Euskonews Gaztea

119 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (II): Bastidatik Lapueblara

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Oraingo honetan, ibilbide berri bat egitera gonbidatzen zaituztegu.

Bastida inguruetan

Gasteiztik 45 kilometro inguru hasiko dugu txango berria, hain zuzen Arabar Errioxan kokatuta dagoen Bastidan. Nahiz eta herrian urtean zehar 1500 pertsona inguru bizi diren soilik, uda sasoian Euskal Herritik –eta baita kanpotik ere– oporraldiaz gozatzera gerturatzen den jende andanarekin betetzen da. Eta ez da harritzekoa, herriaren ingurune xarmangarriak edozein erakartzen baitu.

Argazkia  
Argazkia: Imamon

Nahiz eta Bastida eremu nahiko lauan aurkitzen den, hegoaldean Toloño mendi bikaina agertuko zaigu begien aurrean; tontorrak 1271 metroko altuera dauka, edozein mendizalerentzako erakargarri suertatuko da, ziur. Horietarikoa bazara, mendi–irteera batetarako beharrezko guztia zurekin eramateko gomendatzen dizugu. Beste aukera bat, mendi–magalean dagoen San Gines parkera joan eta ikuspegiarekin gozatzea litzateke.

Bastidari dagokionez, inguruko udalerri asko bezala, garai batean Nafarroako Erresumaren menpean egon zen. Sancho Indartsuak 1196 urtean eman zizkion herri foruak. Baina 1200 inguruan, Alfontso VIIIak bere egin zuen herrixka.

Argazkia  
Bailarako Ama Birjinaren baseliza Samaniegon.

Erdi Aroko kutsua darien kaleetatik bueltatxo bat eman eta esate baterako, Jasokundeko Andra Mariren elizan egin dezakegu geldiune bat. Hau, XVI eta XVIII mendeetan zehar eraiki zen, eta bere erakargarritasun handiena atari nagusian eta barneko erretaula barrokoan datza.

Bastida atzean utzita, Samaniegoraino gerturatuko gara. Nahi izanez gero, bidean bailarako Ama Birjinaren baselizan geratu gaitezke, Samaniegora iritsi baino lehen. Erdigunera sartuta, hainbat eraikin eder ikusiko ditugu. Horien artean, XV. mendean gotorleku izateko jaso zuten Jasokundeko eliza edota XVII. mendeko Samaniego Jauregia.

Eltziegotik amaieraraino

  Lapuebla
Lapuebla de Labarka. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Martxan jarri eta gure ibilbidearen geldiune berria Eltziegon egingo dugu. Herriari dagokionez, badaude haren gaineko aipamena egiten duten XI. mendeko agiri batzuk. Udalerri hau Nafarroako koroarena izan zen, harik eta 1461 arte hiribildu titulua eman zietenera arte. Zer ikusi ere edukiko dugu bertan, 1984an monumentu historiko eta 2002an Ondare Historiko izendatu zuten San Andres eliza esaterako. Arrazoiak ezagutzeko, bertaraino gerturatzea onena!

Noski, ardoaren lurraldean gaude, eta azken urteetan oihartzun handia eduki duen eraikin modernista aurkituko dugu Eltziegon, Frank Gehry arkitektoaren Herederos del Marques de Riscal upategia hain zuzen.

Atzean utziko dugu Eltziego eta gure helmugarantz gerturatzen joango gara. Lapuebla de Labarkak 1631n eskuratu zuen hiribildu titulua. Arretaz begiratuz gero, berpizkunde garaiko hainbat eraikinekin gozatzeko aukera edukiko dugu gure bisitaldian, bai eta jauregi barroko batekin ere. Bestalde, eraikuntza erlijiosoek izaten duten aberastasun arkitektonikoaren isla XVI. mendean eraikitako Jasokunderen elizari erreparatuz aurkituko dugu.

Euskal Herriko zatitxo hau ezagutzeko aukera badaukazue bertaraino gerturatzera animatzen zaituztegu. Bide batez, Arabar Errioxan egonda, patatak errioxar erara jateko aprobetxatu, ukitu bereziz betetako platera baita.

Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com