Euskonews Gaztea

127 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (X): Deba-Zumaia

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Gipuzkoako kostaldeko bi herri aukeratu ditugu aste honetan gure xedea betetzeko, Euskal Herriaz gehiago jakitea, alegia. Askok ezagutuko dituzue beren hondartzengatik, edo gaur egun horren modan dauden talasoterapia zentroengatik esaterako. Guk herriko altxorraz jabetzera gonbidatzen zaituztegu.

  Santa Maria
Debako Santa Maria eliza.

Hasiera, Deban

Gaurko ibilbideari XIV. mendeko herri honetan emango diogu hasiera; 1343. urtean eskuratu zuen hiri–gutuna. Udalerriko biztanleek arrantza, salerosketa eta nekazaritzan oinarritutako bizimodua eraman zuten mendeetan zehar eta herriak berak garrantzia handia eduki zuen toki estrategikoan egoteagatik. Hala ere, denboraren poderioz gauzak aldatu eta gaur egun, udako turismoak indarra ematen dio Debari.

Historia eta bizipen ugariko herri honetan geldialdia eginez gero, zer ikusi edukiko dugu. Antzinako aztarnekin liluratuta geratuko gara, esate baterako, Santa Maria elizara gerturatuz gero. Elizaren oinarrian XIV. mendeko eraikuntza erlijioso bat dagoen arren, gaur egunekoa XVI. mendean berreraiki zutena dugu. Gipuzkoako klaustro zaharrena aurkituko dugu bertan, altxor bat ezbairik gabe. Baina aberastasun gehiago ere jasotzen ditu bere baitan, hala nola, XVII. mendeko erretaula edota elizak dituen bost kapera ezberdinak.

Zumaia bidean, aukera anitzak

Atzean utziko dugu Deba. Puntu honetara iritsita baina, aurrera jarraitzeko bide ezberdinak proposatuko dizkizuegu. Batetik, Zumaiara oinez joan gintezke; zazpi ordu inguruko ibilbidea da –ez ahaztu arropa erosoa eta ura zein janaria hartzea! Kostalde parte honetako fenomeno geologikoak begiztatzeko parada edukiko dugu; flyscharen ibilbidea deitzen diote.

  Flyscha
Zumaiako Flyscha. Argazkia: Montxo (Juan Sánchez) (3digitala)

Bigarren aukera kotxez egitea litzateke. Modu bat edo bestea aukeratu arren, Itziarren geratzera animatzen zaituztegu bertako Andre Mariren eliza bisitatzeak merezi baitu. XV. mendean eraikia, estilo gotikoa du eta amabirjinaren irudia gordetzen du barruan.

Kotxez joanda, Zumaiara sartu aurretik Zestoara desbideratuko gara eta Ekainberrira gerturatzea aukera bikaina litzateke. Hau, Ekain haitzuloaren erreplika da, hango labar–pinturak kontserbatzeko helburuarekin sortua. Bisitatzeko asmoz bazabiltzate, jakin aurrez erreserba egin behar dela.

Gure bidean aurrera jarraitu eta Zumaiara iritsiko gara. Ezagutzen den herriaren aurreneko aipamena 1292.urtekoa dela diote adituek; fundazio gutuna 1347an eskuratu zuten zumaiarrek. Kostaldeko herria izanik, logikoa da arrantza eta honek dakartzan beste lanbide batzuk diru–sarrera izatea, nahiz eta denbora luzean nekazaritzak indarra eduki zuen.

Badago zer ikusi Zumaian. Batzuk aipatzearren, historiaz beteriko jauregi eta dorretxeak –Kondekua dorretxea (XVIII) edota Ganboatarren jauregia (XV.mendeko aztarna batzuk ikus daitezke)– alde batetik, eta eraikin erlijiosoak bestetik. Horien artean, San Pedro parrokia zein XVIII. mendeko dorretxoak dituen Oikiako San Bartolome eliza.

Baina aberastasun handiena flyscha ezbairik gabe. Hau, eremu biotopoa dugu eta labarrean gizakiaren eboluzioaren testigantza irakurri daiteke, harkaitzeko geruzak agerian geratu direlako. Mundu mailan interes handia pizten duen gaia izanda, orduan, zergatik galdu bisitatzeko aukera?

Honaino gaurko ibilbidea. Datorren astean, beste paraje batzuetara joango gara.

  Ekaingo haitzuloaren horma-irudia
Ekaingo haitzuloaren horma-irudia.
Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Baxenabarren zehar


Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com