak baita bitxiak ere. Nire panpina erakutsi diot orduan. Besoa luzatu eta trukean eskaini diot. Zein erraz saltzen gaituen kuriositateak, ez du gupidarik izaten. Horixe esaten du aittittek. Eta berehala utzi ditu lurrean bere altxorrak eta are azkarrago harrapatu dit panpina eskuartetik.
Pilak gastatzear daude eta ni ateratzen naiz irabazle truke honekin. Eta horrela gertatzen da, denbora gutxira pilak gastatu egiten dira. Ngeyak orduan panpinari kontu handiz arropak kentzen dizkio eta sakelatik ateratzen duen hari batekin arropak eta panpina neurtzen hasten da. Luzera, toki desberdinetatik hasita zabalera, eskumuturrak, txorkatilak eta horrela gorputz atal guztiak. Bere kutxa magikora hurbildu eta oihal gehiago ateratzen ditu eta eskulanak egiteko materiala dagoen apaletatik guraizeak eta horrelako hainbat gauza hartuta, bere oihalak mozten eta lantzen hasten da. Arropa osoa goitik behera berritu dio panpinari ordu erdi eskasean, miragarria izan da.
Etxera joateko ordua iritsi denean Ngeyak panpina bere arropa berri guztiarekin itzuli dit.
(Jarraituko du)