Euskonews Gaztea

126 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (IX): Baxenabarren zehar

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Ez gara nekatzen gure lurraldea ezagutzeaz eta kasu honetan berriz ere Iparraldea bisitatzea egokitzen zaigu. Euskal Herritik egiten ditugun ibilbideetan zehar Lapurdi izan bazen bisitatzeko proposatu genizuen tokia, oraingo honetan Behe Nafarroan murgilduko gara, bertako parajeekin gozatuz.

  Infernuko zubia
Infernuko zubia, Errobi ibaiaren gainean.

Bidarraitik, aurrera

Halaxe da, Bidarrai herrian emango diogu hasiera gure osteratxoari. Zorteak hala izatea nahi zuelako aukeratu al dugu tokia? Izan liteke, baina egia esan tokiaren edertasunaz zerbait entzun eta gerturatzea erabaki dugu. Berez, Done Jakue bidea egiten zutenei aterpe emateko sorturiko herria da eta Errobi ibaiak zeharkatzen du alderik alde. Hain zuzen ere, honen gainean eraikitako zubi bat ikusteko geldialdia egingo dugu.

Estilo gotikoa du eta kondaira baten parte da. Izan ere, hor zehar esaten dute zubia gau bakar batean eraikia izan zela, eta lanean jardun zutenak sorginak edota lamiak izan zirela. Jatorri bitxia badu, ipini zioten izena ere ez da nolanahikoa; herritarrek, Infernuko Zubia moduan ezagutzen dute.

Atzean utziko dugu Bidarrai eta Nafarroa Behereko beste txoko batetarantz abiatuko gara. Jean Haritschelharren jaiolekua den Baigorrin egingo dugu bigarren geldiuneak, Bidarraitik 16 kilometrotara. Kasu honetan, XI. mendeko udalerriarekin egingo dugu topo. Hainbat izen eduki ditu historian zehar, Sainy Esteban de Bayguer (XIII), Vaygurra (XV) eta noski, Baigorri.

Etxaluz  
Etxautzeko gaztelua. Argazkia: Gaizka Garamendi. (3digitala)

Borroka ugariren testigu izan den herriak, zonaldeko lur eremu zabalena dauka. Bere altxorren artean, ia moldatu gabeko paisaia aurkituko dugu, eta mendia atsegin duenak, Donibane Garazirekin muga egiten duen Munhoara igo eta tontorrak dituen 1.021 metroetatik sekulako ikuspegia edukiko du.

Baina badago zer ikusi herrian bertan, horien artean XII. mendeko Doneztebe eliza, herritik zehar sakabanatuta dauden XVI eta XVIII. mendeetan zehar eraikitako etxeak zein Etxauzko Gaztelua. Azken honi dagokionez, 1989an monumentu babestu izendatu zuten. Sortzez, XI. mendekoa izan arren, 1555ean berritu zuten; bi pisu ditu, bi dorre eta bi talaia ditu eta benetan merezi du bisitatzeak.

Bagoaz Baigorritik eta gaurko txangoa Donibane Garazin –Nafarroa Behereko hiriburuan– amaituko dugu. XI. mendean eraikitako udalerriari foruak eman zizkioten XIV. mendean eta modu horretan hiriak berak azoka zein harresien kontrola eskuratu zuen.

Goazen bada amaitzera. Donibane Garaziko hiribilduan galduz, Alde Zaharreko kaleek jariatzen duten xarmaz gozatuz, XVII. mendean eraikitako gotorlekua begiztatuz...

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Uxue eta Xabier
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com