Euskonews Gaztea

123 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (VI): Karrantzan barrena

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euskonews Gaztean Euskal Herria ezagutzen jarraitzeko aukerari berrekiten diogu eta oraingo honetan Bizkaia aldean burutuko dugun txangoa izango dugu hizpide, hain zuzen Enkarterrietan barrena joango gara.

Basinagre  
Basinagre auzoa, Turtziozen. Bertan dago izen bereko errota.

Probintziaren mendebaldean aurkitzen da Enkarterri eta esan liteke Balmaseda duela hiriburu. Laborantza nagusi den eskualdean txakolin ekoizle kopuru handia dago; aprobetxatu bisitaldian dastatzeko!

Altxorren tokia

Gaurko ateraldia Turtziozen hasiko dugu eta lekua ezagutzen ez duenak aukera dauka gaurko proposamenarekin bertako toki liluragarriez jabetzeko. Bertan egonda, naturatik gertu sentituko dugu gure burua. Gainera, Bizkaiko udalerri honetako arkitektura azpimarragarria da ezbairik gabe. Aberastasun ikusgarriko eraikin erlijiosoak, baserriak, jauregiak eta bestelako monumentuak aurkituko ditugu. Gainera, bertako kobetan aurkitu zituzten lau trikuharri, bi menhir edota zazpi tumulu beste hainbat aztarnekin batera, eta ondorioz, ezbairik gabe Euskal Herriko historiaren testigu izan den udalerria dela esan genezake.

Arkitekturari dagokionez, Romañako San Pedro eliza da adibide garbienetariko bat. Bizkaiko Ondare Historiko izendatua, XVI. mendean eraikitakoa da eta estilo gotikoa du. Bestalde, XVI. mendeko (1692) zezen plaza, edota XVIII. mendean eraikitako Basinagreko Errota bisitatzea gomendatzen diren tokietako bi besterik ez dira.

Pozalagua  
Pozalaguako koba berezi egiten duten estalaktita eta estalagmitak. (1959)

Atzean utziko dugu Turtzioz eta Karrantza Harana alderantz jarriko dugu norabidea, 21 kilometro inguruko distantziara. Herriaren aurreneko aipamenak VIII. mendekoak dira eta bertara iristean Bizkaiko kontzejurik zabalenean sartzen garela jakitea ez dago gaizki, izan ere gutxi gorabehera 50 auzoz osatutako herria baita.

Karrantzan gaudela altxor berezi bat bisitatzeko parada daukagula entzun dugu eta guk ere Pozalaguako leizean geldialdia egitera animatzen zaituztegu; hau, 1957. urtean aurkitu zuten eta berezia da oso. Hain zuzen, 125 metro inguru dituen koban estalaktita apartak sortu dira bertako baldintza bereziak direla eta. Forma originalak osatzen dituzte goitik behera jaiotzen diren fenomeno txundigarriek, eta zenbaitetan lurrera iritsi eta sabairantz igotzen dira berriz ere.

Hemen azaldu ez ditugun ehunka toki harrigarrirekin topo egingo dugu Enkarterri ingururantz joaten garenean; soil soilik begiak ongi irekita eduki –edonon egon baitaitezke altxorrak– eta hartu horietaz disfrutatzeko denbora, merezi baitu!

Orain arteko ibilaldiak:
Butroitik Barrikara
Bastidatik Lapueblara
Bardearen itzalean
Lapurdiko mugan
Artikutza, uharte bat barnealdean
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com