Euskonews Gaztea

124 zbk.

Gaiak

Balendin Enbeita Bertsopaper Lehiaketa

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Algortako Bertso Eskolak bederatzigarrenez Balendin Enbeita Bertsopaper Lehiaketa antolatu du. Bi urtean behin egiten dute deialdia eta bertso–jartzaile sena piztu nahi dute ALBEko lagunek, gainera norberaren bertso–sormena paperean espresatzeko bidea ematen du sariketak.

Balendin  
Balendin Enbeita.

Nor zen Balendin Enbeita?

Bertsolaria eta idazlea izan zen Balendin Enbeita eta 1906an jaio zen Muxikan; bere jaioterrian hil zen 1986an. Taula gainera igo eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea izan zen 1929, 1930, 1958 eta 1959 urteetan. Bertso–paper ugari idatzitako gizonak gerra osteko bertsolaritza sustatu eta gainera, bertsolari eskolak sortzeko lan eskerga egin zuen.

Arrakasta izaten du bi urtetik behin ospatzen den sariketa honek eta esate baterako, aurreko edizioari dagokionez –2007an izan zela gogoratu– gazteen atalean Jone Uria, Amaia Iturriotz eta Mattin Luku izan ziren irabazleak. Helduen kategoriari dagokionez aldiz, Alaia Martin, Amaia Agirre eta Aitor Albisturrentzako izan ziren aurreneko hiru postuak, hurrenez hurren.

Sariketaren VIII.edizioan emakumeak izan ziren nagusi. Zer gertatuko da aurten? Denborak –eta epaimahaiak– esango du!

Hemen jasotzen ditugun bi bertsoak Amaia Iturriotz gazte gipuzkoarrak egindakoak dira; Burkapetik izenburua du 10 ahapaldiz osatutako sortak eta Txikitatikan edukia dut doinua:

  Lehiaketa

1.– "Kalif handia bere zetazko
tapizetan eseria."
Amets gozoa dirudi baina
gehiena ez da egia
aberatsenen azpian erruz
baitago jende eria
dirua ta miseria
erdia eta erdia.
Baina arrainak uraren pare
maite dut nik Arabia;
Erlijioak jaten ematen
dion mezkita handia.

2.– Hemen entzuten dugu senarren
aginte tonu traketsa
ez da berria emakumeen
hitz eta iritzi eza
inoren bihotz tristea ere
ez da izaten sorpresa
dena hain da aldrebesa
baina hobe dut ez kexa
gizarte latz hau egin zenetik
nire burka bezain beltza
emakumeon bizimodua
ez da batere erreza.

Parte hartu!

Animatzen al zaren Balendin Enbeitaren omenezko lehiaketa honetan parte hartzen? Ba urriaren 1era arte zeure bertsopapera bidaltzeko astia duzu. Berdin da nongotarra zaren, denontzako ateak irekita baitaude.

Informazio gehiago hemen