Euskonews Gaztea

129 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XII): Valderejoko altxorra

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
  Lalastra
Lalastraren ikuspegi bat.

Euskal Herria eta gure lur honek gordetzen dizkigun altxorrak ezagutzeko asmoarekin jarraituz, oraingo honetan Arabako mendebaldera joateko gonbitea luzatzen dizuegu.

Irteera honetan, gure zokorik ederrenetariko bat bisitatuko dugu, hain zuzen ere, Valderejoko Parke Naturala. Aanako Kuadrillaren barruan dago eta parkerako sarrera Lalastra herrian egingo dugu. Parketxea deituriko eraikinean askotariko informazioa emango digute hala nahi izanez gero. Esate baterako, jakingo dugu parkearen barruan lau udalerri zeudela garai batean –Lalastra bera, Lahoz, Ribera eta Villamardones– eta azken bi horiek orain 30 urte ingurutik hutsik daudela ere azalduko digute. Izan ere, beste hainbat lekutan moduan, han bizi ziren herritarrek beste leku batzuetan finkatu zuten bizitokia, eta askok hiriak hautatu zituzten bizitza berriari ekiteko.

Baina Valderejoko parke naturalaz gozatzeko hainbat ibilbide desberdin daudela ere esango digute galdetuz gero, eta benetan merezi du itzuli bat egitea paraje honetatik. Valderejo 1992. urtean izendatu zuten parke natural. Ordura arte, jende gutxi joaten zen parkeaz gozatzera, baina izendapena jaso zuenetik berriz, geroz eta gehiago dira bertaratzen direnak.

  Argazkia
Parkearen ikuspegia. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Fauna eta flora aberatsak

Bestalde, berezi da bere klimatologiarengatik –Atlantikoko eta Mediterraneoko klimen artekoa–, eta udak lehorrak eta beroak izaten diren moduan, neguan elurrak estaltzen du ingurua. Tokia ezagutzen dutenen arabera, Valderejon barneratu eta ikuskizunaz gozatzeko momenturik onena udazkena da, besteen artean paisaiak eskaintzen digun kolore festarengatik: berdea, horixka zein gorrixka, laranja... Gainera tonalitate guzti horiek eta gehiago ia parke erdia hartzen duten basoetan ikusiko ditugu, ezen Arabako txoko honetan pinudi, artadi zein pagadiak gainditzen dira espektakuluari tartea utziz.

Baina Valderejori zertzelada berezia ematen dion beste puntu bat bertako fauna aberatsa da. Asko eta asko dira bertan bizi diren animalia motak: saguzar espezie ugari, orkatzak, basurdeak, sugeak, azkonarrak eta beste makina bat ugaztun zein txori. Baina Valderejok bitxikeria handia du beste parke batzuekiko. Hain zuzen, sai arre kolonia handiek aukeratu dute parke natural honetan habia egitea eta ez da zaila labar inguruetan hegaz egiten ikustea.

Argazkia  
Sai arrea. Argazkia: Naturaren Ahotsa aldizkaria.

Denbora atzera eginez

Baina gizakiaren eragina ere nabaria da Valderejon. Aipatu dugun bezala, lau ziren garai batean parkeak batzen zituen udalerriak, eta haietatik bi gaur egun abandonatuta daude. Eraikin gutxi batzuk zutik irautea lortu duten arren, izan zirenaren hondakinak dira nagusi. Lalastratik ez oso urruti –kilometro eta erdi ingurura– aurkituko dugu hutsik geratu zen Villamardones, eta bertan, eliza izan zenaren arrastoak ikusi ahal dira, besteen artean.

Lalastratik Riberara aldiz, 13 kilometroko distantzia dago, oinez joateko ibilaldi polita, bailara zeharkatzen duen Puron ibaia jarraituz iritsiko baikara. Tartean naturak eskaintzen dizkigun aberastasunez gozatu eta gure helmugara iristerakoan, hainbat eraikinen hondakinez gain, zutik irautea lortu duen San Esteban eliza topatuko dugu. Bertan garai gotikoko horma–margoak aurkitu zituzten 80ko hamarkadan.

Isiltasunaz eta lasaitasunaz gozatzea atsegin baduzu, jantzi arropa eta oinetako egokiak eta gerturatu Valderejora. Bide batez, hango edertasuna etxerako nahi baduzu, eraman argazki kamera gainean, ziur txundituko zaituen zerbait begiztatuko duzula!

Parkeari buruzko informazio gehiago, hemen

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar
Deba-Zumaia
Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com