Euskonews Gaztea

128 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (XI): Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euskal Herriaren historian garrantzia handiko leku bat aukeratu dugu gure bisitaldiari hasiera emateko. Hain zuzen ere, Bizkaia aldera abiatu eta Gernika–Lumon egingo dugu aurreneko geldialdia, zer ikusi edukiko baitugu bertan.

Bonbek markatutako udalerria

Gernikaren sorrera ezagutzeko, 1366ko apirilaren 28ra arte egin behar dugu atzera. Datuek esaten dutenez, toki estrategikoan eraikitako herria zen, bertatik igarotzen baitziren esaterako, Lekeitio zein Durangorako bideak. Hala, merkataritzarako senarekin toki zehatz hartantxe lehenengo harria ipintzea erabaki zuten aro hartako gizon–emakumeek.

Baina garai modernoagoetara itzuliz, tristeki ezaguna da Gernika 1937ko apirilaren 26ko gertaerengatik. Orduan, Hitlerren Condor legioak Francoren babesarekin gernikarrak bonbardatu zituen eta herria suntsituta geratu zen denbora gutxian. Jende asko hil zen eta milaka pertsonek ihes egin zuten bertatik. Egia esateko, kostatu egin zen herrira normaltasuna itzultzea. Bitxikeria moduan, kaleen garbiketa preso politikoen esku egon zela aipatu.

Alegria  
Alegria jauregia, Gernikan.

Gertaera haren ondorioz, deuseztatuak geratu ziren herriko eraikin asko eta asko. Esate baterako, gaur eguneko udaletxea berez 1816koa zen, baina bonbardaketaren ondotik berreraiki behar izan zuten XX. mendean. Baina zutik mantentzea lortu zuten aspaldiko eraikin erlijioso eta zibilak ere ikus ditzakegu gaur egun. Esate baterako, XV . mendeko Santa Maria Eliza gotikoa –XVIII. mendeko aztarna errenazentistak ere baditu. Eraikin zibilen artean berriz, XVIII. mendeko Alegria jauregia edota Arriaga Etxea daude.

Bestalde, Gernikan egonda, Europa parkera gerturatzeak merezi duela aipatu; bakearen sinbolo gisa eraikita, Eduardo Txillida zein Henry Moore artisten lanak ikus daitezke bertan. Eta nola ez, Bizkaiko Batzar Nagusien eraikina eta hainbat euskaldunentzako horren sinbolikoa den Gernikako Arbola ere udalerri honetan daude. Amaitzeko, Gernikako azoka famatuak ere aipatu behar; hain zuzen, urtero urriko lehenengo eta azkeneko astelehenetan milaka pertsona batzen dituen azoka egiten da bertan, galdu ezineko ikuskizuna!

Kostaldean

Gure ibilbidean aurrera eginez Bermeora jarriko dugu noranzkoa. Haroko Lopez Diaz IIak XIII. mendean (1236an zehatzago esanda) hiribildu titulua eman zionetik gorabeherak izan dituen herria dugu. Bermeok sute ugari jasan ditu historian zehar eta horrek eragin zuzena eduki zuen udalerriaren eta nola ez, bertako herritarren bizimoduan. Erdi Aroko Bermeoren arrasto batzuk geratzen dira oraindik ere; esate baterako antzinako harresiaren ate batek zutik dirau: San Juan Ateak.

Betidanik arrantzari lotutako herria izan da Bermeo, eta portua da horren adierazgarri. Alde batetik Bermeoko kaitik baxurako barkuak irteten dira; baita alturakoak ere. Eta horrez gain, kontserba–industriak ere garrantzia dauka hemen.

Gaztelugatxe  
Gaztelugatxe. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Gainera, Matxitxako lurmuturra –hau da, Hego Euskal Herriko iparraldeen dagoen tokia– Bermeon dago, eta handik gertu, leku benetan zoragarriarekin egiten du topo bisitariak. Herri honek dituen hiru uharteetatik –Izaro, Aketx eta Gaztelugatxe– azken hori bisitatzeko aukera edukiko dugu.

Gaztelugatxe gainera iristeko, harrizko 231 eskailera igo beharko ditugu. Goialdean X. mendean eraikitako santutegira iritsiko gara, eta historiaz betetako toki hartatik euri, laino zein eguzki, Kantauri itsasoaren edertasunaz gozatuko dugu. Historian zehar hainbat eraso jasan ditu tokiak, horien artean 1782. urtean kortsario ingeles batzuek burututakoa.

Gainera, aspaldiko ohitura batek bizirik dirau oraindik Gaztelugatxen. Diotenez, goraino iristen denak desio bat eskatu dezake kanpaia hiru aldiz jotzen duen bitartean. Kondairak dio, bete egingo dela guraria, haraino igotzeko eginiko esfortzuarengatik.

Gaurko bisitaldia atsegin izan baduzue, ez galdu datorren astean Araba aldetik egingo dugun txangoa.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com