Euskonews Gaztea

131 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XIV): Urbasa eta Andia Parke Naturala

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Nafarroako mendebalderaino bidaiatuko dugu gaurko honetan eta bertako leku eder eta zabal batekin gozatzera animatzen zaituztegu. Ezagutzen ez duenak, paraje zoragarria aurkituko du Urbasa eta Andia Parke Naturalean.

Trikuharria  
Urbasa mendiko Cañadan dagoen trikuharria. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

21.400 hektarea baino gehiago

Hala da; parkeak guztira 21.408 hektarea hartzen ditu, eta lau eremutan bereiz dezakegu tokia: Urbasa, Andia, Urderrako erreserba eta Limitaciones mendi ingurua. Garai desberdinetako gizon–emakumeak txundituta geratu izan dira tokiarekin; lekua zoragarria baita bisitari guztien begietara, eta baita aberatsa ere fauna zein florari dagokionez, esaterako. Eta garai desberdinak diogu, adituen esanetan orain 10.000 urte inguru dagoeneko jendea bizi baitzen zonalde honetan.

Horren erakusgarri ditugu parke natural honetan aurkitutako trikuharri, tumulu edota harrespilak. Paleolito garaia, Erdi Aroa... Askotariko aztarnak aurkitu dituzte Urbasa inguruetan Joxe Miel Barandiaranek 1921. urtean aurreneko seiak deskubritu zituenetik. Dakigun bezala, monumentu megalitiko hauei erabilera ezberdinak eman izan dizkio gizakiak, eta Nafarroako txoko honetan ere, halaxe izan zen.

Batzuetan hilobiratzeak egiten zituzten eta horren adierazgarri dira harrien azpian aurkitutako gorpuzkiak, esaterako. Bestelako testigantzak ere kausitu dituzte ikerlariek urteetan zehar: silexa baliatuz eginiko tresnak, direla aiztoak direla egunero bizimoduan erabiltzeko erreminta ezberdinak.

Orkaztegieta  
Pagoz inguratutako Orkaztegieta baltsa, Urbasan. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

Barietatea, aberats

Ezkia, lizarra, gorostia edota astigarra moduko espezieak ugariak dira parkeko lurretan; hala eta guztiz ere, ez dira gehien nabarmentzen diren zuhaitzak, pagoa baita nagusi Urbasan.

Eta haien itzaletan edota adarretan bizi diren animaliak ez dira gutxi. Makina bat espezieren bizitoki izanik, nabarmenenak hegaztiak diren bitartean –hontzak, okilak, buztanikarak, txepetxak, tuntunak, birigarro, zozo edo arrano beltza moduko espezieekin– ugaztun txiki –katagorritik hasita satorretara– zein ertainak –azeri edota otsoa kasu– ere ugari dira. Horregatik, ibilaldi bat egitera animatzen denari, gogorarazi prismatikoak eramatea.

Txangoa, Urederrara

Zalantza barik, Urbasak bisitatzea merezi duten makina bat zoko ezkutatzen ditu, eta horien artean, Urederra da ezagunena, ziur. Bakedano herriraino joan beharko dugu paseotxo hau egiteko.

Aparkaleku bat aurkituko dugu bertan eta kotxea utzita, parkingaren aldamenean seinaleztatuta aurkituko dugun bidezidorra jarraitzea besterik ez dugu egin behar. Galtzea benetan zaila den osteratxoa proposatu dizuegu gaurkoan, ia guztiok egiteko modukoa zailtasunik apenas aurkituko baitugu. Ibilaldi honen amaierak ahozabalik utziko gaitu, Urederraren ur berde urdinak parajearen benetako potentzialaz jabetzera eraman baikaitu.

Hala ere, mendi goialdetik joanez gero, Urederraren sortzeak eragindako zirkulu–erdi formako zirkua ikusiko dugu, eta hau behatzea ere, gure begientzako gozagarri izango da ziur.

  Otsoportillo
Urbasako ikuspegia, Otsoportillotik. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

Urbasa, pasarte tristeen testigu

Dena ez da edertasuna Urbasan, hain zuzen, zonalde hau gris koloreak hartu zuen 1936–1939 bitartean eman zen Gerra Zibilaren ondorioz. Parkean zehar aurki daitezkeen amildegi askotatik behin fusilatuta, hilotzak botatzen zituzten amiltokitik behera; eta zenbait ikerketen arabera, bizirik zeuden pertsonek ere zorigaizto hori paratu zuten. Batez ere bi tokitan jazo ziren gertaerak, Otsoportillo bata, eta Pilatosen Balkoia bestea. Egun, urtero ehunka pertsona bertaratzen dira desagertu haien oroimenez.

Ehunka arrazoik eraman gaitzake Urbasa eta Andia Parke Naturalarekin gozatzera; alai zein tristeak, beti ere tokiaren handitasunaz jabetzea ekarriko digu.

Informazio gehiagorako, sakatu hemen.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba–Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Valderejoko altxorra
Iratiko oihanean barna
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com