Euskonews Gaztea

119 zbk.

Gaiak

Amaiurko Gaztelua

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Indusketen bidez historia hobeto ezagutzeko aukera edukitzen dugu. Nahiz eta datu ugari liburu edo bestelako izkribuetan egon, lagungarria zaie adituei tokian tokiko ikerketak egitea. Horren eredu dugu Euskal Herrian Aranzadi Zientzien Elkartea esaterako, eta 2006an horren entzutetsua zen Amaiurko gazteluaren inguruko indusketak egiten hasi ziren.

  Amaiur
Amaiurko ikuspegia.

Amaiur Baztango bailaran aurkitzen da, eta bertan bizitako borrokengatik egin da ezagun batez ere. Izan ere, historialarien arabera, XVI. mendean Nafarroa Gaztelako Erresumarengandik defendatzeko azken saiakera egin zen bertan. Baina zergatik zeukan halako garrantzia herrixka horrek?

Gotorleku garrantzitsua

Eraikitze data zehatzik ez dagoen arren, bazen gaztelu bat Amaiurren XIII. mendean. Garai hartan, Iruñea eta Baiona arteko bide nagusia bertatik igarotzen zen eta gotorlekuaren funtzioetariko bat ibilbide hori egiten zutenak kontrolatzea zen, bai segurtasun aldetik eta baita merkantzien aldetik ere. Horren harira, gaztelua zergak kobratzen hasi zen eta jasotako diruaren zati bat gotorlekurako erabilia zela diote adituek.

  Gaztelua
Amaiurko gaztelua, 1637.urteko mapa baten arabera

Garai onak bizi izan zituen Amaiurko bastioiak, baina latzak ere iritsi ziren. XV. mendera arte gorabehera handirik gabe igaro zen denbora, Gerra Zibila hasi zenera arte. Gudekin, gazteluak jabe aldaketa etengabeak jasan zituen gazteluari eraso egin eta hartzea lortzen baitzuten. Hala, izenen artean dago esaterako, Peraltako Pedro –Amaiurko jauna moduan ere ezagutzen zena.

XVI. mendea ere iritsi zen eta harekin batera borroka gehiago: Nafarroako armada Gaztelako Erresumako armadaren aurka. Azken hauek 1512an ia borroka egin gabe Amaiurko Gaztelua hartu zuten. Urte batzuetara, 1521ean, Noaingo gerra eman zen bi bandoen artean eta nafarrak atera ziren galtzaile; ondorioz Nafarroa Fernando Katolikoren eskuetara pasatu zen. Hala ere, Amaiurren gotorlekura sartzea lortu zuten nafarrek; gogoratu behar da toki estrategikoa zela.

Monumentua  
Gaztelua defendatu zutenen omenezko monumentua.

Bertan egon ziren harik eta 1522an beraien etsaiek uztaila aldera Amaiurko gazteluaren kontra egitea erabaki zutenera arte. Eta barruan zeuden 200 nafarrek ahal zuten moduan eutsi zioten setioari, beti ere Nafarroako Independentzia defendatzeko azken aukera izan zitekeela baitzekiten. Baina azkenean Gaztelakoak gailendu eta Enrique de Albreten aldeko soldaduek amore eman zuten. Urte hartako abuztuaren 12an su eman zioten gotorlekuari.

Gudu horren omenez, oroigarri bat jaso zuten 1922an Amaiurko muinoan, baina 1931ko uztailaren 26–27 gauean dinamitaz suntsitua izan zen. Azkenik, 1982ko urriaren 10ean berriro ipini zuten. Bestalde, 2007ko uztailaren 27an Erresistentziako kide ezezagunari monumentua jaso zuten.

Indusketen emaitzak

Hasieran aipatu moduan, Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketak burutu zituen 2006tik 2008ra bitartean Amaiurko muinoan eta ezusteko bikaina hartu zuten. Izan ere, ordura arte pentsatzen zutena baino aztarna gehiagorekin egin zuten topo. Hala, ohiko aztarnez gain, –orduko faunaren hezurrak, txanponak, balak...– eraikinaren egitura oso egoera onean zegoela jabetu ziren, hainbeste denbora lur azpian igaro ostean normalean harri soilak aurkitzen dituztela kontuan hartuz. Eta badirudi, kanoiek jaurtikitako erasoaren aztarnak ikus daitezkeela murruetan.

Historiaren irakurketa berrituarekin, mendeetan atzera egiteko okasioa, beste behin ere.