Euskonews Gaztea

121 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (IV): Lapurdiko mugan

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Bizkaia, Araba eta Nafarroatik barrena ibili gara azken asteotan proposatutako txangoetan; kasu honetan berriz, gurekin batera Iparraldera etortzera gonbidatzen zaituztegu.

Ainhoa  
Ainhoako Jasokundeko Andre Mariren eliza. Argazkia: Kepa Etchandy (3digitala)

Lapurdi eta Nafarroako mugetan

Emakume izena duen herria aukeratu dugu egunari hasiera emateko; hala, aurreneko geldiunea Lapurdi barnealdean, Baionatik 31 kilometro ingurura dagoen Ainhoa herrian egingo dugu. Bertara gerturatzen garen heinean ingurunearen edertasunaz jabetzen joango gara, naturarekin kontaktu zuzenagoan gaudela irudituko zaigu ziurrenik; ezen, Hego Euskal Herritik joaten baldin bagara, gure artean horren ohikoa den industrigune zein zaratatik urruti egongo garela antzemango dugu.

Xareta eskualdeko herri txiki honen aurreneko testigantza XIII. mendekoa da, garai hartan sortu baitzuen herria Urdazubiko priore–etxeak eta diotenez, xedea Compostelako Santiagora joateko bide berri bat zabaltzea omen zen. Hala ere, jakin behar dugu Ainhoak ez dituela garai hartako eraikinak kontserbatzen, izan ere XVII. mendean jazotako Hogeita Hamar Urteko Gerraren ondorioz herria berreraiki behar izan zuten, deuseztatua geratu baitzen.

Herri liluragarri honetan, XVII. mendean berritutako eta XIV. mendeko absidea mantentzen duen Jasokundeko Andre Mariaren eliza ikus dezakegu esate baterako. Baina altxorra kalean gora eta behera ibiltzean topatuko dugu, arkitektura eder eta etxe aurrealdeen edertasuna hain zuzen.

Txangoarekin jarraitu eta Ainhoa atzean utziaz, Nafarroara igaroko gara, Xareta eskualdean jarraitzen dugun arren. Urdazubi horren gertu egonda eta ezagutzea merezi duen herria izanik, aukera aprobetxatzea gomendatzen dizuegu. Axular euskal apaiz eta idazlearen sorterrian gaude eta nahi izanez gero egun zutik dirauen bere baserrira gerturatu gaitezke. Gainera, 1713ean eraikitako errota eta XVIII. mendeko Mitxelena Etxea edota Urdazubiko leizeak dira gomendatzeko moduko tokiak, besteen artean.

Helmugarantz

  Larrun
Larrun mendia atzealdean.

Herria utzi eta Dantxarinea auzotik pasata, Sararantz abiatuko gara, gure azken jomugarantz. Hamabi kilometro eta erdira dagoen udalerri lapurtarra, Larrun mendiaren magalean aurkitzen da eta intereseko makina bat txoko dauzka bere baitan.

Horien artean, euskal kultura tradizionalean oinarritzen den Ortillopitz etxea daukagu eta bertara gerturatuz gero, aspaldiko bizitzaren testigantza eskuratzeko bidea izango dugu. Hau da, toki berean ukuilua, ogi–labea, sutondoa zein dolarea begiztatuko ditugu, besteak beste. Sarako leizeetara joatea ere aholku ederra izan liteke, duela 47.000 urte inguru sortutako tokia baita; bisitaldia historiaurreko asaben berri edukitzeko aukera paregabea da.

Herria Larrun mendiaren magalean dagoela aipatu dugunez, egun pasari amaiera tontorrean ematea ederra izango dela iruditu zaigu. Oinez igo daiteke, baina xarma berezia duen trena hartzea hautu aproposa da. Hala, 1924ko ekainean ireki zen trenbide berberetik, astiro–astiro hogeita hamar minutuan 905 metrotara iritsiko gara baina bien bitartean pasaia bikainarekin gozatzeko okasioa izango dugu eta handik ikuspegi zabalagoaren testigu izango gara.

Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com