Euskonews Gaztea

133 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XVI): Lekeitio-Ondarroa, Mendexatik igaroaz

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Proposamen berri bat egin nahi dizuegu gaurko honetan. Baina horretarako aulkitik jaiki eta Bizkaiko kostalderaino joan beharko gara, Lea–Artibai eskualderaino hain zuzen. Kantauri itsasoa testigu dutela, bertako hiru herriz gozatzeko parada edukiko dugu.

Lekeitio  
Lekeitio. Argazkia: Andyrob

Modu honetan, Lekeition geratuko gara aurrenekoz. Herri anitz ezaguna dugu, esaterako, urtero irailean egiten duten Antzar Eguna dela medio. Denboran atzera egin eta hiri titulua emakume batek eman ziola erakusten dute datuek; hain zuzen 1325. urtean Maria Diaz Harokoaren eskutik iritsi zitzaion izendapena. Hala ere, gizakiaren bizitoki izan da Lekeitio Goi Paleolito garaitik, Joxe Miel Barandiaranek Lumentza mendian dagoen Lumentxa kobazuloan aurkitutako aztarnek adierazten duten moduan.

Baina gaur egunera itzulita, kalean gora eta behera ibiltzeko hautua egiten badugu ez zaigu damutuko, ezta portualdera joatea erabakitzen baldin badugu ere; Lekeitiok txoko ikusgarriak gordetzen baititu bere baitan. Arrantza nagusi den herrian Jasokundeko Amabirjinaren Elizarekin egiten dugu topo. Gotiko estiloko eraikin erlijiosoa, 1287an kontsakratu zuten; 1488an berreraiki eta 1504an handitu; bere paretek hitz egingo balute, mendeen joan etorriaz hamaika istorio izango lukete kontatzeko!

Baina bestelako eraikinek ere gure arreta piztuko dute. Horien artean, udaletxea –XV.mendekoa– edota Uriarte Jauregia –XVII. mendean eraikia eta monumentu nazional izendatutakoa. Azken begiratu bat emango diogu herriari gure bideari ekin aurretik, eta Garraitz edo San Nikolas uhartearen presentziaz gozatuko dugu.

Argazkia  
Ondarroa. Argazkia. Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Kostatik barrura, eta berriz itsaso aldera

Mendexa izango da gure bigarren geralekua. Aspalditik daukagu herriaren berri, paperek adierazten duten 1545. urtean eraikia izan zela San Pedro parrokia; barruan, Amabirjinaren aspaldiko irudi bat dago, XIII. mendekoa hain zuzen. Hala ere, herri hau ez dugu itsasertzean aurkituko; ezen labarrak direla medio, barrualderago eraiki zuten toki hartara iritsitako aurreneko gizon–emakumeek eta ondorioz, muino batean dago herrixka.

Eta nahiz eta udalerria tontortxo batean egon, aipatzekoa da herriari dagokion Karraspio hondartza entzutetsua, non udan jende asko eta asko biltzen den egun pasa polit bat egiteko.

Baina ez gara hemen geratuko eta Gipuzkoarekin muga egiten duen Ondarroaraino abiatuko gara; 1327ko irailaren 28an lortu zuen hiri–gutuna eta 1335ean berriz, harresia eraikitzeko baimena eman zioten. Historian zehar hainbat gertakari latzen testigu izandakoa, aipagarrienetarikoa XVIII. mendean –1794ko abuztuaren 28an– armada frantsesak herriari su eman zionenekoa da.

Argazkia  
Ondarroa. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

 

Mendeetan tinko mantendu da arrantza tradizioa udalerri honetan, eta hala, bere ekonomia sektore honetan oinarritu da batez ere; kontserba–industria daukate edota alturako arrantza portu garrantzitsua, besteen artean. Kaleak maldan eraikita daude kostako beste zenbait herri moduan, baina hori oztopo barik, abenturatxo bat ere bihur daiteke eta zergatik ez gora eta behera ibili herriko altxorren bila.

Horien artean daukagu XV. mendeko eta estilo gotikoa duen Santa Maria parrokia eta honen alboan XIX. mendea eraiki zuten udaletxe zaharra; XV. mendeko Likona Dorrea edota XX. mende amaieran Santiago Calatrava arkitektoak diseinatutako Itsas Aurre zubi zuria.

Arrantza tradizioa atzematen diren udalerrietan barneratu gara gaurko honetan, gure bazterren edertasunarekin gozatzeko tartea hartuz.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Urbasa eta Andia Parke Naturala
Gorbeia Parke Naturala
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com