![]() |
|
Jakin badakigu Euskal Herrian politikagintza oso presente dagoela, eta ondorioz gizarteak gertutik jarraitzen duen gaia dela; edo ez? Izan ere, ikerketa batzuek adierazten dutenez, ez dago lehen bezalako harreman esturik. Agian garaiak aldatu direlako, edo gaiarekin nekatuta gaudelako...
Datuen arabera, gaur eguneko gazteek politika urrutiko zerbait bezala ikusten dute, gehienek ez dute interesik jartzen, eta gainera horretan diharduten politikariak ez dituzte oso ongi baloratzen. Hori guztia ondorioztatu du Aztiker enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiak hala eskatuta eginiko ikerlan soziologikoan; eta horren berri eman zuten 2009ko azaroaren 12an Kursaalean eginiko Parte hartuz erabakitzen duzu ekimenean; Jardunaldian Eusko Ikaskuntzaren Gazteria Saila laguntzaile moduan aritu zen.
Zortzi mahai borobiletan banatu zituzten antolatzaileek parte hartzaileak; azken horien artean, filologoak, soziologoak, kazetariak, politikoak, ikasleak... Gehienak gipuzkoarrak ziren arren, EHUn Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasten diharduten gazte taldea ere animatu zen ekimenean parte hartzera; euskaldunekin batera, kantabriarrak edota katalanak ere bertaratu ziren.
Goizeko 9:00etan hasi eta 18:00ak arte, hainbat gai landu ziren Donostian. Hasiera ekitaldian Foru Aldundiko ordezkari Imanol Lasak, eta Eusko Ikaskuntzako Zuzendari Kudeatzaile Josemari Velez de Mendizabalek hitz egin ostean, Igor Ortega Aztiker enpresako soziologoaren txanda iritsi zen, eta bera arduratu zen ateratako ondorioen berri emateaz.
![]() |
|
| Virginia Imaz, inprobisatzen. |
Ondoren, atsedenaldiko kafearen txanda amaituta, berriro ere lanera itzuli ziren han bildutakoak; aurretik zeuden parte hartzaileei gainera, Markel Olano diputatu nagusia gehitu zitzaien. Norbere mahaian, eta bakoitzak bere burua lankideei aurkeztu ostean, aurretik Igorrek emandako datuen gainean lan egitea egokitu zitzaien bertan bildutakoei. Aurrera begira zein bide berri ireki ditzakegu gazteek erosoago parte hartzeko? galderari erantzuten saiatu ziren, eta mahai bakoitzak ideia ezberdinak jaso zituen.
Azpi–gaiak jorratu zituzten: oinarrizko balioak; gizarte gaien inguruko kezka eta inplikazioa; jarrera eta iritzi politiko orokorra; nazio auzia; gatazkarekin eta indarkeriarekin lotutako jarrera eta iritzia; jokabide politikoa; parte hartze politikoaren inguruko jarrera eta iritziak izan ziren nagusiki landutakoak.
Kursaaleko jatetxean bertan bazkaldu ostean, berriro ere ekitaldi aretora joan eta bakoitza bere mahaian eseri ondoren, Virginia Imazek Clownclusiones izeneko ikuskizuna eskaini zien bertan bildutakoei. Inprobisazioa baliatuz, goizean Virginiak mahaiak zelatatu ostean hartutako ideiekin aretoa barrez lehertzen jarri zuen.
Baina lanera itzultzeko ordua ere iritsi zen, eta mahai bakoitzean irtendako ideia nagusiak besteekin konpartitu zituzten. Ondoren, guztien artean eztabaidatu eta amaiera eman zitzaion ekimenari.
Gazteak eta politikaren artean jarrera aldaketa bat emateko hausnarketa egin eta egoera hobetzeko ideiak bota zituzten, aniztasunetik, jardunaldian. Orain, gizartearen esku dago aldatzea; baina norena da ardura? Politikoena? Gazteena? Guztiena??