Euskonews Gaztea

120 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (III): Bardearen itzalean

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Arabar Errioxako mugan egin genuen azken ibilaldia eta oraingo honetan Nafarroa muturrera egingo dugu salto, Erriberara hain zuzen. Bardeak eta inguruko herriak ezagutzeko egun pasa eder bat proposatzen dizuegu hala.

  Argazkia
Hamazazpi arkutako zubia. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)

Basamortu ondotik

Tuteraraino abiatuko gara aurrena, Iruñetik 97 kilometrotara; Nafarroako bigarren udalerririk garrantzitsuena da hiriburuaren ostean –gutxi gorabehera 44.000 biztanle ditu. Aipagarria da, VIII. mendetik XII. mendera bitartean arabiarren eskuetan egon zela, bai Tutera eta baita inguruak ere; orduan, Nafarroako Erresumaren parte izatera itzuli zen. Horrek ez zuen eragotzi hala ere, bizikidetza eredugarri bat eramatea, eta hala musulman, judutar eta kristauak batera bizi izan ziren XVI. mendera arte. Adibide bat jartzearren, meskita bat ere egon zen garai batean.

Erriberako herririk handienean barrena murgiltzen baldin bagara, ikustea merezi duten hainbat leku aurkituko ditugu. Ohiko moduan, batzuk erlijiosoak izango dira, besteak berriz, zibilak. Aurrenekoei dagokienez, gure proposamenak IX. Mendeko Santa Maria Katedrala –hau meskita bota eta haren gainean eraikitakoa– edota XII. mendeko Santa Magdalena Eliza dira.

Baina baditugu beste hainbat toki bisitatzeko. Hala nola, XV. mendeko Dekano Jauregia –gaur egun Tuterako museoa hartzen du bere baitan–, artelan inpresionistez betetako Muñoz Sola Museoa, Hamazazpi arkuz osatutako zubia, Foruen enparantza eta abar.

Iparralderantz

Atzean utziko dugu Tutera, eta eguneko bigarren geldialdirantz abiatuko gara. Modu horretan, 14 kilometrotara dagoen Arguedas herria bisitatuko dugu. Oinez joanez gero, ia hiru ordutako ibilbidea izango dugu aurretik; autoz berriz, 17 minututan iritsiko gara.

  Argazkia
Yuko Birjinaren Ermita. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)

Herri txiki eta atsegina da. Harriek hitz egingo balute, zer ez lukete kontatuko! Izan ere antzinakoa dugu Arguedas, Burdin Aroko eta Erromatar garaiko aztarnak baitaude. Han gaudela, mende ezberdinetako aurrealdea daukan udaletxera gerturatu gaitezke; alde bat XVI. mendekoa, eta bestea XVIII.ekoa. Kalean gora eta behera egin eta etxeei begiratu bat botatzea ere interesgarria suertatu liteke, XVIII. mendeko jauregiak begiztatuko baititugu, bakoitza bere armarriarekin apainduta.

Ezin gara Arguedasetik joan Yugoko Birjinaren ermitatik igaro gabe; eraikinik bereziena dela gehitzea ez dago soberan. Pedro de Arrese arabarrak diseinatu zuen XVII. mendean; Bardea zaintzen du muino batetatik eta adituen esanetan, morturako sarrerarik errazenetariko da. Elizari izena ematen dion Amabirjinari eskainitako barroko estiloko erretaula bat aurkituko dugu bertan.

Bisita amaituta, Valtierrarantz jarriko dugu gure norabidea. Nahiko gertu daude bi herriak, 3,4 kilometrotara besterik ez. XV. mendera arte –kaleratuak izan zirenera arte– musulman ugari bizi ziren bertan.

Bardeak oso gertu ditu eta XIX–XX. mendeetan nekazariek bertako lurrak baliatu zituzten, modu horretan nolabaiteko garapena eman zelarik. Gaurko bisitaldiko azken geltokia Santa Maria elizan egingo dugu, hau XVI. mendean jazotakoa da.

Egun pasa honetan, Bardeak zelatan izango ditugu etengabe. Datu batzuk ematearren, 1999an parke natural izendapena eman zioten; urtebetera berriz, Unescok Biosferako Erreserba. Izendapenak izendapen, egoera polemikoa ere bizi du egun inguru hark; izan ere, armadaren tiro eremua da eta badirudi hala jarraituko duela datozen urteetan. Ingurua gehiago aldatu aurretik bisitatzea merezi duen tokia, ezbairik gabe.

Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com