Euskonews Gaztea

134 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XVII): Goierri ezagutuz

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
  Ormaiztegi
Ormaiztegiko ikurra den zubia. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Gipuzkoan barrena mugitzea egokituko zaigu gaur eta Goierri aldera egingo dugu txangoa; bi udalerritan geratuko gara, interesezko hainbat eta hainbat gauza aurkituko baititugu. Aurrena, historiaz beteriko herrixka bat bisitatuko dugu.

Zumalakarregiren atzetik

Beasain eta Zumarraga artean kakatua, aurkitzen dugu Ormaiztegi, 1300 biztanle inguru dituen herria; eta kaleetatik abiatuta, udalerria pasadizo ugariren testigu izan dela ohartuko gara. Badirudi, Erdi Aroan sortu zela Ormaiztegi, izan ere, adituek aurreneko aipamena XI. mendeko testu batetan aurkitu omen zuten. Baina hasieran herri baino, parrokia bat zela diote datuek, eta XIV. mendea iristearekin, Segurari gehitu zitzaion harik eta XVII. mendean –1615ean zehazkiago esanda- banatu zen arte.

  Merkatua
Ordiziako merkatua, 1925ean eraikia.

Bakarkako ibilbidean eta urteen joan etorriaz bere izaera propioa eskuratzen joan zen. Herri txikia bai, baina bizipen asko jaso dituen tokia dugu; aipagarrienen artean, 1813.urteko Independentzia gerlan, tropa frantses eta nafarren arteko borrokaldi bat eman zela. Bestalde, ormaiztegiar famatu bilakatuko zen Tomas de Zumalakarregi jeneralaren sorlekua ere bada Ormaiztegi; hain zuzen Iriarte Erdikoa Etxean jaio zen 1788. urtean. Etxe horretan, gaur egun gizon horren omenezko museoa dago, eta urtero ehunka lagun jasotzen ditu euskaldunon historiaren zatitxo hori ezagutaraziz.

Ormaiztegiren ikurra hala ere, begien bistan geratzen da. Hain zuzen, trena iritsi zen XIX. mendean Goierriko herrixka honetara eta horren erakusgarri dugu 1863.urtean Laveley arkitekto frantsesaren eskutik eraikitako 286 metrotako metalezko biaduktua; ikuspegi berezia ematen dio herriari.

  Ordizia
Ordizia, Euskal Jaietan (2004)

XIX. mendeko Ordizia

Ormaiztegi atzean utzi dugula, Ordizia aldera jarriko dugu noranzkoa. XIII. mendean Alfontso X. eskutik jaio zen eta badirudi hasieran Ordizia moduan ezagutzen zela herria. Hala ere, denbora gutxira, Villafranca ipini zioten, harik eta berriz ere XX. mendean antzinako izena berreskuratu zuten arte.

Sute handi batek herria guztiz kiskali zuen 1512. urtean eta hainbat eta hainbat eraikinen aberastasuna galtzeko zorian edo zuzenean galdu egin zen. Esate baterako, Andre Mariaren elizarekin gertatu zen hori, XIV. mendekoa zen berez, baina gaur egunekoa XVI.ekoa da. Bestalde, bisitatzeko moduko lekua dugu udaletxea, estilo neoklasikoa duen XVIII. mendeko eraikina. Eta nola ez, merkatua; hormigoiez egina dagoen nahiko eraikin berria, 1924 eta1925 urteen artean jaso baitzuten. Hala ere, bitxikeria moduan, zutabeek xehetasun gisa kapitel korintiarrak dauzkate. Bertan baserritarren azoka egiten da.

Kostalderik eduki ez arren, txoko honetan jaiotako pertsonaia esanguratsuenetarikoa Andres Urdaneta itsasgizona dugu, mundura 1508an etorri eta bertatik 1568.ean joana. Garai hartan herria nolakoa zen zehatz ez dugu ikusiko, baina besteak beste kalean gora eta kalean behera eginez, eraikin ezberdinek jasotzen dituzten zantzuez zipriztintzera animatzen zaituztegu.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Lekeitio-Ondarroa, Mendexatik igaroaz
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com