Euskonews Gaztea

125 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (VIII): Uxue eta Xabier

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Izenburu honekin badirudi anai–arreba edota neska–mutil lagun batzuei buruz hitz egingo dugula. Ez, oraingo honetan Nafarroara salto egingo dugu, hain zuzen Huescako muga aldameneraino eta han zenbait herri enblematikotan geldituko gara, hango aberastasun anitzaz disfrutatuz.

  Uxue
Uxueko ikuspegia.

Antzinako usainak

Uxue Iruñetik 57 kilometro ingurura dago eta haraino joango gara txangoari hasiera emateko. Historialariek ez dakite ziur zein urtetan sortu zuten herria –hori bai, XI. mendean jaso zuen carta puebla Uxuek, 1076an. Zehatz dakitena –aztarna ugari aurkitu dituztelako– erromatar garaian existitzen zela. Eta zorionez, gaur egun oraindik goza dezakegu zantzu haietaz.

Herri txiki batekin egingo dugu topo eta begien bistan agertuko zaigu Andra Mari Eliza indartsua. Muino garai batetan eraiki zuten XI. mendea; ondoren, azpialdean herriko etxeak kokatu zituzten. Gotorleku gisa erabili izan zuten Nafarroa eta Gaztelako gerren garaian. Hala ere ez da bisitatzea merezi duen toki bakarra. Gure asmoa udalerri honetako toki paregabe guztiak begiztatzea da, hala nola, XIII. mendeko San Migel Eliza.

Baina Uxuek badauka elezahar edo kondaira bat. Diotenez, antzina artzain batek kobazulo batetik sartu eta irteten zen uso bat ikusi eta jakin–mina piztu zitzaion eta barneratu egin zen leizean. Han, Ama Birjina ikusi zuela esaten da eta horrexegatik sinestun ugarirentzako toki berezia da Uxue.

Xabier  
Xabierko Gazteluaren ikuspegia. Argazkia:Archivo Sahats (3digitala)

Herritik irten eta Xabier alderantz abiatuko gara, gure azken helmuga. Tartean baina, deskantsu bat egiteko eta bide batez, Zangoza ezagutzeko aprobetxatuko dugu, Uxuetik ordu erdira dagoena. Hemen ere, antzinako lorratzak aurkituko ditugu, erromatarrenak zehatz–mehatz. Eta nola ez, eraikin erlijioso erraldoiak gure begien aurrean altxatuko dira. Horien artean daude esaterako, Nafarroako Erregeen Jauregia; Santa Maria la Real, XI–XII. mendeko eliza erromanikoa; XVI. mendeko udaletxea; Asiseko San Frantziskok XIII. mendean eraiki omen zuen komentua....

Baina oraindik ez da gure eguna amaitu eta Xabierreraino geratzen zaizkigun bederatzi kilometroak gauzatuta, historia kutsua darion herrira iritsiko gara. Tokiko monumentu esanguratsuena bere gaztelua da; bertan Xabierko Frantzisko jaio zen.

Gaztelua, X. mendean eraikia, arroka erraldoi batetatik sortzen da, eta hala, harria bera eraikinaren barnealderako baliatu zuten. Garai batean Nafarroako gotorleku seguruenetarikoa izan zela diote adituek. Horren erakusgarri da Fernando Katolikoak 1512tik aurrera bere segurtasuna mehatxatzen zituzten gotorrak deuseztatzeko agindua eman zuela, eta Xabierkoa horien artean zegoela. Baina Xabierko Gaztelua ez zuten guztiz eraitsi eta zorionez, gaur egun oraindik zutik diraute haren murruek; hain zuzen, XIX. mendean zaharberritze lanak egin zituzten hori posible egiteko.

Amaitu aurretik, datu bat gehiago bakarrik. Martxoan joatea erabakiz gero, lehenengo bi asteburutan urtero Xabierraldia izenez ezagunagoa den erromesaldia aurkituko duzu.

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Karrantzan barrena
San Adriandik
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com